Asteon zientzia begi-bistan #248

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Biologia

Berriki ondorioztatu dute baleak batez ere oroimenean oinarritzen direla bidaian zehar janaria non dagoen jakiteko. PNAS aldizkarian argitaratutako bi ikerketek baleen migrazioari buruzko zalantzak argitu dituzte. Juanma Gallegok testu honetan azaldu digunez, fosilak aztertu dituzte eta ikusi dute gutxienez 270.000 urte atzera doan jarduna dela. Oxigeno-18 isotopoaren analisian oinarritu dute lana eta Alaskan, Kalifornian eta Panaman hartutako datuak baliatu dituzte. Zehaztasun gehiago ezagutu nahi badituzu, irakurri osorik artikulua!

Genetika

Ebola, zika, lassa-sukarra bezalako gaixotasunei aurre egiteko, gakoa detekzio goiztiarra da. Bada normalean epidemia horiek hasten diren urrutiko eremuetan ez dute birusa detektatzeko eta identifikatzeko oinarrizko baliabiderik. Beraz, laginak laborategira bidali behar dira analisirako, eta horrek emaitzak atzeratzen ditu. Bada, teknika berri bat garatu dute CRISPR-CAS-ean oinarritua. Metodologia berriari izena jarri diote jada: Sherlock. Nola funtzionatzen du tresnak? Ez galdu Berriako artikulua!

Genetikari buruz maiz entzuten diren bi galdera ekarri dizkigu Koldo Garciak: bata, familia batean bikiak izandako emakume asko badaude ea bikiak izateko probabilitatea handitzen ote zen; bestea, familian begi urdinak edo argiak dituzten pertsonak badaude, ea posible den haurrek begi argiak izatea, gurasoek begi ilunak badituzte ere. Lehenengoari dagokionez, bi biki mota ezberdindu behar ditugu: biki monozigotikoak eta biki dizigotikoak. Garciak azaltzen digunaren arabera, gene gutxi lotu dira biki dizigotikoak izateko probabilitatearekin eta biki monozigotikoen kasuan ez dirudi gene-oinarririk dagoenik. Bigarren galderari dagokionez, begien kolorean gene askok hartzen dute parte.

Emakumeak zientzian

Asteon, Gerty Cori biokimikaria ezagutzeko aukera izan dugu. Medikuntzako Nobel saria jaso zuen 1947an Coriren edo glukosaren zikloa aurkitzeagatik –bere senarra eta Bernardo Houssay-ekin batera-. Sari hori irabazi zuen hirugarren emakumea izan zen, eta lehenengoa Fisiologia eta Medikuntza alorrean. Oro har, Coriren zikloa gibelaren eta giharren arteko erreserba-substantzien zirkulazioari deitzen zaio. Baina zertan datza zehatz-mehatz? Ez galdu!

Astronomia

Aurreko astean ezagutu genuen albistea: lehen aldiz espazio irekira emakumezkoz soilik osatutako lantaldea bidaltzeko asmoa zuen NASAk. Zehazki bi emakumek egin behar zuten misio hori: Christina Kochek eta Anne McClainek. Baina Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, badirudi orain planaz aldatu dutela. NASAk ohar bidez adierazi duenez, ez dute jantzi egokirik bi emakumerentzat. Hortaz, Nick Haguek ordezkatuko du McClain.

Berriak ere eman du honen berri. Dirudienez, agentziak segurtasuna eta plangintza argudiatu ditu, baina andreek aspaldi salatu dute jantziekin dagoen arazoa. Dena dela, hori ez da emakumezko astronautek salatu duten bazterketa bakarra. Artikuluan azaltzen digutenez, gaur emakumezkoek gizonezkoek baino denbora laburragoa pasa dezakete espazioan, adibidez. Astronauta batek espazio estazioan Lurrean baino askoz erradiazio gehiago jasotzen du. NASAk emakumezkoei ezartzen dien gehienezko erradiazio muga gizonezkoena baino %20 baxuagoa da. Horren gainean, NASAk dio kezka dagoela erradiazio horrek umetokiko, obarioetako edo bularretako minbizia garatzeko arriskua handitu dezakeelako.

Akustika

Asteon musika-notak eta bibrazio maiztasunak izan ditu mintzagai Josu Lopez Gazpiok. Lehenik eta behin, musikaren eskalaren zentzua azaltzen digu: do batetik hurrengo do-ra bibrazioaren maiztasuna bikoiztu egiten da. Orain dakigunez, nota bati dagokion soinu bakoitza maiztasun jakin batekin lotzen da eta, maiztasunaren bikoitzera iristean, notak berriro izen berdina du. Galdera bat planteatzen da tartean: zergatik jartzen zaie izen bera bibrazio-maiztasun bikoitza duten soinuei?

Osasuna

Osasun sistemen jardunaz aritu da Berrian Felipe Aizpuru osasun ikertzailea. Jardun hori hobetzeko digitalizazioa aipatzen du: “Osakidetzak egunero gutxi gorabehera 100.000 kontaktu dauzka herritarrekin… Informazio hori guztia pilatu eta ondo aztertzen badugu, datu horiek ezagutza bihur daitezke”. Datu horiek ahalik eta modu egokienean erabiltzeko eskandinaviarrek erabiltzen dituzten sistemak eredu dituzte. Horretaz gain, gainpreskripzioari buruz mintzatu da.

Geologia

XX. mendeko zientzia-aurkikuntza aipagarrienen artean plaka-tektonikaren teoria dago ezbairik gabe, Lurraren kanpoko azal zurruna (litosfera) nola mugitzen eta birziklatzen den azaltzen duena, alegia. Ereduak 50 urte bete ditu. Testu honetan, teoria horren hastapenak eta garapena azaltzen dira. Gogora dezagun, egun, Lurra dela ezagutzen dugun planeta bakarra plaka-tektonikaren ereduaren arabera jokatzen duena. Plaka-tektonikaren garapenari esker, klima jasangarriagoa eragin du Lurrean, eta ondorioz, bizitza garatzeko aukerak izugarri handitu ditu.

Dibulgazioa

Zientziaren munduak oso espazio gutxi izan ohi du telebistan. Badira, hala ere, zientzia jorratzen duten saioak; Orbita laika, adibidez. Aurten formatua berritu dute Berrian irakurri daitekeenez. Aitor Gutierrez programako zuzendariak nabarmendu du lehen denboraldiaren esentzia berreskuratu nahi izan dutela, “baina science show baterantz eboluzionatuz”. Aipatzekoa da saio honek EHUren laguntza jasotzen duela.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.