Organismoez

César Tomé López

XVIII. mendearen amaieran, gero eta naturalista gehiagok baieztatzen zuten izaki bizidunek badituztela objektu bizigabeetatik garbiki ezberdintzen dituzten bereizgarriak.

Irudia: XX. mendeko 20ko urteetarako, organismo bat osatzen zuena antolaketa konplexu, espezializatu eta hierarkiko bat zen, egiturak eta funtzioak koordinatzen dituena.

Ezaugarri horietako nagusia animaliek zein landareek agertzen zuten barne “antolaketa” izango zen; naturalistak “organismoak” esaten hasi zitzaizkien. Izendapen horrek naturaren hiru erreinutako ohiko banaketa berregituratzen du eta egun dirauen banaketa azpimarratzen du: bizirik dagoenaren eta bizirik ez dagoenaren artean.

1800 urtearen inguruan, naturalista batzuek ―Georges Cuvier besteak beste― “antolaketa” organoen barne-kokapen gisa ikusten zuten, ezinbestekotzat jotzen zena bizitzaren oinarrizko ezaugarriak agertzeko. Cuvierren ustez, animalien eta landareen anatomia konparatzaileak agerian ipintzen zuen bazeudela atalen elkarrekiko mendekotasuna gidatzen zuten arau batzuk. Arau horiek fisika-zientzietan agertzen zirenak bezain zehatzak ziren.

Arau horiek berebiziko eragina izan zuten Cuvierren programa baino askoz haratago. “Ezaugarrien mendekotasunaren” legeak, adibidez, baieztatzen zuen landare edo animalia baten organo nagusietan ikusitako berezitasunek ahalbidetzen zietela anatomistei organismo osoaren egitura aurreikustea; soilik karaktere batzuk lotu ahal zitzaizkien organo nagusi jakin batzuei, bizitza posible egiteko nahitaezkoa den “atalen korrelazioa” bermatzeko.

Paleontologoek antzeko arauak erabili zituzten XIX. mende guztian zehar, desagertutako organismoen aniztasun osoa berreraikitzeko ahaleginean, hondakin fosil partzial eta sakabanatuetatik abiatuta.

Cuvierren ustez, antolaketa-legeek, baimendutako aldaketa-maila hertsiki mugatzen dutenez, ezinezko egiten dute eboluzioa. Hala ere, Jean-Baptiste de Lamarcken ustez ―Cuvierren garaikidea baitzen―, izaki bizidunen “jariakin” aktiboen berezko “higidura organiko”ek etengabeko aldaketak eragiten zituzten beren antolaketan. Aldaketa horiek belaunaldiz belaunaldi pasatu ahal ziren, beren ondorioak metatuz eta izaki bizidun horien antolaketa are konplexuago bateranzko joera sortuz. Pixkanaka, “jariakinek” forma eman omen zieten gaur egun ezagutzen ditugun organismoei.

Charles Darwinek XIX. mendearen erdiko hamarkadetan aurre egin behar izan zien erronka handienetako bat hauxe izan zen: Bizitzaren ikuspegi ebolutiboa adiskidetzea antolaketaren kontzeptu ortodoxoarekin ―tradizio anatomikoak ezarria eta enbriologiaren aurkikuntzek aberastua―. Darwinismoak gaindituko zuen erronka hori, Darwinek bera bainoago.

Ikaragarri lagundu zuten organismoaren kontzeptua aldatzen biologiaren aurkikuntzek ―1830eko hamarkadan zelula-teoriaren sendotzea, adibidez―, biokimikaren lorpenek ―XIX. mendearen erdialdetik aurrera― eta Mendelen legeen berraurkikuntzak ―1900 urtean―.

XX. mendeko 20ko urteetarako, organismo bat osatzen zuena ―eta kontzeptuaren hurbilketa antimekanizista aholkatzen zuena― antolaketa konplexu, espezializatu eta hierarkiko bat zen, egiturak eta funtzioak koordinatzen dituena. Horiek organo, zelula, ehun, kromosoma eta proteinetan eragiten dute; horiexek dira, ustez, genero eta espezieen espezifikotasunen eramaileak.

XX. mendean zehar, eta tradizio luze bati jarraiki, antolaketaren metaforak jarraitu zuen biologia- eta gizarte-zientzien arteko truke kontzeptualak errazten, bi arlootan harremanak osagaiak bezain garrantzitsuak direlako ideian oinarrituta.

Bigarren Mundu-Gerraren ondoren, informazio-zientziek plazaratutako kontzeptuak metafora hori erabiltzeko era berriak iradokitzen hasi ziren.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

——————————————–

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #229 - Zientzia Kaiera

[…] XVIII. mendearen amaieran, gero eta naturalista gehiagok baieztatzen zuten izaki bizidunek badituztela objektu bizigabeetatik garbiki ezberdintzen dituzten bereizgarriak. Ezaugarri hori animaliek zein landareek agertzen zuten barne antolaketa izango zen; naturalistak “organismoak” esaten hasi zitzaizkien. 1800 urtearen inguruan, Georges Cuvier naturalistak pentsatzen zuen atalen elkarrekiko mendekotasuna gidatzen zuten arau batzuk zeudela. Biologiaren aurkikuntzek, biokimikaren esparruko lorpenek eta Mendelen legeen berraurkikuntzak organismoaren kontzeptua aldatzen lagundu zuten. […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>