Astrofisika
Cassini zundak eman digu jada informazio interesgarria: Saturnoren biraketa zehatza, planetaren barne estruktura eta eraztunen adina ezagutu ahal izan dira. Emaitza esanguratsuak lortu dituzte, hala nola, eta eredu teorikoek aurreikusten dutenez, gero eta masiboagoak, orduan eta zaharragoak dira eraztunak. Eraztunek 10-100 milioi urte bitarteko adina dutela uste dute, planetak 4.500 milioi urte dituen bitartean. Baina badago misterioak argitzeko parada oraindik. izan ere, oraindik ez dute jakin nola sortu diren horiek.
Ilargian jaso dute Lurreko arrokarik zaharrena izan daitekeena, hain zuzen ere Apollo 14ko astronautek 1971an Ilargian hartutako laginen artean, jatorriz Lurrekoa den arroka bat. 4.11 milioi urte baino gehiago ditu, eta, dirudienez, talka baten ondorioz askatu zen Lurretik eta iritsi zen Ilargira. Elhuyar aldizkariak eman du berria. Ez galdu!
Kimika
Zer dago edari energetikoen atzean? Josu Lopez Gazpiok azaltzen digunez, bi lata hartzea jarraian bost kafe espreso hartzearen parekoa da. Eta ez hori bakarrik, bi latatan 30 bat azukre-koxkor daude -100-150 g azukre-. Kimikariak argi du: “Edari energetikoak kafeina eta azukre bonbak besterik ez dira”. Lata bakar batek hirukoiztu egiten du OME Osasunaren Munduko Erakundeak egun batean kontsumitzea gomendatzen duen azukre kantitatea. Beraz, edari energetikoek onetik ezer gutxi dute eta arrisku larriak ekar ditzakete kantitate handitan edaten badira.
Willy Kühnr fisiologoak “entzima” izena proposatu zuen 1876an hartzigarriak sailkatuak ziren mota bietako bat izendatzeko. Ogia altxarazten zuten agenteak ziren hartzigarriak, mahats-zukua ardo eta malta-estraktuak garagardo bihurtzen zituztenak. Denboraz, bi motak ezagutuko ziren entzima izenaz. Izan ere, “eratutako” hartzigarrietatik bereizteko ―legamiatik, adibidez―, organismoetatik beraietatik bereizezinak baitziruditen, hartzigarri “eragabeak” esan zitzaien. Eduard Buchner-ek 1900ean zelulen hartzidura askea frogatu ondoren, bereizketa hori ez zen beharrezkotzat jo.
Ingeniaritza
Berriak kontatu digunez, ‘Forbes’ aldizkariak adimen artifizialeko sistema bat eratu du kazetariei laguntzeko. Robotari Bertie izena jarri diote. Adimen artifiziala oinarri duen edizio sistema bat da eta helburua da kazetariei laguntzea. Bertiek ez ditu artikulu osoak idazten baina zirriborroak prestatzen ditu kazetariek amai ditzaten. Baina mundu honetan Bertie ez dago bakarrik. Esaterako, The Washington Posték Heliograf sistema erabiltzen du 2016tik albiste laburrak idazteko. Kazetariok kezkatuta egon beharko genuke? Adi ‘Forbes’ek eman duen datuarekin: Bertie erabiltzen dutenetik, bikoiztu egin da webgunea berriz bisitatzen dutenen kopurua.
Hondartzaren ur-xaflaren bainurako segurtasun aldea kalkulatuta, hondartzaren bainulari gaitasuna kalkulatzeko tresna garatu dute ikerketan. Bertan, Plentzia eta Gorlizko hondartzak aztertu dira. Hondartzak har ditzakeen bainulari kopurua kalkulatzea erabilgarria izan daiteke hondartza erabiltzaile mota ezberdinei zona esleitzerako orduan, segurtasuna bermatzeko. 2017 eta 2018ko tresna hau erabili izan da eta, datuen arabera, surflari eta bestelako erabiltzaileen arteko liskarrak zerora murriztu dira, uraren banaketa espazial egokiari esker.
Wifia elektrizitate bihurtzen duen antena bat asmatu dute Massachusettseko teknologia Institutuko ikertzaileek (MIT). Molibdeno bisulfuroko bi dimentsioko material batez lortu dute maiztasun baxuko seinaleak jasotzeko gai den antena merke eta malgua egitea. Elhuyarrek kontatu digu albistea hemen.
Medikuntza
Ikerketa baten arabera, erditzeko momentua gakoa izan daiteke autismoa garatzeko. Animalietan egin dituzte entseguak baina emaitzek erakutsi dute erditze-garaian garunaren aktibitatea ez murrizteak ondorioak izan ditzakeela garunaren geroko garapen neurologikoan. Oxitozina omen da giltza, Paolo Bonifazi Biocruceseko ikertzaile eta ikerketaren egileetako baten arabera: “Amak sortzen duen oxitozinak seinalea bidaltzen die haurtxoaren neuronei, erditu aurretik, haien artean seinale inhibitzaile bat zabaldu dezaten”. Ikerketaren bigarren fasean, botika baten eraginkortasuna ere probatu nahi izan dute. Ikerketaren zehaztasun gehiago ezagutzeko, jo ezazue Elhuyarren artikulu honetara.
Emakumeak zientzian
Mirari Otxandorena, fisioterapian ikertzailea doktoretza-tesia egiten ari da, eta ikertzaile batek gonbidatuta ari da orain Norvegian lanean, Norvegiako The Arctic University-ko (UiT) Gun Kristin Obergen, alegia. Duela urtebete hasi zen tesia egiten: “Hasi aurretik, garbi nuen zer gai ikertu nahi nuen, eta, nazioartean arlo horretan erreferenteak bilatzen hasi nintzenean, Norvegiako ikertzaile baten lanak aurkitu nituen”. Horri ekin aurretik, Otxandorenak Fisioterapia ikasketak Bartzelonan egin zituen eta azken urtean neurologian espezializatu zen. Haurrekin lan egin nahi zuela erabaki zuenean orduantxe hasi zen Pediatriako Masterra. Orain unibertsitateko irakaslea da eta bere tesian murgilduta dago erabat, haur goiztiarretan esku-hartze lasterrak izan dezakeen eragina ikertzen.
Biokimika
Sarritan, tratamendu onkologikoek pazientearen bizi-kalitatea baldintzatu dezakete, minbizi-zelulak kaltetzeaz gain, bestelako ehun osasuntsuak suntsitzen baitituzte. Tratamendu onkologikoek (erradioterapia, kimioterapia) estratu basaleko zelulak hiltzen dituzte eta goiko geruzak askatzen dira, pruritoa, lehortasuna, ezkatatzea edota ultzerazioa kasu larrienetan sortuz. Era berean, lan honetan aztertu dira arazo horiei aurre egiteko formulatu diren produktu berrien konposizioa. Antzinatik erabili izan diren landare-estraktuez baliatuz, larruazalaren erreparaketa-prozesua bultzatzea helburu duten formulazioak diseinatu dituzte, adibidez. Beste kasu batzuetan, landare-jatorriko konposatuez gain, bestelako molekula aktiboak erabili dituzte.
Biologia
Azken hamarkadan goi-mendiko hegaztien kopurua %21 jaitsi da Iberiar penintsulan, eta %10 Europan. Ikertzaileek uste dute klima aldaketa eta mendiko lurren erabileran eman diren aldaketak gainbehera honen atzean daudela. Unibertsitatea.net-en irakur daitekee CREAFeko eta Kataluniako Ornitologia Insititutuko (ICO) sergi Herrando eta Lluis Brotons-ek egin dute ikerketaren ingurukoak.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.