Berria denak beti beldurtzen du jendea. Ezagutza eta ideia berriak plazaratzeak edo oso orokortuta dauden pentsamenduak zalantzan jartzeak beti ematen du nolabaiteko ikara, mundua jada aldatu ezin izango bagenu bezala. Zientzian nahiz Artean uneoro sortzen dira gauza berriak eta batzuetan mesfidati begiratzen diegu hein handi batean horietaz ezer ez dakigulako eta orain arte sinetsi duguna irauli egiten duelako ezinbestean; harea mugikorrean bezala sentitzen gara. Ideiak, ezagutzak eta pentsamenduak aldatzen doaz. Eta eskerrak. Getrude B. Elion biokimikaria horietako bat izan zen, zientzialari ausarta, bide urratzailea farmakologian.
40ko hamarkadan, oraindik ez zen ezagutzen helize bikoitzaren egitura molekularra (1909an identifikatu zen kimikoki eta 1953an egitura definitu zuten). Halere, zientzialariek jakin bazekiten DNAk protagonismo handia zuela bakterioen, parasitoen eta tumore-zelulen hazkunde prozesuan. Gertrude Elionek ikuspegi berri batetik heldu zion gaiari, une hartara arte indarrean zegoen “entsegua eta akatsa” baztertuz. Berak DNAren erreplikazioa blokeatu nahi zuen organismo horien hazkundea geldiarazteko (antimetabolitoen teoria). Horretarako, azido nukleikoen base pirimidiniko eta purikoen antza duten molekulak fabrikatzea izan zuen helburu, baina egitura-akats batekin, hazkundea geldi zedin horrela. Teoria barneratuta izanik, nitrogenodun oinarria zuten sendagai analogoak diseinatzen hasi zen zelula patogenoen hazkundea inhibitzeko, zelula ostalariak ahalik eta gutxien kaltetu nahian.
Gertrude Elionek bide iraultzaile bat zabaldu zuen zientzian. 50ko hamarkadan, gutxi gorabehera, hasi zen emaitzak lortzen: leuzemiaren aurkako lehenengo botika diseinatu zuen (Diaminopurine) eta horren ondotik, beste hainbat etorri ziren: malariaren aurkakoa (Pirimetamina), immunoezabatzaile bat transplanteen hartzaileentzat (Azatriopina) eta herpes birusaren erreplikazioa blokeatzen zuen sendagaia (Aciclovir) —Howard Schaefferrek sintetizatu zuen baina Elionek hori ikertu eta bere jokabidea azaldu zuen—, besteak beste. Ikerketa-lerro horren gainean lan egiteagatik jaso zuen Medikuntzako Nobel Saria 1988an, George Hitchings medikuarekin eta James Black farmakologoarekin batera.
1929ko Kraxa ez zen traba izan
Bere gurasoak txikiak zirenean AEBra emigratu behar izan zuten. Aitak hamabi urte zituen Lituanatik ihes egin zuenean. Bere ama, berriz, hamalau urterekin joan zen Errusiatik. Lotura hartatik jaio zen Gertrude Elion 1918an, New Yorken. Txikitan, irakasgai guztiak gustatzen zitzaizkion, eskolako klase guztietan gozatzen zuen; atera zituen nota bikainak horren erakusle dira. Hamabost urte bete zituenean, bere aitona hil zen minbiziak jota. Albisteak larregi atsekabetu zuen, heriotzak bere barrenak astindu zituen, bai, baina modu berean, indarra eman zion gaixotasun horren eta beste batzuen aurkako sendagaiak sortzeko. Horretarako, ikasi egin behar zuela bazekien eta hori izan zen bere lehenengo premisa, baina 1929ko Wall Streeteko porrotarekin topo egin zuen, alegia, Ameriketako Estatu Batuetako burtsan izan den ezbeharrik handienarekin. Modu oso bortitzean eragin zuen familia guztietan, eta berea ez zen salbuespena izan, jakina.
Halere, lortutako bere espediente akademikoari esker, Hunter Collegen, hiriko unibertsitate askean, hasi zen kimika ikasten. Harrigarria da baina hamabost urterekin sartu zen unibertsitatean, normalean bi gehiagorekin hasten dira gehienak. Ikasketak amaitu ondoren, Cornell Unibertsitateko Erizain Eskolan eta Dukeko Unibertsitatean fisika eta kimikako irakaslea izan zen. Erizain Eskolan ikertzaile bat ezagutu zuen, kimikari bat. Kasualitatez, haren laborategian laguntzaile bat behar zuten eta Elionek baiezkoa eman zion. Astean, 20 dolar kobratzen zituen bakarrik.
Ikasi eta ikasi, hori izan zen bere mantrarik gustukoena. Hala, aurreztutako diruarekin eta gurasoek emandakoarekin Kimikako graduondokoa ordaindu zuen New Yorkeko Unibertsitatean, 1939an. Gelako emakume bakarra zen baina horrek ez zuen beldurtu, inondik inora. Bere diziplinak eta arduraldiak fruituak eman zituen eta 1941ean jaso zuen titulua.
Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, emakume zientzialariek errazago izan zuten laborategietan sartzea, gizonak frontean baitzeuden. Lehendabizi elikagai enpresa bateko kalitate-kontrolean egon zen. Lan horrek ez zion aukerarik eman gauza gehiegi ikasteko eta horregatik utzi egin zuen. Geroago, New Jerseyko Johnson and Johnson laborategiak deitu zuen baina ez zuen asko iraun bertan, sei hilabeteren buruan enpresa deuseztatu egin zelako. Hala ere, George Hitchingsek zuzentzen zuen Borroughs Wellcome laborategian (orain GlaxoSmithKline izenaz ezagutzen dena) lortu zuen lana segidan. Bertan, mikrobiologian sakondu zuen, baita sintetizatzen ari ziren konposatuetatik ikasten ere. Bere ezagutza zabalduz joan zen: biokimika, farmakologia, immunologia eta birologia alorrak jorratu zituen han.
Botika berriak, bata bestearen atzetik
Elionek doktoregoa egiteko asmoa zuen baina aldi berean lanean ari zenez, ez zuen denbora askorik ikasteko. Horregatik, Brooklyneko Institutu Politeknikoko gau-klaseetara joateko erabakia hartu zuen. Bi urteren buruan, dekanoak adierazi zion ikasketek jardun-osokoak izan behar zutela eta ez partzialak. Ez zen hautu erraza izan zientzialariarentzat; izan ere, ez zuen lana utzi nahi, liluratik oso hurbil baitzegoen lantoki hartan. Azkenean, Borroughs Wellcome laborategian jarraitu zuen azido nukleikoen biosintesia eta horretan sartuta dauden entzimen mundua ulertzen.
1948an etorri zen Elionen lehenengo aurkikuntza: diaminopurina sintetizatu zuen, Lactobacillus casei-ren hazkundea inhibitzen zuena. Leuzemia tratatzeko egokia izan zitekeela iradoki zuten berehala. Entseguak egin zituztenean, ordea, ikusi zuten botikak albo ondorio larriak eragiten zituela. Hiru urte beranduago, biosintesi purikoa inhibitzen zituen bi deribatu lortu zituen, tioguanina eta mercaptopurina. Azken honek emaitza oso onak eman zituen leuzemia linfoblastiko akutua tratatzerako orduan. Ameriketako Droga eta Elikagaien administrazioak (FDA) botika onartu zuen laster. 1950ean, pirimetamina lortu zuen, malariaren aurkako botika, hain zuzen. Geroxeago, immunoezabatzaile batekin egin zuen topo transplanteen hartzaileentzat egokia izan zitekeena, Azatriopina delakoa. Beranduago, HIESAren aurkako lehenengo botika garatzen lagundu zuen: zidovudina.
Teorian, Elionek 1983an hartu zuen erretiroa. Halere, lanean jarraitu zuen, zientzialari emeritu eta aholkulari gisa jardun zuen bere karrera zientifikoa garatu zuen laborategian. Gainera, Dukeko Unibertsitatean medikuntza eta farmakologia esparruan irakasle egon zen. 1960tik aurrera, esaterako, Minbiziaren Nazioarteko Institutuan ikerketetan parte hartu zuen baita aholkulari-lanetan aritu ere. Modu berean, Ameriketako Elkarteko Minbiziari buruzko Ikerketaren kide eta zuzendari izan zen. Horretaz gain, Munduko Osasun Erakundeko gaixotasun tropikalen ikerketen Dibisioko zenbait batzordetako kide izan zen, baita Ameriketako Kimikako Elkartekoa ere. Zerrenda luzea da, bere ezagutzaren parekoa. Oro har, hainbat errekonozimendu esleitu zaizkio. 1990etik aurrera, Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko kide izan zen. 1991n Zientzietako Nazioarteko Domina jaso zuen eta National Inventor Hall of Fameko kideen artean, lehenengo emakumea bilakatu zen. Halaber, Washington, Brown eta Michigango Unibertsitateen eskutik Honoris causa doktoregoa jaso zuen.
Doktoregoa ez duen zientzialari batek Nobel Saria irabazten duela ikustea ez da ohikoa. Elion izan zen horietako bat. Izan ere, batzuetan ikasketak burutzearekin ez da nahikoa. Gerta daiteke adorea, jakin-mina eta iraultzailea izateak pisu handiagoa edukitzea kasu batzuetan. Elionek bide berria zabaldu zuen farmakologian eta ordainetan jaso zuen saria.
Iturriak
- Biografías y vidas: Gertrude Belle Elion
- Clickmica: Gertrude Belle Elion
- Historia de la Medicina: Gertrude Belle Elion (1918-1991)
- Huellas de mujeres geniales: Gertrude Belle Elion
- Mujeres con Ciencia: Gertrude Belle Elion, Premio Nobel en Medicina
- SINC: Gertrude Belle Elion, la hija de inmigrantes que revolucionó la farmacia
- The Nobel Prize: Gertrude B. Elion
- Wikipedia: Gertrude Belle Elion
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.