Talidomida 60 urte beranduago

Sandra Galán eta Idoia Jimenez

Kutsadura kimikoak hainbat esparruri egiten dio erreferentzia: substantzia kimikoek sortzen duten arriskuari, aizunketa-prozesuari edota arma kimikoen erabilerari [1]. Hain zuzen ere, talidomida kutsatzaile kimiko bat da eta, kutsatzailea izanik, ingurune baten egoera naturalaren eraldaketa kaltegarria eragiten du. Talidomidak (50.eko hamarkadan emakume haurdunentzat merkaturatutako farmakoak) gure gorputzean eraldaketa bat sortzen du eta, horregatik, eztabaida handiak ekarri zituen gerora.

Baina, zerk eragin zituen eztabaida horiek? Bada, bere kimikaren ezjakintasunak. Izan ere, ondoren ikusiko den bezala, konposatu honek kimika jakin bat du eta azken horren ezjakintasunak sortu zituen eztabaidak. Talidomida farmakoari buruz asko hitz egin da, baina orokorrean, jendeak ez daki zein den ematen zaion erabilera eta zein alde txar dituen.

Historian zehar segurtasunik gabeko erabilera eman zaio farmako honi. N-(2,6-dioxo-3-piperidil)ftalamida formula kimikoa duen konposatu sintetiko hau hipnotikoen familiakoa da. Bere egituran karbono asimetriko bat du, hau da, bere lau ordezkatzaileak ezberdinak dira, eta horrek bi enantiomero kiralennahaste errazemikoa (elkarrekin gainjarri ezin diren bi ispilu-irudi, kantitate berdinetan) sortzen du: S eta R talidomidak (1. irudia). Ikusi da S enantiomeroak efektu teratogenoa daukala eta Rk, aldiz, lasaigarri-efektua. Hala ere, geroago egindako ikerketek zehaztu dute norberaren organismoak, R enantiomeroa S enantiomeroa bihurtzen duela [2] baldintza fisiologikoetan. Ondorioz, kutsadura kimikoa (substantzia kimiko batek eragindakoa) sortzen da eta, horren ondorioz, gaitza.

1. irudia: Talidomidaren egitura geometrikoa: ezkerrean, S talidomida eta eskuinean, R talidomida. (Argazkia: Wikimedia / Domeinu publikoko irudia)

1954. urtean Chemie Grünental farmazeutika alemaniarrak talidomida molekula sintetizatzea lortu zuen [3]. Hiru urte beranduago, 1957. urteko urriaren 1ean, haurdun zeuden emakumeek pairatzen zuten antsietatearen, loezinaren eta goragaleen aurka merkaturatu zen konposatua Contergan izenarekin.

Talidomida denboraldi luze batean zehar hartzen bazen, neuropatia periferikoa sortzen zela aldarrikatzen zen ikerketa baten arabera [4]. Urtebete beranduago hainbat haurrek beren gorputz-adarretan malformazioak zituztela ikusi zen. Horietako gehienak enborreko gorputz-adarretan azaltzen ziren, eskuen zatiak sorbaldei lotuta agertzen ziren eta itsas txakurren antzerako hegalen itxura hartzen zutenez, malformazio mota horiei “focomelia” izena jarri zitzaien (2. irudia).

2. irudia: “Focomelia” malformazioaren lau kasu desberdinen erradiografia. (Argazkia: Journal of the Association of Children’s Prosthetic-Orthotic Clinics (JACPOC) / Iturria: www3.uah.es)

Hala ere, konposatu honek beste gaixotasun batzuen ikerkuntzan lagundu zuen, gaixotasun horien irtenbide edo sendagai bezala jokatuz. 1964. urtean, bukaerako fasean zegoen legenarra jasaten ari zen emakume batek talidomida-konprimatu batzuk hartu zituen lasaigarri eta hanturaren aurkako efektuak zituztelako. Handik hilabete batera gaixotasunak erregresioa jasan zuela ikusi zuen, eta aurkikuntza horrek ildo bereko gaitzen aurkako sendabideak ikertzera bultzatu zuen zientzia mundua.

Azken urteotan, talidomida beste gaixotasun batzuk tratatzeko erabili da (hurrengo parrafoan azalduko dira gaixotasun horiek). Horrez gain, gaixotasun horien prebentziorako erabilgarritasuna ere ikertzen ari da. Gogoratu beharrekoa da konposatu honek ez duela soilik eragin teratogenoa (S enantiomeroak sortzen duena); bere aktibitatea eremu zabalekoa da, eta horrek hainbat esparrutan erasotzea ahalbidetzen du.

Esparru horietako bat tumore-nekrosi faktorearen (TNF-α)inhibizioa da eta talidomidari esker tumore batzuen aktibitatea eta hantura gutxitzea lortu da. Hala ere, hori ez da gaur egun ikertzen den aplikazio bakarra; badaude beste batzuk garrantzi handia hartzen ari direnak, hala nola mieloma anizkoitzaren tratamendua, eritema korapilodun legenarraren tratamendua, Crohn gaitza, artritis reumatoidea, hezur-muineko transplantearen errefusa gaitza, minbizia, IHESa, etab.

Mieloma anizkoitzaren tratamenduan [5], esaterako, talidomidak gaixotasunaren hasierako fasean hartzen du bere garrantzia. Hain zuzen ere, ikusi da talidominak fase horretan erakusten duela bere aktibitatea. Tratamendu hori jasotzen dutenen artean, adineko gaixoak dira, batez ere, horren aurkako efektuak pairatzen dituztenak. Efektu horiek tratamendua behar baino lehenago hasteagatik gertatzen dira (talidomida goizegi dosifikatzeagatik), eta ondorioz, neurotoxizitatea eragiten da.

Beste adibide bat Crohn gaixotasuna da; kasu honetan gaixoen %70ean izan du erantzuna tratamenduak.

Konposatu hau IHESAren tratamendurako ere erabiltzen hasi dira; izan ere, birus horren erreplikazioa eragiten duen molekula inhibitzen duela ikusi da. Dena den, tratamendu hori ez da guztiz abian jarri eta oraindik saiakera klinikoak [6] baino ez dira egiten.

Tratamendu horietaz gain , gaur egun dagoen beste ikerketa-egitasmo bat da talidomidaren erabilera gaixotasunen prebentziorako. 2015. urtetik aurrera, ikertzen ari dira da arratoien biriketan zigarroen keak nola eragiten duen [7]. Zigarroen kea arnastean sortzen den gaixotasun ohikoena da birikako buxadura kronikoaren gaitza (chronic obstructive pulmonary disease, COPD). COPD izeneko honetan, airearen buxadura progresiboa gertatzen da eta hori ez da guztiz itzulgarria.

Lehen esan bezala, talidomidak hainbat gaixotasunen tratamenduan eragina duela ikusi da eta, horrez gain, beste hainbesterekin saiakera klinikoak gauzatzen ari dira. Talidomidaren efektu teratogenoa alde batera utzita, gaur egun medikuntza-ikerketetan erabiltzen den konposatu nagusietarikoa da. Horrek ikerketa horien segurtasuna handitzea ekarri du; ondorioz, alde batetik, ez da berriro “focomelia” kasu berririk gertatuko enantiomeroen sorrera kontrolpean dagoelako eta beste alde batetik, ez da kutsatzaile bat izango, har daitekeen dosi maximoa erregulatuta dagoelako.

Erreferentzia bibliografikoak:

[1] Greenwood, N. N. & Earnshaw, A., (1997). Chemistry of the Elements (2nd Edn.). Butterworth-Heinemann, Oxford

[2] Romaguera Bosch, C., (2012). Estudio sobre la utilización de la talidomida desde los trágicos años sesenta hasta la actualidad. Análisis desde la perspectiva legal y ética. Universitat de Barcelona. Gradu amaierako lana.

[3] Chávez Viamontes, J.A., Quiñones Hernández, J. & Bernárdez Hernández, O., (2009). Talidomida, contextos históricos y éticos. Humanidades Médicas, 9(3). 2019ko urtarrilaren 18an kontsultatua.

[4] McBride WG., (1961). Thalidomide and congenital abnormalities. Lancet, 278(7216), 2:1358. DOI:https://doi.org/10.1016/S0140-6736(61)90927-8

[5] Efstathios Kastritis, Meletios A.Dimopoulos, (2007). Thalidomide in the treatment of multiple myeloma. Best Practice & Research Clinical Haematology, 20(4), 681–699. DOI: https://doi.org/10.1016/j.beha.2007.09.001

[6] «Further Evaluation of Thalidomide’s Ability to Potentiate the Immune Response to HIV-Infected Patients», (2005). Ikerketa esperimentala.

[7] Chiharu Tabata, Rie Tabata, Yuta Takahashi, Kazuki Nakamura, Takashi Nakano, (2015). Thalidomide prevents cigarette smoke extract-induced lung damage in mice. International Immunopharmacology, 25(2), 511–517. DOI: 10.1016/j.intimp.2015.02.036

———————————————————————————-

Egileez: Sandra Galán eta Idoia Jimenez Gipuzkoako Campuseko Kimika Graduko ikasleak dira UPV/EHUn.

Artikulua, Maxux Aranzabe irakasleak Komunikazioa Euskaraz: Zientzia eta Teknologia ikasgaian bultzatutako Kutsadura kimikoa jardueraren harira idatzitako lana da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>