Gurutzatu batzuk Ekialde Hurbileko populazioekin nahasi ziren

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ekialde Hurbilean XIII. mendean borrokatu ziren gurutzatuen gorpuzkiei egindako lehen ikerketa genetikoari esker argitu dute gurutzatuak bertako populazioekin ugaldu zirela, baina ez zutela utzi aparteko oinordetza genetikorik.

Urrezko aroa bizi du genetika historikoak. Teknologiak eta DNA berreskuratzeko teknikek aztarnategi arkeologikoetan bildutako ebidentziak edota agiri historikoetan dauden datuak osatzeko bidea eman dute. Hasiera batean batez ere historiaurreko laginen inguruko azterketak egiteko baliatu bazen ere, orain genetika garai historikoen alorrean sartu da, bete-betean.

Norabide horretan, noizean behin mugarriak agertzen dira, eta gaur kontatzera goazen hau horietako bat da. Aurrenekoz, gurutzadetan parte hartu zuten lagunen analisi genetikoa egin dute, eta, istorio onetan gertatu ohi den moduan, ezusteko amaiera izan du kontakizunak.

1. irudia: Lur Santua kristauen menpe jartzea izan zen gurutzaden helburua, baina bi mende geroago musulmanek lur horiek berreskuratu zituzten. (Argazkia: Ricardo Cruz / Unsplash)

1095. urtean abiatu zen gurutzaden garaia, eta, gutxi gorabehera, bi mendez luzatu zen, 1291. urtera arte. Horietan, kristauak Ekialde Hurbilera joan ziren, Jerusalem eta, oro har, Lur Santutzat hartzen ziren lurraldeak kristautasunaren menpe jartzeko. Hasiera batean arrakasta eskuratu bazuten ere, pixkanaka musulmanek lurralde horiek berreskuratu zituzten. Nahiko dokumentatua dauden gertakariak dira horiek, bi aldeek kontakizunak idatzi zituztelako. Baina, ohi bezala, errege eta zaldunen istorioak bildu izan dira bereziki, bertan parte hartu zuten herri xeheko lagunen inguruan informazioa askoz urriagoa delarik. Arlo horretan, historiak baino, arkeologiak eman ohi du informazio gehiena.

Duela hainbat urte Sidon hiriko (Libano) aztarnategi batean bi hobi aurkitu zituzten. Orotara, hobietan 25 lagunen gorpuzkiak zeuden, eta gehienek zituzten indarkeriaz hil izanaren zantzuak. Kasu honetan, ia ezinezkotzat jo daitekeen txiripa jaso zuten arkeologoek: arrastoekin batera txanpon bat agertu zen, 1245-1250 urte tartean Italian landutakoa, eta horrek bidea eman zien aztarnategiaren datazioa egiteko bestelako azterketa konplikatuak egin behar izan gabe. Halere, karbono 14 bidezko datazioa egin zuten ere, eta emaitzek arrastoak Gurutzaden garaikoak zirela berretsi zuten. Informazioa nahikoa bazuten, baina, jakina da arkeologo gehienak ez direla erraz konformatzen, are gehiago teknika berriak gero eta eskurago dauden garaiotan. Horregatik, DNA bidezko analisia egitea erabaki zuten, bertan hilobiratutako lagun horien inguruan informazio gehiago lortu aldera. The American Journal of Human Genetics aldizkarian argitaratu dituzte orain emaitzak.

Alabaina, eta azken urteetan aitzineko DNA berreskuratzeko teknologia izugarri findu den arren, kasu honetan DNA eskuratzea ez zen kontu erraza izan. Izan ere, eremu geografiko horretan dauden baldintza klimatikoek ez dute errazten DNAren kontserbazioa. Horregatik, 25 gorpuetatik bederatzi besterik ezin izan dituzte “irakurri” genetikaren bitartez. Espero zitekeen moduan, gerlari guztiak ziren gizonezkoak. Horien Y kromosoman gordetako informazioari esker, argitu ahal izan dute haien genealogia genetikoa.

2. irudia: Sidon hirian aurkitutako bi hobietan zeuden ikerketaren abiapuntu izan diren gorpuzkiak. 25 lagun ziren arren, soilik 9ren genomak berreskuratu ahal izan dituzte. (Argazkia: Claude Doumet Serhal)

Genetika historialarien lanaren laguntza bikaina izan daitekeen erakusle, ezustekoa hartu dute datuak analizatu eta emaitzak ikustean. Espero zitekeenaren kontra, hobian aurkitutako gurutzatu horietatik guztiak ez ziren europar jatorrikoak. Are gehiago, bederatzi lagun horietan hiru talde bereizi dituzte. Lau lagun bertokoak ziren, beste hiru europarrak, eta, gainerako biak, europarren eta bertakoen arteko semeak.

Gauzak horrela, agerikoa da galdera. Zulo horietan bi aldeetako gerlariak hobiratu zituzten ala denak ziren gurutzatuen aldekoak? Ikerketaren egileak bigarren aukeraren alde azaldu dira. Argudio genetikoa jarri dute mahai gainean: zuloetan zeuden eta Ekialde Hurbileko genealogia genetikoa zeukaten lagunak gertuago daudela gaur egungo Libanon bizi diren kristauekin.

Dena dela, berretsi dute ere europarrek utzitako marka genetikoa nahiko lausoa izan zela, eskualdeko gaur egungo populazioetan ez baita atzeman gurutzatuen oinordetzarik. Are gehiago, Libanoko Inperio Erromatarraren garaiko eta gaur egungo populazioekin alderatu dituzte datuak, eta lotura gehiago aurkitu dituzte Erromatar garaiarekin Erdi Aroko lagin hauekin baino.

Europarrei dagokienez, bi Mendebaldeko Europakoak zirela ikusi dute, eta hirugarrena Sardinia inguruko DNArekin lotu dute. Bestalde, bi mestizoen jatorria ondorioztatu dute ere: lehenengoaren kasuan, gurasoetako bat Libanokoa zen eta bestea kroaziarra edo hungariarra. Bigarrenari dagokionez, guraso bat Ekialde Hurbilekoa zuen, eta bestea Iberiar penintsulako iparraldekoa zela uste dute.

Are gehiago, eta hori zehaztea ezinezkoa bada ere, kide hori egungo euskal populazioan zabalduta dagoen den genotipo batekin lotu dute, eta, ohikoa den moduan, horrek hedabide askoren arreta erakarri du. Zalantza barik, euskaldun baten semea Lur Santuan gerran aritzeak eleberri baterako bidea ematen du.

Erreferentzia bibliografikoa:

Haber, Marc et al. (2019). A transient pulse of genetic admixture from the Crusaders in the Near East identified from ancient genome sequences. American Journal of Human Genetics. DOI: 10.1016/j.ajhg.2019.03.015


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.