Ez badute jaramonik egiten, ez da ulertu ez dutelako

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gizakiok ez ditugu elkarrekintzak gure artean bakarrik izaten, inguruan ditugun animaliekin ere nolabaiteko harremanak izan ditzakegu. Etxe-animalia ohikoenak txakurrakCanis familiaris- eta katuakFelis catus- dira. Jabeek ondo dakiten bezala, katuek eta txakurrek ez dute modu berean erantzuten gizakion estimuluei eta, oro har, erantzunaren ezaugarri horien ondorioz, katuak lasaiagoak, alferragoak, desatseginagoak, eta ez hain maitekorrak edo ulerkorrak direla pentsatzera eraman gaitzake. Katuek emandako erantzunak ulertzeko eta gizakioi benetan ulertzeko duten gaitasunaren inguruan zalantzak argitzeko Atsuko Saito eta bere kolaboratzaileek aurrerapauso garrantzitsuak eman dituzte eta, orain dakigunez, katuak uste baino gehiago ulertzen gaituzte.

1. irudia: Katuek gizakion ahotsa eta hitzak bereizteko duten gaitasuna ikertu dute Atsuko Saito eta bere kolaboratzaileek. (Argazkia: Josu Lopez-Gazpio)

Egindako ikerketek erakutsi dutenez, txakurrek gizakiekin komunikatzeko gaitasun kognitiboak garatu dituzte eboluzionatzen joan diren heinean. Txakurrek gaitasun handia dute gizakiek aurkeztutako gakoak ulertzeko -esaterako, hatzarekin norabide bat adierazten zaienean-, eta baita gizakien gorputza, burua edota begiak gako-iturri bezala erabiltzeko. Era berean, jakina da txakurrak gai direla haien jabearen ahotsa eta aurpegia bereizteko eta identifikatzeko. Alabaina, katuen kasuan ikerketa gutxiago egin dira eta katu-gizaki harremanen funtsa ez da hain ondo ulertzen, oraingoz.

Munduan 600 milioi katu bizi dira gizakiekin eta, jotzen denez, duela 9.500 urte hasi ziren gizakiekin batera bizitzen -txakurrak, aldiz, duela 15.000 urte etxekotu zirela pentsatzen da-. Txakurren kasuan ez bezala, katuak hautespen naturalez etxekotu ziren eta ez hautespen artifizialaren ondorioz. Katuek, kasu askotan, modu zuzenean edo zeharkakoan gizakien beharra dutenez janaria lortzeko gizakiekin komunikatzeko moduak garatu dituzte. Katuen miau egiteko modua, etxe-katuen komunikatzeko portaeratako bat, gizakiontzat Afrikako katu basatiena baino gozoagoa dela frogatu da. Era berean, katuen urruma egiteko modua desberdina dela ikusi da janaria eskatzeko egiten dutenean. Urruma horiek larriagoak eta desatseginagoak direla deskribatu dute katuen jabeek eta janaria eskatzeko urrumak eta beste urrumak desberdinak direla ikusi da.

Jabearen ahotsa bereizteko gai al dira?

Txakurrek bezala, katuek ere gizakien seinaleak bereizten dituzte eta erabiltzen dituzte, eta gizaki ezagun eta ezezagunen aurrean modu desberdinean erantzuten dute. Hala ere, 2013. urtera arte ez zen ezagutzen ea katuek haien jabearen ahotsa ahots ezezagunetatik bereizteko gai ziren edo ez. Hori argitzeko helburuarekin, Saito eta Shinozuka zientzialariek ikerketa bat jarri zuten martxan. 20 etxe-katu aztertu zituzten eta soinu-estimulu desberdinak prestatu zituzten. Estimuluetako bat jabearen ahotsa zen katuaren izena esaten. Ausazko moduan soinu-estimuluak jarri zitzaizkien katuei eta portaeran gertatutako aldaketak jaso zituzten -belarriak, burua edo isatsa mugitzea, begi-niniak dilatatzea, lekuz mugitzea edo miau egitea-.

2. irudia: Sarritan erakusten ez duten arren, katuak gai dira gizakien ahotsak bereizteko eta haien jabearena identifikatzeko gai dira. (Argazkia: Quang Nguyen – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Lehen ikerketa honen emaitzak aztertuta, ez zen argi geratu giza ahotsaren zein elementu erabiltzen duten katuek bereizketak egiteko. Hala ere, argi geratu zen katuen erantzuna orientazioarekin lotutako portaerak direla -belarriak eta burua mugitzea-, baina, ez komunikazioarekin lotutakoak -isatsa mugitzea edo miau egitea-. Joera honek erakusten duenez, katuek ez diote modu aktiboan erantzuten jabearen ahotsari, nahiz eta jabearen ahotsa modu argian bereizteko gai diren. Hortaz, katuak haien axolagabetasunagatik ezagunak badira ere, jabearen ahotsa bereizten dute, eta ondo berezitu ere. Bestalde, Galvan eta Vonk ikertzaileen emaitzak ere hona ekartzea interesgarria da; izan ere, frogatu zutenez katuak haien jabeen emozioekiko sentikorrak dira.

Haien izena bereizteko gai al dira?

Urte batzuk beranduago, katuen portaera ulertzen jarraitzeko helburuarekin Atsuko Saito eta bere lankideek Scientific Reports aldizkarian beste ikerketa baten emaitzak argitaratu berri dituzte. Kasu honetan 78 etxe-katu aztertu dituzte eta helburua ez da izan ahotsak bereizten dituzten edo ez jakitea -hori jada frogatuta dago-, baizik eta haien izena beste hitzetatik bereizteko gai diren edo ez -izena esaten duen ahotsa jabearena edo beste norbaitena izanik-.

Esperimentuak diseinatzeko ikertzaileek ohitze-desohitze metodoa erabili zuten. Psikologian erabiltzen den metodo horren arabera, subjektuak estimulu baten aurrean jartzen dira -kasu honetan ahoz esandako hitzak-, subjektuak erreakziorik ez duen arte. Subjektuak ohitu direnean, beste estimulu bat aurkezten zaie -kasu honetan katuaren beraren izena- eta erreakziorik ba ote dagoen aztertzen da.

Saito eta bere lankideen esperimentuetan, katuen jabeei eskatu zitzaien ausazko lau hitz esatea -katuaren izenaren antzekoak zirenak- katuak hitz horietara ohitu ziren arte. Ondoren, jabeek katuaren izena esaten zuten momentu jakin batean eta, ikusi zenez, katuek bestelako erreakzioa zuten haien izena esandakoan. Beste esperimentu-sorta batean, katuaren jabea izan ordez, katuarentzat ezezaguna zen beste norbaitek errepikatzen zuen esperimentu bera. Kasu hauetan ere, frogatu zen katuak gai direla haien izena beste hitzetatik bereizteko -hala ere, pertsona ezezagun batek deitzerakoan erreakzioa mugatuagoa zen-. Hainbat katu gela berean kokatzea ere esperimentatu zuten eta, kasu horretan ere, katuak gai dira beraien izena beste katuen izenetatik bereizteko, alegia, katu bakoitzak bere izena zein den bereizteko gai da katu asko elkarrekin daudenean ere.

Egia da ez dela frogatu katuek haien buruaren kontzientzia duten edo ez, beraz, haien izena bereizteko gai direla esatean ez dugu ulertu behar beraien izen propioa bezala ulertzen dutenik. Zientziak frogatu duena da hitz jakin bati -guk katuaren izena dela dioguna-, modu desberdinean erreakzionatzeko gai direla. Ziur aski, katuak hori ikasi du bere izena sarritan esaten zaiolako errefortzu positiboekin janaria, sariak zein negatiboekin zigorrak, albaitariarenera eramatea lotuta. Inkesten bidez jakin denez, txakurren jabeek uste dute 30 bat hitz bereizteko gai direla, baina, ikerketek erakutsi dute txakurrek 200 eta 1000 hitz ezagutzeko gai direla. Orain dakigunez, katuak ere gai dira hitzak bereizteko -argitzeke dago zenbat hitz bereizteko gai diren-.

Edozein kasutan, azaldutako esperimentuekin frogatuta geratu da katuak gai direla gizaki desberdinen ahotsak bereizteko -eta gehiago erreakzionatzen dutela ahots hori jabearena denean- eta, bestalde, frogatuta geratu da katuak hainbat hitz bereizteko gai direla -eta gehiago erreakzionatzen dutela hitz hori beraien izena denean-. Hortaz, katuak txakurrak bezain onak dira horrelako ikasketa prozesuetan, nahiz eta pentsa daitekeen, katuen erantzuteko moduaren ondorioz, ez dutela jaramonik egiten. Ulertu, ulertzen digute, baina, berdin zaie guk jakitea.

Erreferentzia bibliografikoak

Saito, A., Shinozuka, K., (2013) Vocal recognition of owners by domestic cats (Felis catus). Animal Cognition, 16 (4), 685-690. DOI: 10.1007/s10071-013-0620-4

Saito, A., Shinozuka, K., Ito, Y., Hasegawa, T., (2019). Domestic cats (Felis catus) discriminate their names from other words. Scientific Reports, 9, 5394. DOI: 10.1038/s41598-019-40616-4

Informazio osagarria


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.