Asteon zientzia begi-bistan #254

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Fisika

Donostia International Physics zentroko bi adituk -Maia Garcia-Vergniory eta Fernando de Juan ikertzaileak- material topologiko kiral berri bat aurkitu dute, Berriak jakinarazi digunez. Aurkikuntza esanguratsua da: materiala aluminiozko eta plastikozko kristala da. Adituen arabera, ordenagailu kuantikoen garapenerako garrantzitsua izan daiteke.

Informatika

Adimen artifizialaren bidez sortutako musika existitzen da eta gainera diskoetxe handi batzuk hori erosten ari dira jada. Martxoan, adibidez, Warner Music zigiluak Endel izeneko algoritmo informatikoarekin sinatu zuen. Dagoeneko bost disko kaleratu ditu, eta berak sortutako beste hogei egin beharko ditu aurten. Algoritmo batekin grabazio kontratua sinatu duen lehen diskoetxea da Warner. Berriak kontatu dizkigu Endeli buruzko xehetasun guztiak!

Kimika

Haizea Ziarrusta EHUko Kimika Analitiko saileko zientzialariak frogatu du bere tesian botika eta eguzki iragazki batzuek ura kutsatzen dutela eta gainera, ondorioztatu osagai horiek arrainen ehunetan eta jariakinetan metatzen direla. Berriak egin dion elkarrizketan kontatzen duenez, kontsumitzen ditugun botiken zati bat kanporatu egiten dugu eta horrek egiten duen bidea azaldu digu: “Araztegietan urak garbitu arren, ez dira erabat ezabatzen botiken hondarrak, eta bertatik erreketara, eta gero itsasora joaten dira”. Hori saihesteko, Ziarrustak dio: “Ur lohiak gutxitzea da kontua; hau da, ura ez kutsatzea. Alde batetik, botiken kontsumoa neurtu behar da; bestetik, araztegi berriak diseinatu eta eguneratzeak ere arazoa konpon dezake”.

Koldo Herrerori esker jakin dugu arma kimikoak lehenengo aldiz antzinako Grezian erabili zirela. Adibidez, K.a. 600. urtean, atenastarrek helleborus landarearen sustraiak erabili zituzten setiatzen ari ziren hiri baten ura pozoitzeko. Halere, kontatzen du, Lehenengo Mundu Gerran erabili zirela gehien, ziape-gasa aipatzen du tartean. Ez galdu!

Neurozientzia

Zer da diskalkulia? Juanma Gallego kazetariak azaltzen digu zenbakiekin eta oro har, eragiketa matematikoak egiteko zailtasunak dituztenek dutela arazo kroniko hori eta populazioaren %3-6 ingururi eragiten diola. 1968an deskribatu zuten lehen aldiz kontzeptua. Berriki, Lars Michels neurologoak egin duen ikerketak itxaropena piztu du. Emaitzei dagokienez, batetik, ikusi dute diskalkuliak jotako umeek garuneko eremu askoren arteko hiperkonexioak erakusten dituztela zenbakiekin lanean daudenean. Bestetik, ikusi dute ere horri aurre egitea posible dela.

Astrofisika

Artikuluen egileek diotenez, fisikariak uste dute unibertso gazte bero osotik gaur egungo unibertso zaharrago eta hotzagora iristeko, fase-trantsizioak gertatu zirela. Diotenez, unibertsoan ere baliteke fase-trantsizioa toki guztietan berdin gauzatu ez izana, fase zaharreko ingurune horiei akats deitzen zaie. Akats ikertuenak “soka kosmikoak” dira. Zer dira baina? Artikuluan azaltzen digute: atomo baten zabalera baino txikiagoak dira, oso luzeak dira (unibertso osoan zehar zabaltzen dira), eta izugarrizko masa dute: soka kilometro batek Lurrak bezainbesteko masa eduki lezake.

Bioteknologia

3D inprimagailuez organo funtzionalak sortzeko baskularizazioa lortu dute Washingtoneko Unibertsitateko ikertzaileek, Elhuyar aldizkariak ezagutarazi digunez. Birikak imitatzen dituen aire-zaku moduko bat erakutsi dute ikertzaileek, inguruan sare baskular konplexua duena. Egin dituzten probek erakutsi dute sarea sendoa dela odol-fluxuak eta arnasketak sortutako mugimenduak jasateko.

Sariak

Maribel Arriortua Marcaida, Aitziber Lopez Cortajarena eta Maia Garcia Vergniory ikertzaileak saritu ditu Ikerbasquek, emakume ikertzaileen lana aitortzeko eman dituen aintzatespenen lehen edizioan. Ibilbide zientifikoa, ikerketa-esparru batean izandako lidergoa, eta emakume ikertzaile gazte batek egindako ekarpen nabarmena azpimarratu dute, hurrenez hurren. Emakume ikertzaileei buruz ehiago jakiteko, jo ezazue Elhuyar aldizkariko artikulura!

Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendariak, jasoko du aurtengo Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria. Epaimahaiak honakoa esan du: “Zorroztasun akademikotik eta zientzia arlo guztien ezagutza zabaletik abiatuta, euskal gizartean kultura zientifikoa sustatu du. Euskal unibertsitatea gizartera gerturatu du, ezagutza maila areagotuz eta begirada kritikoa garatuz”. Zorionak! Elhuyar aldizkariak du informazioa.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.