Asteon zientzia begi-bistan #243

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Genetika

Sexuaren eta geneen elkarrekintzaz mintzo da honetan Koldo Garcia. Sexua ezaugarri biologiko garrantzitsu bat bada ere, ez da guztiz ezaguna bere eragina gaixotasunak pairatzeko arriskuan, pronostikoan edota tratamenduen eraginkortasunean. Garciak azaltzen duenez, honek emakumeen osasun-arreta kaxkarragoa izatea eragin du. Hiru eredu proposatu dira ezaugarrien eta gaixotasunen gene-oinarrian sexuak duen eragina azaltzeko. Lehenengoa, Carterren efektuan datza. Bigarrena, sexu-kromosomek eragiten dute. Azkenenean, geneen eta ingurugiroaren arteko elkarrekintza gertatzen da. Sexuaren arabera gene-mekanismoak ezberdinak badira, itu terapeutikoak ezberdinak izango dira. Hortaz, sexuak ezaugarri eta gaixotasun batzuen gene-oinarrian eragina duenez, ezaugarri horiek ikertzerakoan, gero eta ohikoagoa izango da sexua faktore gisa hartzea.

Zortzi letrako DNA sintetikoa sortzea lortu dute. Egileek adierazi dute bizitzaren euskarri izaten jarraitzeko gaitasuna mantentzen duela, transkribatu eta RNA sortzera iristen baita. Elhuyar aldizkariak azaltzen digun moduan, nukleotidoen analogo berriek ez dute desegonkortzen helize bikoitzeko DNA, eta, gainera, ez dute oztopatzen transkripzioa bideratzen duten entzimekiko interakzioa. Bi ezaugarri horiek ezinbestekoak dira biologia sintetikoaren etorkizuneko aplikazioan baliagarria izateko. Orain, ikusi beharko da eta hirugarren baldintza bat betetzen den: ea mantentzen oten den RNAtik proteinak sortzeko entzimekiko interakzioa.

Biologia

Amalia Martinez de Murgia Donostiako Aquariumeko biologo arduradunari egin dio elkarrizketa Berriak. Txikitatik gustuko izan du itsasoari lotutako biologia eta beti maite izan du natura: “Argi neukan biologoa izan nahi nuela”. Aquariumean hasi aurretik Perun ibili zen, sei urtez. Eskozian, Galesen eta Ingalaterran ere egon zen ikasten. Aquariumeko lanari dagokionez, bera biologo taldearen koordinatzailea izanda, akuarioko prozesu guztiak sistematizatzea du helburu: bizidunen bilduma guztia, akuarioen mantentzea… Akuarioetan bizi diren espezieak zaintzeaz gain, ikerketak ere egiten dituzte. Horietako bat aipatzen du: “Municheko ikerlari bat dago, Martin Hess, antxoaren ikusmena aztertzen ari dena”.

Talidomida aurkeztu digute artikulu honetan. Testuan aipatzen da historian zehar segurtasunik gabeko erabilera eman diotela farmakoari. Talidomida denboraldi luze batean zehar hartzen bazen, neuropatia periferikoa sortzen zela aldarrikatzen zen ikerketa baten arabera. Urtebete beranduago hainbat haurrek beren gorputz-adarretan malformazioak zituztela ikusi zen. Halere, talidomida beste tratamendu batzuetan ere erabiltzen da, hala nola, mieloma anizkotzarena, eritema korapilodun legenarrarena, eta Crohn gaitza. Talidomidak hainbat gaixotasunen tratamenduan eragina duela ikusi da eta, horrez gain, beste hainbesterekin saiakera klinikoak gauzatzen ari dira.

Kimika

Hasiera batean, konposatu organiko iraunkorren (persistent organic pollutant, POP, direlakoen) kontrola jarri zen lehentasun gisa. Urteek aurrera egin ahala, zerrenda hau 28 konposatura hedatu da baina oraindik asko daude zerrenda horretan sartzeko zain. Halere, horiek dira kaltegarriak diren bakarrak? Ingurumenera heltzen diren kutsatzaile asko gizakiaren eguneroko jarduerak sortuak dira baina ezagutza txikia dago Pubchem eta Chemspider bezalako datu-baseetan aurki ditzakegun 70 milioitik gorako konposatuek ingurumenean eragiten dutenaz eta sor ditzaketen gaitzez. Alde ezkutu hori ezagutu nahi? Nola egiten dira konposatu horien analisiak? Jo ezazue artikulura!

Arkeologia

Europako megalitismoaren jaiolekua zehaztu du ikerketa batek: duela 6.900 urte jaio zen Bretainian, eta ondoren kontinentearen gainerako lekuetara zabaldu zen itsasoaren bidez. Orain arte bi teoria egon dira kultura megalitikoari dagokionez: Batetik, XIX. mendean eta XX. mendean indarrean zegoen teoriak zioen kultura hori Ekialde Hurbiletik etorritakoa zela, eta Mediterraneoko eta Ozeano Atlantikoko kostaldeak jarraituta hedatu zela. Bestalde, beste batek zioen kultura hori aldi berean eta toki desberdinetan garatu zela. Gaiari egindako hurbilketa berri honek 1970ko hamarkadan hasi zen finkatzen. Orain jaso diren emaitzak ikusita, baliteke biek ala biek arrazoirik ez izatea. Izan ere, Göteborgeko Unibertsitateko (Suedia) arkeologo Bettina Schulz Paulssonek idatzi du: “Arkeologoen aurreko belaunaldiak arrazoia zuen megalitismoaren kontzeptua itsasoaren bitartez hedatu zela esatean. Oker zegoen, baina, horren jatorriari eta norabideari dagokionez”.

San Vicentejoko eliza (Arabako arte erromanikoaren harribitxia) nola eraiki zen aztertzeko puntako teknologia baliatu du Amaia Mesanza topografoak. Gasteizko Ingeniaritza Eskolan topografia irakasle eta EHUko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa taldeko kide honek ondorioztatu du eraikuntza bost fasetan izan zela. Lortutako emaitzek hasierako hipotesia berretsi dute, Alean irakur daitekeenez.

Erromako Inperioa hondoratu zen iparraldeko herri barbaroek inbaditu zutenean. Hala ezagutzen dugu historia hori. Baina Euskal Herrian behintzat hezurrek kontatzen dutena bestelakoa omen da. EHUko Mineralogia eta Petrologia saileko ikertzaile talde batek garaiko lau hilerri aztertu ditu, eta, ondorioztatu dutenez, han urte luzez lurperaturiko gehienak bertan jaiotakoak ziren. Ikertzaileek inguruko lur, arroka eta uren osaketa aztertu dute, batez ere estrontzio elementuaren isotopoei erreparatuz. Berriako testuan azaltzen den moduan, isotopoei esker badakite hildako norbait bertakoa edo kanpotarra ote zen, hezurrei eta haginei erreparatuz. Irantzu Guede ikertzaileak gaineratzen du: “Arkeologoekin eta beste diziplinetako ikertzaileekin partekatu ditugu emaitzak, eta, ondorioztatu dugunez, haien isotopo ratioak bateragarriak dira Piriniotik iparrerako hainbat gunetakoekin”.

Eboluzioa

Duela 66 milioi urteko suntsipen masiboa nola gertatu zen argitzeko saiakera berri bat egin dute bi ikerketa-taldek. Biek ondorioztatu dute, asteroideaz gain, bolkanismoak eragina izan zuela, baina oso modu desberdinean. Elhuyar aldizkariak eman digu bi ikerketa horien berri. Lehenengo taldeak ondorioztatu du bolumen handiko lau erupzio-gertaera izan zirela, bakoitzak 100.000 urte inguru iraun zuela, eta erupzioak asteroidea erori baino hamarka mila urte lehenago hasi zirela. Bigarrenak dio asteroidea iritsi eta 600.000 urte geroago isuri zela Dekkango labaren %75.

Emakumeak zientzian

Otsailaren 11 Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna izan zen. Ana Galarragak adierazten du testu honen bidez sekulako oihartzuna izan zuela komunikabideetan baina ohartarazten du: ez gaitzala gehiegizko distirak itsutu. Horren harira, The Lancet medikuntza aldizkariak egun hori ospatzeko plazaratutako zenbaki berezia aipatzen du adibide moduan. Zenbaki horretan zegoen artikulu batean adibidez, 1980-2016 urteen artean argitaratutako 11,5 milioi ikerketa aztertu dituzte eta hauxe izan da atera duten ondorioa: ikerketa medikuetan emakumeak gutxietsita daude, eta ez dira aintzat hartzen sexuen artean dauden diferentzia genetikoak, fisiologikoak, ezta sendagaiek batzuengan eta besteengan izan ditzaketen eragin desberdinak ere. Galarragak dioen moduan bada garaia fokuak txoko ilunenetan ere jartzeko.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.