Bretainian kokatu dute megalitismoaren jaiolekua

Juanma Gallego

2.410 dataziotan oinarritutako ikerketa batek ondorioztatu du Europako megalitismoa duela 6.900 urte jaio zela Bretainian, eta ondoren kontinentearen gainerako lekuetara zabaldu zela, itsasoaren bidez.

Mendeetan zehar gizakiak liluratu dituzte Europako toki askotan aurkitutako harritzarrek. Jakina da herri bakoitzeko tradizioak munduan gertatzen diren kontuei azalpen bat ematen saiatu direla. Euskal Herriaren kasuan, tradizioak mairuei eta jentilei egotzi zien megalito horien eraikuntza, baina, tokian tokiko usadioek beste hainbat pertsonaia sartu dituzte aferan; tartean, sorginak.

Megalitismoa ez da, noski, Euskal Herri soilari dagokion fenomenoa: Europan 35.000 megalito inguru daudela uste da. Horietatik, gehienak Neolito eta Kalkolito aroetan datatuta daude, eta kostaldetik gertu kokatuta daude gehienak.

1. irudia: Megalitismoa Europa osoko kostaldeetan barreiatuta dago, eta horregatik aspalditik itsasoarekin lotu izan da. Ikerketa berri batean babestu dute ideia hori. Irudian, Sorginaren Txabola, Araban. (Argazkia: Juanma Gallego).

Orain arte, bi izan dira kultura megalitikoaren sarrera Europan azaltzeko gehien zabaldu diren teoriak. Batetik, XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran sustraituen zegoen teoriak zioen kultura hori Ekialde Hurbiletik etorritakoa zela, eta Mediterraneoko eta Ozeano Atlantikoko kostaldeak jarraituta hedatu zela. Ondoren garatutako beste teoria batek zioen kultura hori aldi berean eta toki desberdinetan garatu zela. Gaiari egindako hurbilketa berri honek 1970ko hamarkadan hasi zen finkatzen, ordurako garatuta baitzeuden karbono-14 bidezko datazioak.

Zabaldu berri diren datuen argitara, ordea, baliteke batak zein besteak arrazoirik ez izatea. “Arkeologoen aurreko belaunaldiak arrazoia zuen megalitismoaren kontzeptua itsasoaren bitartez hedatu zela esatean. Oker zegoen, baina, horren jatorriari eta norabideari dagokionez”, idatzi du Göteborgeko Unibertsitateko (Suedia) arkeologo Bettina Schulz Paulssonek PNAS aldizkarian argitaratutako ikerketa artikulu batean.

Zientzialariak megalitoetan eta horien inguruetan dauden hilobietan hartutako karbono-14 bidezko 2.410 datazio aztertu ditu, eta estatistika erabili du megalitismoaren inguruko kronologia bat osatzeko. Datuak eskutan, egileak ondorioztatu du Bretainian eraiki zituztela lehen megalitoak, duela 6.500 urte inguru, eta ondoren barreiatu zirela Europako kostaldeetatik, eta baita Ingalaterrara, Irlandara eta Eskandinaviara ere. Zabalpen hori elkarren segidako hiru fase nagusitan gertatu zela ondorioztatu du ere.

Hasierako fasean (Kristo aurreko 4.700 urtearen bueltan), ehiza-bilketan eta arrantzan aritzen zen kultura zegoen gaur egungo Frantziako ipar-mendebaldean. Inguru eta garai berean, gainera, oso hilobi garatuak eraiki zituzten. Garai horretako lehen megalitoak trikuharri xumeak ziren, baina denborarekin estruktura horiek dezente garatu ziren, zirkulu itxurako harrespilak sortzeraino.

2. irudia: Kultura megalitikoaren zabalpena ikertzeko kontuan hartu diren datazio multzoak agertzen dira mapa honetan. (Ilustrazioa: Bettina Schulz Paulsson)

K.a. 4.300. urterako Frantzia hegoaldeko kostaldetik, Mediterraneoko eta Iberiar penintsulako Atlantikoko kostaldetik hedatuta zegoen megalitismoa. Hedapen hori hain azkar gertatu zen ezen egileak uste baitu kultura hori itsasoaren bidez zabaldu zela. Ez da argudio bakarra. Beste adierazle bat da korridore motako hilobiak kostaldeetan biltzen direla, eta ez lur barrenean. Egileak dio horretarako ezinbestean nabigazio gaitasun garatua zuen teknologia bat beharrezkoa zela. Azkenik, hirugarren olatu batek Eskandinaviara eta gaur egungo Alemaniara eraman zuen megalitismoa. Ez da lehen aldia megalitismoa eta itsasoa lotzen dena, baina bada datu andana batekin hipotesi hori babesten den lehen ikerketa garrantzitsua. Ikerketa artikuluaren muga hertsietatik kanpo, fenomenoaren ikuspegi globala izateko beharra aldarrikatu du egileak. Hamarkada bat eman omen du Europa osoko zientzialariekin solasean eta hizkuntza desberdinetan idatzitako artikuluak irakurtzen. “Jendeak beren eskualdetan zentratzeko joera du”; esan dio egileak Smithsonian aldizkariari. “Hau guztia elkartzea lan nekeza izan da, eta baziren ere esaten zutenak pixka bat erotuta nengoela ardura hau hartu izanagatik”.

Dibulgazio artikulu horretan azaldutakoaren arabera, Paulsson ez da datazioak biltzera mugatu, eta datu-basea txukuntzen ere ibili da: kalibrazioak ere sartu ditu, eta akatsak konpondu ditu ere. “Hemen arazoa da megalito bat eraikitzen duzunean, lurrean egiten den sarketa bat egiten duzula”, azaldu du. Egilearen arabera, zenbait kasutan horrek datazio desegokiak egitea eragin du. “Iraganean, zenbait ikertzailek lagin zaharragoak eta goragokoak nahasi dituzte, eta, ondorioz, haien datuek ez zuten zerikusirik megalitoen eraikuntzaren garaiarekin, zaharragoak zirelako”.

Egileak berak aitortu du beste zeregin bati heldu behar zaiola oraindik. Izan ere, bere ikerketak babesten du orain arte isolatutzat hartzen ziren tokien arteko harremana bazegoela, baina oraingo erronka da lotura horiek nola funtzionatzen zuten argitzea.

Erreferentzia bibliografikoa:

Schulz Paulsson, Bettina, (2019). Radiocarbon dates and Bayesian modeling support maritime diffusion model for megaliths in Europe. PNAS. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.1813268116

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>