Françoise Barré-Sinoussi: GIB eta HIESAren aurkako oihu ozena

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

XX. mendeko 80ko hamarkadan, epidemia batek beldurtu zuen mundua. Europan zein Estatu Batuetan, adibidez, ez ohiko pneumoniak eta Karposiren sarkomen kasu arraroak azaleratzen hasi ziren. Zientzialariek ez zekiten nondik zetorren ezta zerk sortzen zituen ere. Erlojupeko lasterketa abian zen; harridura nagusi itxuraz osasuntsuak ziruditen gazteak hiltzen hasi zirelako.

Une horretan, Françoise Barré-Sinoussi birologo frantsesak, Luc Montaignerrekin batera, linfozitoak erasotzen zituen erretrobirus bat aurkitu zuen gongoil linfatikoak handituta zituzten gaixoetan. Konturatu zen birus horrek gaixoen immunitate-sistemari oso modu bortitzean eragiten ziola. Erretrobirus hura oso ezaguna den GIBa zen (ingelesez Human Immunodeficiency Virus HIV), HIESAren sorburua. Ikerketa lerro horretan lan egiteagatik, birusa isolatzeagatik eta identifikatzeagatik lortu zuen Medikuntzako Nobel saria 2008an, Montaignerrekin eta Harald zur Hausenekin partekatu zuena (honek Giza Papilomaren Birusa, GPB, aurkitu zuen).

1. irudia: Françoise Barré-Sinoussi 2012. urtean Washingtonen izan zen HIESAren Nazioarteko Biltzarrean parte-hartzen. (Argazkia: Michael Fleshman)

Barré-Sinoussi 1947.urtean jaio zen, Parisen. Txikitan, hiriko parkeetan animaliak eta landareak behatzea gustatzen zitzaion; halaber, naturarekiko lilura handia izan zuen hasieratik. Adibidez, Auvernian, Frantziako erdialdean dagoen eskualdean, igarotzen zituen oporraldiak familiarekin eta kanpora irteten zenean, natura begiztatzen zuen; hain zen handia bere lilura ezen intsektu txikienari ere arreta jartzen baitzion. Zientziarekiko maitasuna une hartan hasi zen ehuntzen eta eskolan jada hori nabarmentzen hasi zen: zientzia-irakasgaiak gehiago gustatzen zitzaizkion filosofia eta hizkuntzak baino.

Modu horretan, Parisko Unibertsitateko Zientzia Fakultatean lizentziatura bat egitea erabaki zuen. Karrera amaitzen ari zenean, ordea, konturatu zen laborategi batean lan egin nahi zuela eta ikerkuntzaren bidetik jotzeko aukera bazuela. Boluntario gisa hasi zen lanean oso prestigiotsua den Pasteur Institutuan, 1970ean. Une hartan, Jean-Claude Chermann taldeko zuzendaria zen, eta erretrobirusen eta minbizien arteko lotura ikertzen ari zen saguetan.

Lanean hasi eta berehala, doktorego proiektua eman zioten. Zehazki, alderantzizko transkriptasaren inhibitzaile gisa funtzionatzen zuen molekula sintetiko baten erabilera aztertu behar zuen. Izan ere, molekula hura, HPA23 izenekoa, gai zen alderantzizko transkriptasaren jarduera inhibitzeko. Halaber, saguetan egindako azterketek iradoki zuten molekulak gaixotasunaren garapena atzera zezakeela. 1974an amaitu zuen doktoregoa. Denbora tarte hartan, urtebetez AEBen izan zen doktorego ondokoa egiten, Estatu Batuetako Osasun Institutuan, alegia. Pasteur Institutura 1975ean itzuli zen eta bertan hasi zuen bere ibilbide zientifikoa, gaur arte.

GIB – Giza Immunoeskasiaren Birusaren atzetik

GIB erretrobirus bat da, kate bakarreko RNA (bere material genetikoa), hain zuzen. RNA kate horrekin batera entzima bat dago, alderantzizko transkriptasa izenekoa. Hau da, zelula bat infektatu ondoren, erretrobirusak alderantzizko transkriptasa entzima erabiltzen du ARN molekula DNA-n eraldatzeko. Gero, bere DNA zelula ostalariaren DNAn integratzen du. Birusak sortzen duen infekzioak immunitate-sistema suntsitu egiten du.

1982.urtean, Françoise Brun-Vézinetek, birusa eragiten ari zen egoera larria zela ikusita, Luc Montagnier Pasteur Institutuko taldeko zuzendariari deitu zion laguntza eske. Azken honek Barré-Sinoussiri galdetu zion proiektu honetan lan egin ote nahi zuen eta biokimikariak ez zuen bi aldiz pentsatu eta proposamena onartu zuen. Gaixotasunaren atzean erretrobirus bat ote zegoen egiaztatu behar zuten. Bada, jakin bazekiten birus horrek hiru transmisio-bide zituela: sexu bidez, odolaren bitartez eta amatik fetura (transmisio bertikala). Urte hartako abenduan, egindako behaketa klinikoek iradoki zuten gaixotasunak immunitate-sisteman eragina zuela baina kasu horretan, CD4 linfozitoen agortzeak zaildu egin zuen birusaren isolamendua zelula arraro horietan.

Hala, taldeak erabaki zuen linfadenopatia orokortua sufritzen zuten pazienteen gongoilen biopsia bat egitea. Kultiboak emaitza positiboak eman zituen; izan ere, ikertzaileek ikusi zuten alderantzizko transkriptasaren jarduera nolakoa zen, eta birusak linfozitoak nola infektatzen zituen. Birusari LAV (Lymphadenopathy Associated Virus) deitu zioten, gerora HIV edo GIB (euskaraz) izango zena, hain zuzen. Testuinguru honetan, berebiziko garrantzia zuen birus haren kanpoko itxura ikusteak. 1983an haren lehenengo irudiak lortu zituzten. Horren ondotik, urte berean, Science aldizkarian publikatu zuten artikulua, birusaren isolamendua eta bere ezaugarriak azalduz. Alabaina, hor ez zen burutu lana. Hurrengo hilabeteetan, birusaren sekuentzia genomikoa zehazten aritu ziren buru-belarri.

2. irudia: Françoise Barré-Sinoussi ikertzailea HIESAren nondik norakoak azaltzeko munduan zehar ibili da azken urteotan.

“Lasaitu gara HIESAren aurkako borrokan”

1992an, Erretrobirusen Biologiaren Unitateko buru izendatu zuten Barré-Sinoussi. HIESAren aurkako borrokan jarraitu zuen, Afrika eta Asiako zenbait herrialdetan laguntza eskainiz eta batez ere, birusaren aurkako txerto eta botika posibleak ikertuz. Biokimikari honen lanak ez du etenik izan. Egun, GIB/HIESAren aurrean, berezkoak ditugun defentsa immunitarioen papera aztertzen jarraitzen du gidatzen duen taldearekin, baita amaren eta haurraren arteko birusaren transmisioa ere. Horretaz gain, GIB duten pertsonen ezaugarriak ikertzen ari da, izan ere batzuk gai dira birusaren erreplikazioa mugatzeko antierretrobiralik erabili gabe.

Medikuntzako Nobelaz gain, azpimarratzekoak dira beste hainbat sari, hala nola Frantziako Medikuntza Akademiak eman ziona, Sovac Saria, Körber Fundazioak esleitu zion saria Europan zehar zientzia hedatzeagatik eta HIESAren aurkako Nazioarteko Elkartearen eskutik jaso zituenak, besteak beste. Honoris causa doktoregoa jaso zuen Tulane Unibertsitatearen eskutik 2009an eta 2014an, berriz, Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitatearen eskutik. Amaitzeko, Ohorezko Legioaren Frantziako Ordenaren ofizial izendatu zuten 2006an eta hiru urte geroago, komandante egin zuten. 2013an, ofizial handi izendatu zuten. Gainera, 2012tik 2014ra HIESAren Nazioarteko Elkarteko zuzendaria izan zen. Egun, Birologia Departamentuko Infekzio Erretrobiralen Erregulazioko Unitatean zuzendari lanetan dabil, Pasteur Institutuan. 240 publikazio baino gehiagoren egilekide da, 250 nazioarteko konferentziatan parte hartu du eta ikertzaileen formakuntzaz arduratzen da.

2009an egindako elkarrizketa batean, Barré-Sinoussik adierazi zuen HIESAren aurkako borrokan lasaitu egin garela. Bere ustez, gaixotasuna kroniko bihurtzen duen tratamendua izateak ekarri du jendeak arrisku handiagoa hartzea. Gainera, gogoratzen du borroka oraindik ez dagoela irabazita eta kanpaina ugari egin behar direla gizarteak kontzientzia har dezan.

Iturriak


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.