Gabonetako suizidioen mitoa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gabonetako oporraldiaren bueltan hainbat komeri izaten dira. Familiarekin egin beharreko bazkari-afariak alde batera utzita, argi dago modu askotara eragiten duela Eguberriak gure osasunean. Horrekin lotura, denok dakigu Gabonetan tristeago egoteko joera dugula eta ziur noizbait entzun duzula garai honetan suizidioak ere areagotu egiten direla.

Burumakur eta goibel egoteko garaia da eta horrek depresioak errazten ditu, bada, jende gehiago suizidatzen da Eguberrietan urteko beste edozein unetan baino. Bada, hori guztia pentsatzen baduzu, oso oker zaude.

1. irudia: Gabonak ez dira suizidio gehien gertatzen diren urteko sasoia, hori pentsatzeko mitoa dagoen arren. (Argazkia: Peggychoucair – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Blog honetara bertara duela urte bete ekarri genituen Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea. Bertan aztertzen zen Gabonetako oporren inguruan heriotza kopurua urteko maximora iristen zela eta hori ezin zela tenperatura hotzen bilakaerarekin bakarrik azaldu. Hain zuzen ere, gaia aztertu zuten ikertzaileek ikusi zutenez bada Eguberrietako oporrekin batera tenperaturarekin bat ez datorren heriotzen igoera adierazgarri bat. Hori gutxi balitz, ekarpen hartan kontatzen nuen heriotza gehien gertatzen diren urteko egunak abenduaren 25a, 26a eta urtarrilaren 1a direla. Eguberriek osasunean duten kaltearekin jarraituz, oraingoan beste heriotza faktore bat aztertuko dugu: suizidioak.

Ustea ustela da

Esan bezala, egia da jende asko goibelago sentitzen dela Gabonen bueltan, eta hori normala da, baina, datuek erakutsi dutenez horrek ez du esan nahi abendu bukaerako eta urtarrila hasierako egun horietan suizidio gehiago gertatzen direnik. Ez hori bakarrik, CDC -AEBtako Centers for Disease Control and Prevention- erakundearen arabera azaroan eta abenduan gertatzen dira buru-hilketa gutxien. Azaldu dutenez, haien buruaz beste egiten duen pertsonen gehiengoa buruz gaixo dago. Oro har, urte guztian zehar ondo sentitzen diren lagunentzat abenduan goibel egotea ez da arrazoi nahiko suizidatzen saiatzeko. Adituen arabera, Gabonetako oporraldiak dakarren estresa ez da suizidiora eramaten duen estres-mota. Aitzitik, buru-hilketak amaitzeko estresa gehiago lotzen da buruko gaixotasunekin, genetikarekin, traumekin edo armak eskuragarri izatearekin.

Hala ere, populazioaren gehiengoak uste du Eguberrietan suizidio kopurua asko handitzen dela eta ez dago batere argi zein den mito horren jatorria. Baliteke It’s a Wonderful Life filmean egotea jatorria, zeinetan antzezle nagusiak bere buruaz beste egitea pentsatzen duen Eguberriak iristen direnean. Horrekin lotuta, komunikabideek ere kalte larria egin dute eta mitoa zabaltzen lagundu dute neurri handi batean. Egindako ikerketen arabera, 2009-2010. urteen artean Eguberrietan gertatzen diren suizidioei buruz idatzitako albisteen ia %50ak mitoa zabaltzen jarraitzen dute. 2014ko datuen arabera, %70ak babesten du mitoa. Zentzu horretan, ikerketaren egileek behin eta berriz ohartarazi dute komunikabideek zirkulu anker hori eten egin behar dutela. Izan ere, suizidioan pentsatzen ari den gaixo batek neurriak hartu beharrean bere burua kaltetzen amai dezake pentsatzen badu hori dela ohikoena Eguberrietan. Buruko gaixotasun larriak dituztenak oso zaurgarriak eta sentiberak dira horrelako albisteekiko eta, hortaz, hedabideek kutsatze efektu hori gelditzen lagundu beharko lukete.

Udaberrikoan gertatzen dira suizidio gehienak

CDCk adierazi duenez, abenduan gertatzen dira buru-hilketa gutxien eta gehiengoa, aldiz, udaberrian gertatzen da. Hortaz, esan bezala, informazio desegoki horrek kalte larria egiten die suizidioei aurre hartzen lan egiten duten erakundeei. Suizidio gehienak udaberri inguruan gertatzen dira eta lurralde ilunenetan ere, Finlandia kasu, buru-hilketa gehiago gertatzen dira maiatzean otsailean baino. Hegoafrikan, adibidez, suizidioen maximoa hego hemisferioko udaberrian gertatzen dira, alegia, irailean eta urrian. Honen arrazoia hauxe da: eguraldi epelak aktibatu egiten gaitu eta, hortaz, bere buruaz beste egiteko gai ez den gaixoak energia nahikoa izan dezake udaberrian bere bizitzari amaiera emateko. Tamalez, pozik egotea espero den urteko sasoi horretan, udaberrian, depresioa dutenak are okerrago sentitzen dira.

2. irudia: Udaberria pozik egoteko urte sasoia dela dirudi eta, antza, horrek bai areagotu ditzakeela suizidioak. (Argazkia: Michael Gaida – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Jakina da Eguberrietan hainbat gaixotasun eta asaldura areagotu egiten direla, ikerketek erakutsi dutenez, baina, hori ez da suizidioen kasua. Hain zuzen ere hainbat herrialdetan egindako ikerketek antzeko ondorioak erakutsi dituzte. 2015ean Austrian egindako ikerketa zabal batek ere antzekoa erakutsi zuen: Eguberrietan urteko beste sasoietan eta jaiegunetan baino jende gutxiago suizidatzen da. Danimarkan ere ondorio berera iritsi ziren 2010. urtean eta, hortaz, ikerketa guztiek erakusten dute Eguberrietako suizidioen gorakadaren ustea mito hutsa besterik ez dela. Zentzu horretan, ezinbestekoa da mitoak ez zabaltzen jarraitzea eta benetako zientziarekin lortutako datuetan oinarritzea. Horiei esker, posible izango da suizidioak edo bestelako osasun arazo larriei aurre egitea, baina, beti bezala, ebidentzian eta datuetan oinarrituta.

Erreferentzia bibliografikoak

Sansone, R. A., Sansone, L. A. (2011). The christmas effect on psychopathology. Innovations in clinical neuroscience, 8(12), 10-3.

Plöderl Martin, Fartacek Clemens, Kunrath Sabine, Pichler Eva-Maria, Fartacek Reinhold, Datz Christian, Niederseer David, (2015). Nothing like Christmas—suicides during Christmas and other holidays in Austria. European Journal of Public Health, 25(3), 1 June 2015, 410–413. DOI: https://doi.org/10.1093/eurpub/cku169

Informazio osagarria


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.