Barbara McClintock (1902-1992): “Gene jauzilariak” eta kolorezko arto-aleak

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Hasieran Barbara ez zen Barbara izan, Eleanor baizik. Bere gurasoek izena aldatu zioten; biek ala biek argi ikusi zuten neska kementsua eta ausarta izango zela etorkizunean. Hala, izen indartsuago bat bilatu eta Barbara hautatu zuten. Izen-aldaketak amuleto gisa funtzionatu izan balu bezala, Barbara McClintock urrutira iritsi zen: Medikuntzako Nobela bakarka irabazi zuen lehen emakumea izan zen. Meiosian gertatzen diren geneen birkonbinazioa eta transposizio mekanismoak azaltzeko gai izan zelako jaso zuen saria, 1983an. Genetikan iraultza abiatu zuen.

1. irudia: Barbara McClintock neba-arrebekin 1907. urtean. Ezkerretik hasita Mignon, Malcolm Rider “Tom”, Barbara, eta Marjorie. (Argazkia: Wikimedia Commons – domeinu publikoko argazkia)

Baina izen-aldaketa abiapuntua besterik ez zen izan. Gutxika ahalmen berezi horiek jaso zituen, bai, baina ikasiz eta ikerketa ugari eginez. Bere lanak hain izan ziren garrantzitsuak, ezen 1944an Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionalean onartu baitzuten (hori lortu zuen hirugarren emakumea izan zen). Bere aurkikuntza, dena dela, ez zuten hasieratik onartu emakumea zelako. 60ko hamarkadan, François Jacob eta Jacques L. Monod zientzialari frantziarrak ondorio berdinera iritsi zirenean orduantxe egin zioten kasu, 30 urte igaro ondoren eta berak jada erretiroa hartuta zuenean.

Botanika hautatu zuen baina genetika nahiago

McClintockek botanika ikasi zuen Cornelleko Unibertsitatean, hasieratik bere amak horri uko egin zion arren. Ez zitzaion gustatzen emakume batek zientzia ikastea, ez zen batere erakargarria, ezkondu nahi duen emakume batentzat, jakina. Azken batean, eta bere amaren aburuz, zientzian aritzeak bakardadean bizitzea dagokizula esan nahi zuen. Dena den, zientzialariak ez zion kasurik egin eta graduaz gain, botanikan doktoregoa lortu zuen 1927an.

Egia esateko, genetika gehiago gustatzen zitzaion. Izan ere, kromosomen tindaketaren teknikak berak garatu zituen eta horiek dira, esaterako, egun testuliburuetan agertzen direnak. Genetikarekin izan zuen lehen kontaktua 1922. urtean izan zen, irakasle batek diziplina horretako ikastaro batera gonbidatu zuenean. Arlo hori jorratu zuen batez ere Cornelleko Unibertsitatean eta bertan zitogenetikaren aitzindaria bilakatu zen. Artoa erabili ohi zuten eredu gisa, haren kromosomak atzematea erraza zelako mikroskopio baten bidez. Barbarak ederki ezagutzen zuen artoa, eta argiro sailkatu zituen kromosoma guztiak.

2. irudia: Barbara McClintock lanean 1947. urtean. New Yorkeko Cold Spring Harbor Laborategian. (Argazkia: Wikimedia Commons / Smithsonian Institution. Domeinu publikoko argazkia)

1933an Alemaniara bidaiatu zuen eta horren ondotik Missouriko Unibertsitatean irakasle gisa lan egin zuen. Emakume izateagatik gaizki tratatu zuten bertan; behin bere departamentuko nagusiak kaleratuko zuela mehatxu egin zion bere izena zuen emakume bat ezkonduko zela egunkarian ikusi zuenean. Giroaz kexu, lan hori utzi eta Cold Spring Harbor Laborategian sartu zen ikertzaile 40ko hamarkadan. Bertan garatu zituen botanika eta genetika arloko ikerketa-lan esanguratsuenak erretiroa hartu zuen arte.

“Gene jauzilariak” eta artoa

Laborategian zegoela, artoa ikertzen jarraitu nahi zuen. Horretarako, landareak hazten hasi zen gero buruan zituen esperimentuak abiatu ahal izateko. Guztira, 100 edo 200 landare zituen soroan eta berak zaintzen zituen. Horien kromosomak aztertzean, genoma zati berezi batzuk identifikatu zituen: transposoiak. Genomaren baitan lekuz aldatzeko gai diren elementu genetiko mugikorrak dira. Prozesu horretan mutazioak sortu ahal dira, baita genomaren DNAren kantitatea aldatu ere. Lan honek azaldu zuen organismo multizelularretan zelula bakoitzaren ezaugarriak dibertsifikatu daitezkeela, baita genoma berdin-berdina denean ere. Herentziazko prozesuak azaltzeko funtsezkoa izan zen aurkikuntza hau.

Hori argi ikusi zuen artoaren landarearen genoma oinarri hartuta. McClintockek “elementu kontrolagailu” gisa izendatu zituen lehendabizi, txertatzen ziren geneetan espresioa aldatzeko gai zirelako. Esaterako, elementu transposakor horien ekintza batek sortu zuen artaburu baten arto-aleak kolorez desberdinak izatea. Hori ikusi zuenean, laster konturatu zen halako elementu genetiko mugikorrak artoaren zeluletan bazeudela eta horien jokabidea oso garrantzitsua zela genetikaren baitan topa daitezkeen hainbat prozesu azaltzeko. 1948an lortu zuen aurkikuntza hori publikatzea Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) aldizkari ospetsuan.

3. irudia: Barbara McClintock eta George Redei botanikaria 1978. urtean, Stadler Genetics Symposium ekitaldiko une batean. (Argazkia: Coe, Edward H. Jr. / U.S. National Library of Medicine. Domeinu publikoko irudia)

Genetikaren paradigma erabat aldatu zuen baina aurkikuntzak ez zuen harrera ona izan komunitate zientifikoan eta zientzialari orok baztertu zuten. Erasoak etengabeak izan ziren baina bera ez zen hondoratu eta itxaron egin zuen, pazientziaz, beste lankide batzuek berak esandako berdina ikusi zuten arte; McClintockek ingurukoei aurrea hartu ziela argi geratu zen.

Urteak pasa ahala, “gene jauzilariak” publikazio zientifiko ugaritan aipatzen hasi ziren eta orduantxe onartu zuten genetistak egindako aurkikuntza. 80ko hamarkadan eman zioten Nobel Saria, 81 urte zituela, oraindik Cold Spring Harbor Laborategian lanean ari zela. Berria eman ziotenean, intxaurrak biltzera atera zen mendira, eguneko paseotxoa ematera. Pozik zegoen baina bakarrik egon nahi zuen, hainbatetan egon izan zen moduan. Jenioaren bakardadea. Barbara.

Iturriak


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.