Asteon zientzia begi-bistan #305

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

Jakina denez, COVID-19 gaixotasunaren kontrako botika batzuk probatzen hasi ziren: Remdesivirantibirala, Lopinavir/ritonavirantiretrobiral elkartea bakarrik edo beta-interferonarekin batera, eta hidroxiklorokinaantipaludikoa. Martxoan, birologo frantses batek ikusi zuen paziente batzuek hobera egiten zutela hidroxiklorokina hartuta. Baina duela gutxi publikatu da botika hau oso kaltegarria dela. Berrian aurkituko duzue informazio osagarria.

Ana Galarraga zientzia dibulgatzailea eta Miren Basaras Mikrobiologiako UPV/EHUko irakaslea elkarrizketatu dituzte Berrian. COVID-19aren izurria hasi zenetik, informazio baliagarria eskaini dute SARS-CoV-2 birusak eragindako ziurgabetasunari erantzuteko xedez. Ez galdu pandemiari eta, orokorrean, zientziari (eta hau komunikatzeari) buruz esan dutena.

Koronabirusak neuropatogenesirik eragiten ote duen aztertzen ari dira zientzialariak. Elhuyar aldizkariak azaldu digu birusak zehazki zer ehun infektatzen dituen identifikatu eta nerbio-sistema zentralerako sarrera zein duen argitu nahi izan dutela. Zientzialarien arabera, birusaren inbasio neuronala hainbat bidetatik gerta daiteke: usaimen-nerbioaren bidez, odol-hodien endotelioa infektatuta edota leukozitoek hesi hematoentzefalikoan zehar migratuta. Halere, ikertzaileek esan dute funtsezkoa dela birusaren ikerketa neuropatologiko gehiago egitea.

Espainiako Estatistika Institutuak berriki publikatu du 2020. urtean heriotza tasan izan den aldaketa. Azaldu dute datuek ez dutela bereizten COVID-19 gaixotasunak hil dituenak, heriotza guztiak islatzen baititu. Hala ere, nabarmena da aldaketa handia dagoela. Informazio guztia Berrian.

Geologia

Aurreko astean, plaka tektonikaren nondik norakoak eta eredu hori noiz garatu zen (Meso- eta Neo-Arkearrean zehar (3.2 eta 2.5 Ga) garatu zen) irakurtzeko aukera izan genuen Arturo Apraizen eskutik. Asteon, Lurraren eredu tektoniko horren aurretik zer zegoen azaltzen saiatu da, zehazki, azkeneko ereduen berri eman digu. Ez galdu!

Emakumeak zientzian

SARS-CoV-2 birusak ekarri dituen ondorioen artean badago bat nahiko harrigarria dena: emakumeek ikerketa gutxiago argitaratu eta ikerketa-proiektu berri gutxiago abiarazi dituzte haien kide gizonek baino. Egindako analisiak islatu du etxeko lanen eta haurren zaintzaren banaketan desberdintasuna asko nabaritu dela. Honen ingurukoak Josu Lopez-Gazpioren artikuluan.

Simone Eizagirre fisikariari txikitatik gustatu izan zaio zientzia. Batxilergoan, adibidez, aukera izan zuen Polymat zentroan praktikak egiteko. Lan horrek erakutsi zion zein den laborategi bateko lana. Fisika Kimika ikasi zuen Edimburgoko Unibertsitatean eta BC Materials zentroan ere lan egin zuen. Gero, Eindhoven Unibertsitatean (Herbehereak) urtebete egiteko aukera sortu zitzaion, nanofotonikako talde batean. Bertan, ikertzailea izateaz gain, konturatu zen nanofotonikan lan egin nahi zuela. Bere ingurukoak artikuluan.

Biologia

Menopausia izan da testu honen gaia. Bertan, azaltzen digute animalien artean ezohiko fenomenoa dela, izan ere, espezie ia guztietan, emeak ugaltzeko gai dira bizitza guztian zehar. Gizakioz gain, badira beste batzuk ugaltzeari uzten diotenak: Globicephala macrorhynchus izurde tropikalak, belugak, narbalak eta orkak. George C. Williams biologoak 1957an esan zuen menopausia egokitzapen bat zela. Hark proposatutako teoria irakurri nahi baduzu, jo artikulura.

Neurozientzia

Warwickeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaileek ikusi dute giza hizkuntzetan erabiltzen den frekuentzia berdinean mugitzen dutela ahoa txinpantzeek. Artikulu honetan azaltzen diguten moduan, segundoko 4,15 ziklotan aritzen dira tximinoen ezpainak, hots, 4,15 Hz-etan; kopuru hori kokatzen da,giza hizkuntza guztietan erabiltzen den frekuentzia tartean: 2-7 Hz.

Genetika

Koldo Garciak, bere itxialdirako genetika sortan, jakinarazi digu ikertzaile talde batek aztertu duela immune-sistemako gene batzuen gene-aldaerarik eraginkorrenak SARS-CoV-2a antzemateko. Aztertutakoak patogenoak antzemateko makinaria kodetzen dituztenak, alegia: MHC eskualdekoak.

Zientzian ere zabor-postak jasotzen dira. Eta zer arraio esan nahi du horrek? Garciak artikulu honetan azaldu digu.

Pandemiaren ondorioz, datuak arin eta modu fidagarrian partekatzearen beharra etorri da eta horrekin aurretik zeuden sareak egokitzea edo berriak sortzea. Testu honetan bi aipatzen dira: ELIXIR eta BBMRI-ERIC. Lehenengoa, bizi-zientzien datuentzako Europako azpiegitura handi bat da. Eta bigarrena, Europako biobankuak biltzen dituen sarea da.

Artikulu honetan, espezieen arteko mugak izan ditu mintzagai baina modu berean, horiek sailkatzeko zailtasunaz hitz egin du: “Espezieak denbora puntu batean existitzen dira, batzuk ondo definituta, beste batzuk sortzeko prozesuan, gehienak desagertzeko bidean; baina denborarekin aldatzen doaz, bizidunen arteko jarraiera bat ematen delako”.

CRISPR-Cas9 teknikak gene-edizioa gaiari bultzada handia eman zion duela urte batzuk. Testu honek edizio genomikoak duen oztopo bat jorratu du Garciak: TP53 genea. Gene-materiala kaltetzetik babesten du organismoa eta horregatik genomen zaindari bezala ezagutzen da.

Itxialdian zehar, gene-datuei buruz hitz egin digu. Honetan, galdera bat botatzen du horren inguruan: gene-informazioa ematen dugunean, geroago gogoratzen al dugu zertarako eman dugun

Birusak gaizkile hutsak bezala ikusten ditugu baina Garciak gogoratzen digunez, posiblea da birusak gure alde erabiltzea. Adibide bat ekarri du: minbizi-zelulak hobeto hiltzen dituzten adenobirusak. Zer dira? Ez galdu!

Astronautika

Duela astebete jaurti zuten Dragon Crew espazio-ontzia (SpaceX konpainiarena) NASAko bi astronauta zeramatzala. DM-2 misioa arrakastatsua izan da. Gainera, Estatu Batuetatik ateratzen den lehen misio tripulatua da 2011z geroztik. NASAk oraindik ez du erabaki misioak zenbat iraungo duen. Elhuyar aldizkarian dituzue xehetasunak irakurgai

Eboluzioa

Amalda kobazuloan (Zestoa) animalia haragijaleek eta neandertalek zer leku eta zerarako erabili zituzten aztertu dute. Ikerketaren arabera, leku ezberdinak erabili zituzten: “Gizakiak kanpoko partea, eta haragijaleek barrukoa”. Horretaz gain, kronologia ere osatu dute, eta frogatu dute lehenengo gizakiek okupatu zutela lekua, eta gero sartu zirela haragijaleak. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak.

Berriak ere eman du honen berri. Kartografia digitala eta bestelako teknika geo-espazialak erabili dituzte Kaliforniako Unibertsitateko (AEBak) HERC Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroko Laura Sanchez Romerok zuzendu duen ikerketa honetan.Arkeologoek uste dute aurkikuntza hori “gizarte antolaketa konplexu baten adierazle” izan daitekeela.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude