Asteon zientzia begi-bistan #230

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Fisika

Energiaren kontserbazioa Bohr-en eredu atomikoaren oinarrizko elementu bat izan zen. Proposamen horrek arazoak sortu zituen eta beraz, konponbide bat bilatu zuen: energiaren kontserbazioa mugatzea atomoak eremu elektromagnetikoarekin zituen interakzio guztien batezbestekora, horrela interakzio indibidualek ez baitzuten edukiko termodinamikaren lehen legeari jarraitzeko beharra. Werner Heisenberg-ek fisikan kontserbazio-legeak nola ulertu behar ziren aldatu zuen. Artikulu honen arabera, matematika-simetria jakin batzuk ziren, zeinak matrize batzuen adierazpenei zaizkien berezkoak, alegia, sistema fisiko bat egoera batetik bestera daramatzaten eragiketak irudikatzen zituzten adierazpenei. Eman ziren hurrengo urratsak ezagutzeko, jo ezazue “simetriak” artikulura.

Genetika

Suizidiorako joeran geneek zeresana badutela ondorioztatu dute Utaheko Unibertsitateko zientzialariek. Emaitza horretara iristeko, beren buruaz beste egin duten pertsonen DNA aztertu dituzte. Ikertzaileen arabera, bizipenek eta inguruak eragin handia dute suizidiorako pentsamenduak izaten dituztenengan, baina alderdi genetikoak ere badu zeresan handia bistan denez.

Geofisika

Neutrino atmosferikoek Lurra zeharkatzean egiten duten ibilbidea jarraituta, planetaren dentsitatearen banaketa neurtzeko gain izan dira IFIC Valentziako Unibertsitateko Fisika Korpuskularreko Institutuko ikertzaileak. Partikula horiek atzeman dituzte Antartikan dagoen IceCube behatokiari esker. Neutrino horien jatorria urruneko fenomeno masiboetan egon daiteke (supernobetan edo zulo beltzetan, esaterako), eguzkian edota izpi-kosmikoek atmosferako partikulekin talka egitean sortutako elkarrekintzan. Ikertzaileek erabili duten teknikari buruz aritu da Juanma Gallego kazetaria honetan

Klima-aldaketa

Klima-aldaketaren eraginez, Pirinioetako paisaia aldatzen ari da. Landareak eta animaliak gorago ari dira bilatzen habitat berriak, eta sektore ekonomikoetan ere ondorioak nabarmenak dira. Horren froga zientifikoak aurkeztu ditu OPCC Pirinioetako Klima Aldaketarako Behatokiak: eragina, zaurgarritasuna eta egokitzea izeneko txostenean. Publikatu dituzten datuen artean esanguratsua da 1949tik 2010era, 1,2 gradu berotu dela mendikateko batez besteko tenperatura, besteak beste. Baina badira beste hainbat aldaketa sektore ekonomikoetan, baita biofisikoetan ere.

Medikuntza

INDICATE gailua (“Minbiziaren in vitro diagnosi testa” esan nahi du) aurkeztu digute asteon. Minbiziaren diagnosi goiztiarrerako eta tratamenduen egokitzapenerako kontzeptu berri bat proposatzen da. Artikulu honen muina proiektu horren nondik norakoa azaltzea da. Hortaz, lan honen helburua da ekonomikoki jasangarria izango den eta minbizi ezberdinen azterketarako malgutasuna emango duen Lab-on-a-Chip prototipo bat gauzatzea.

Astronomia

Iruñeko Planetarioak 25 urte beteko ditu astronomia eta zientzia ezagutzak zabaltzen eta argi kutsaduraren aurka borrokatzen. Bere urteurrenarekin batera tresneria digitalizatzea lortu dute. Ez da “lan erraza” izan planetarioentzat, aretoen ezaugarriengatik: oso-oso ilunak dira, eta iluntasuna mantentzea ahalbidetzen duten proiektoreek baizik ez dute balio. Aldatu ez duten gauza bat badute: izar proiektorea, euren “harribitxia”.

Bizitzaren azken fasean dauden bi izarrek sortzen duten hautsezko errota bat aurkitu dute gure galaxian. Ikertzaileen arabera, gutxienez bietako batek gamma-izpien eztandak sor litzake, supernoba gisa lehertzen denean. Izar-sistema horri izena jarri diote: Apep. Badugu horren informazio gehiago Elhuyar aldizkariaren eskutik: Lurretik 8.000 argi-urtera dago. Sistemaren nebulosan gas-haizeek sekulako abiadurak hartzen dituztela neurtu dute: 3.400 km/s-koak. Hautsa, berriz, askoz motelago mugitzen da, 570 bat km/s-ra. Apep oso baliagarria izan daiteke masa handiko izarrak nola hiltzen diren ikertzeko.

Biologia

Zein da Lurreko biomasaren banaketa? Uste dute 555.000 miloi tona karbono dela. Horietatik %80a landareetan daude, bakterioak %15 dira eta gainerako guztia honela bananduta dago: %10etik gertu, onddoak, arkheak, protistoak, animaliak eta birusak. %60a agerian dago itsasoan edo lehorrean. Beste guztia, urpean edo lur azpian dago. Datu interesgarri gehiago aipatzen dira: Landare-biomasaren %70a zurezkoa da eta jarduera biologiko txikikoa. Horrelako jarduera dute akuiferoetan edo itsasoaren hondoaren pean dauden bakterioek. Artikulu osoan zehar ematen diren datuak giza jardueren ondorio direla badirudi. Izan ere, uste dute Kuaternarioaren bukaeran baino zazpi aldiz txikiagoa dela egungo lurreko ugaztunen biomasa.

Bioteknologia

Laborategian hazitako garun-organoideek gureen antzeko seinaleak sortu dituzte Kaliforniako Unibertsitatean. Zelula ametatik abiatuta, ehunka garun-organoide sortu eta hamar hilabetez hazi ondoren, elektroentzefalogramaren bidez frogatu dute giza garunek sortzen duten antzeko seinale elektrikoak sortzen dituztela. Euren berezitasuna da seinalearen eredua ez dela erritmikoa, giza garun helduek sortzen dutenaren modukoa, baizik eta irregularra, 25-39 asteko dituzten enbrioien antzekoa.

Berrian, Mary Shelleyk idatzitako ‘Frankenstein’ liburua izan du abiapuntu Ana Galarragak albiste horri buruz idazteko. Paralelismo zoragarri batekin aurkeztu digu albiste harrigarri hau: giza zelula ametatik abiatuta, ehunka garun organoide sortu dituztela, alegia. Kontatu digunez, ikerketa honen helburua da giza enbrioiaren garunaren garapena hobeto ezagutzea, eta autismoa, epilepsia eta halako gaitzak ikertzea.

Ingeniaritza

Titanio eta aluminio aleazio berriek hegazkinen motorren pisua %25 murriztu dezakete UPV/EHUn gauzatutako ikerketa baten arabera. Motor eraginkorrak ez ezik, CO2 emisioak eta erregaiaren kontsumoa gutxitzea du helburu. Horretaz gain, hegazkin arinagoak egiteko ezinbestekoa da tenperatura altuetan erresistenteak diren material arin berritzaileak garatzea. Titanio-aluminio aleazioek potentzial handia dute eskari horiek guztiak betetzeko.

Paleontologia

2016an aurkitutako Armintxeko grabatu paleolitikoak ikertzen aritu dira eta orain Bizkaiko Foru Aldundiak ikerketaren berri eman du. Zehazki, grabatuak egiteko teknika nabarmendu du. Kantabriako Historiaurrearen Ikerketen Nazioarteko Institutuko katedradun César González Sainzek zuzendu du grabatuen azterketa eta haren arabera, “prozedura teknikoetan dago Armintxeren bereizgarri nagusia”.

Mozketa markak dituzten hegazti eta karniboroen fosilak aurkitu dituzte Diman (Bizkaia). Iberiar penintsulako iparraldean aurkitu dituzten lehenbiziko zantzuak dira, hain zuzen. Orain arte, karniboro eta hegaztien kontsumoen zantzuak Iberiar penintsulako Mediterraneo aldean aurkitu izan dira soilik: “Ikerketa honek neanderthalen dietaren aberastasunari buruzko informazio gehigarria ematen du, eta ideia bat indartzen du: gizaki hauek inguruarekin interakzio konplexua zuten”.

Orain dela pare bat aste agertu zen albisteari heldu dio Berriak asteon, neandertalen saihets-hezurren aferari, alegia. Gogora dezagun Asier Gómez-Olivencia eta Ella Been ikertzaileek gidatutako lanean, hiru dimentsiotan berreraiki dutela neandertalaren toraxa eta horri esker, haren arnasketa aztertzeko gai izan direla. Egindako lanean ikertzaileek proposatu dute arnasteko modua ezberdina zela gaur egungo gizakiekin alderaturik. Oro har, gaur egungo gizakiarekin alderatuta, ezberdintasunak topatu dituzte.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.