Parke Kretazeoa

Mikel López-Horgue

Zenbait zinema-ekoizpeni esker, oso ezaguna dugu egun gure planetaren historiaren zati bat. Hain zuzen ere orain dela 201 eta 145 milioi urte (ma) bitartekoa: Jurasiko Periodoa. Honek hedapen mediatiko izugarria izan du azken urteotan eta denok atseginez ikusgai izan ditugun dinosauroak buruan gordeak dira betiko.

Geologoa naiz eta eskertu egiten dut aipatutako hedapen honek eragin duen Lurraren ezagutzarako bultzakada hau. Baina gure planetak badauka 4500 ma-ko historia liluragarria eta Geologiak, horixe eskaini nahi digu beste zientzien laguntzarekin. Bertatik, Kretazeo Periodoa (145-66 ma) dut orain buruan… Zergatik?

Gure arbasoengandik hartutako lurraldearekiko loturaren ondorio diren gure bailarak eta haranak aspaldian baititugu gure sentitzen. Hauen jatorrizko osagaia bereziki itsasoan eratutako arroka sedimentarioak dira eta hain zuzen ere, Kretazeokoak dira gaur egun hedapen handiena dutenak… Gehien ukitzen ditugunak!

Geologiaren ikuspuntutik, Eusko Kantauriar lurraldea deritzogu, Euskal Herria eta ondoko zenbait herrialde (Kantabria, Burgos,…) barne hartzen dituen eremuari. Lurralde hau, Pirinioen mendikateak sorrera izan zuen sedimentu eta arroken tolestura prozesu berean sortu zen; hain zuzen ere Mendebaldeko Pirinioak izenarekin ere ezagutzen dugu.

Triasiko (orain dela 200 ma inguru) eta Paleogeno (35 ma inguru) Periodoen artean gure lurraldearen antzak ez zuen gaurkoarekin inongo zerikusirik: sedimentazio kontinentala eta itsastarra zituen eremu zabal honek eta Asturiasko Mazizoa zuen mendebaldeko muga, Demanda Mendizerra hegoaldekoan eta Bortziri-Aldude Mazizoa ekialdekoan. Sedimentazio-lurralde historiko hau Eusko Kantauriar Arroa izendatzen dugu geologook. Pentsa dezakegu aipatu ditugun lehorreko guneetatik bideratzen ziren ibaiez elikatzen zela itsaso hau.

1. irudia: Eusko Kantauriar Lurraldeko irudia, orain dela 100 milioi urte inguru (Albiar Aroan). Irudia airetik hartu izan balitz bezala aurkezten da, hego-ekialdera begira hain zuzen ere. Euskal Herriko mapa geologikoetako irudi moldatua (Ilustrazioa: EVE. Ente Vasco de la Energia / Energiaren Euskal Erakundea)

Baina irudi hau ez zen estatikoa, eta aldatzen zihoan denboran zehar: Iberiar plaka europar plakatik urruntzen zihoan bitartean eta Bizkaiko Golkoa eratuz zihoala (2. irudia), itsaso hori pixkanakako hedapena eta sakonera handiagoa hartzen zihoan, Pirinioak eratu arte. Azken mendikate honetatik, gaur ezagutzen dugun higadurazko lurraldea sortu zen (3. irudia).

2. irudia: Iberiar plakaren eta europar plakaren arteko kokapen erlatiboa Jurasikoan eta Kretazeo Berantiarrean. Bertan antzematen da Bizkaiko Golkoaren irekiera, bi plaken arteko mugimendu erlatiboaren ondorioz sortua. (Ilustrazioa: Bodego et al. Eds. 2014 liburutik hartua)

Kretazeo Periodoan sedimentuak itsasora garraiatzen zituzten ibaiez gain, bazeuden deltak, hondartzak, estuarioak, …, geologoentzat ingurune sedimentarioak direnak. Hauek denboran zeharreko aldaketak jasaten zituzten bizidunentzako biotopoak ziren, eta sedimentuetan eta arroketan, bizidun horien markak aurki daitezke. Bizidun fosilen ikerketa oso lagungarria da ingurune sedimentarioa ulertzeko, eta alderantziz ere, ingurune sedimentarioak ondo ezagutzeak laguntza ematen du bizidun fosilen ikerketan. Izan ere, olatuak bezalako eragile fisikoek eta uraren gazitasuna bezalako eragile kimikoek eragina dute bizidunen garapenean eta sedimentuen banaketan eta metaketan.

3. irudia: Egungo Pirinioetako mapa geologikoa. Eusko Kantauriar Lurraldea mendikate honetako mendebaldeko partea da. Kolore berdeko eremuak arroka sedimentario tolestuak dira. Kolore horiz, gaurko sedimentazio kontinentala duten eremuak irudikatu dira. (Ilustrazioa: Bodego et al. Eds. 2014 liburutik hartua)

Eusko Kantauriar Arroaren historian zenbait prozesu geologikok eragiten zuten, besteak beste failen aktibitatea, bolkanismoa, eta itsasoaren eremuaren zabaltzea. Gure lurraldeko arrokak ikertuz prozesu hauen eragina ezagutu dezakegu. Horrela, badakigu Kretazeo Periodoan gure lurraldea gune subtropikala zela eta ingurune-aldaketa ugari jasan zituela. Kretazeoa bi denbora-ataletan banatzen dugu: Goiztiarra eta Berantiarra; hauetan berez denborazko atal txikiagoak bereizten dira, eta Aro izenez ezagutzen dira atal horiek. Azken hauek erabiliko ditugu ondoren gure lurraldeko ingurune eta fosil nagusiak azaldu eta argitzeko.

Gure historia Kretazeo Goiztiarrean hasten da (Berriasiarretik Barremiarrerartekoa; 145-125 ma): ibai nagusiek Asturiasko mendiguneak drainatzen zituzten, eta euren sedimentuak oso sakonera txikiko itsasoan uzten zituzten. Kostaldeko inguruneetan arrain teleosteo primitiboak (4. irudia) garatu ziren; arrain horiek, gaurko arrain-espezie nagusien aitzindariak zirenak.

4. irudia: Ezkutuberezi carmeni izeneko arrain fosila. Teleosteo primitiboa da eta gure lurraldean, hezurrak lotuta dituen, aurkitu eta deskribatu den lehen ornodun fosila. Kretazeo Goiztiarra. Fosila 10 cm luze da, gutxi gorabehera. (Argazkia: Mikel A. López-Horgue)

Pixka bat beranduago geologiaren ikuspegitik, (Aptiar eta Albiarrean; 125-100 ma), itsasoaren hedapena eta sakonera handiagotu egin ziren. Failen aktibitatea ere areagotu egin zen, eta ondorioz itsasoaren sakonera kontrolatua gertatu zen: bloke hondoratuetan itsasoaren ur-zutabea handiagoa zen (>200m) bloke goratuetan baino (Sakonera txikiagoko guneek harea eta buztinen metaketa murritza erakusten zuten eta bertan koralen, bibalbio errudisten, algen eta bakterioen komunitateak kaltzio karbonatozko metaketa eragin zutelarik, plataforma eta arrezife kareharriak eratzen ziren.

Gaur egun metaketa honen adibide politak ditugu gure mendietako gailurretan bereziki: Karrantza, Anboto, Aizkorri, Aralar, besteak beste. Itsaso-sakonera handiagoetan, sedimentazioa buztintsua eta hareatsua zela, amoniteak ditugu ugari; maskorra geladuna zuten zefalopodo hauek habitat pelagiko ezberdinetako biztanleak ziren. Albiarrean zehar itsaspeko bolkanismoa eragin berezikoa zen ingurunean: prozesu honen bidez burdina bezalako metalen itsasoratzea eta inguruko tenperaturaren aldaketak gertatzen ziren.

Mikrobioz (bakterioak, algak,…) ugariak ziren kareharrien ugaritasuna eta zenbait talde anizkoitz ditugu (adib. krustazeo dekapodoak-karramarroak, otarrainak- eta amoniteak; 5. irudia) Eusko Kantauriar Arroko Albiarrean gertatutako eboluzio-gertaeren adibide, nahiz eta oraindik bolkanismoarekiko lotura frogatua ez izan.

5. irudia: Ezkerrean, Albiar Aroko Otarrain fosila. Sakonera txikiko itsasoan bizi zen, kostatik hurren. Fosila 10 cm luze da, gutxi gorabehera. (Argazkia: Patxi Rosales Espizua). Eskuman, tamaina handiko amonitea. Albiar Aroa. Sakonera handiagoko ingurune itsastarrean bizi zen. Fosilaren diametroa: 45 cm. (Argazkia: Mikel A. Lopez-Horgue)

Ingurune-aldaketa nagusiarekin batera hasten da Kretazeo Berantiarra (Cenomaniar Aroan, 100-93 ma): itsas mailaren igoera zela eta, lurraldeko eremu kontinental zabalak pixkanaka itsaspean geratuz joan ziren (prozesu honi itsas-transgresioa deritzogu), eta kostalerroa gaurko Soriaren hegoalderaino heldu zen. Itsaso zabal honetan kaltzio karbonatozko sedimentazioa nagusitu zen, bereziki zelula bakarreko bizidun planktonikoen oskolez osatuta.

Ikertzaileen arabera Bilbo-Plentziaren aldeko eremuan itsasoaren sakonera 1500-2000 metrora heldu zen Coniaciar Aroan (86 ma). Transgresio hau prozesu geologiko nahiko arina izan zen (iraupena 15 ma), eta bertan, hainbat prozesu gertatu ziren: plataforma itsastarreko hedapenaren handiagotzea, sakonera-aldaketak, korronte ozeanikoen banaketaren aldaketa. Neurri handi batean, baldintza berri hauei aurre egin beharra erronka handia izan zen bizidunentzat baina modu berean sortzear zeuden talde berrientzako aukera ere. Esate baterako, Kretazeo Goiztiarreko amonite talde ugari desagertu ziren Albiarraren amaieran (99 ma), berriz talde gutxitik dibertsifikatuz baldintza berrietan. Halaber, arrain teleosteo primitiboak desagertu egin ziren, arrain berriei bidea utzita.

Arrezife eta karbonatozko plataformen “eraikitzaileak” (koralak, bibalbio errudistak,…) Eusko Kantauriar Lurraldearen hegoaldeko sakonera txikiko zenbait ingurunetara mugatu ziren. Itsaspeko bolkanismoaren garai berria gertatu zen Santoniarrean (86-83 ma) itsas hondo sakonetan.

Ibaiak iparralderantz hedatu ziren Campaniarrean eta Maastrichtiarrean (83-66 ma), eta horrela ingurune-aldaketa bideratu zen . Aro hauetako estuario eta kostetan hareak eta buztinak ditugu sedimentu nagusi; ingurune hauetan marrazoak eta arraiak dibertsifikatu ziren. Garaikideak ziren ibaietako sedimentuetan Europako Kretazeo Berantiarreko ornodun-fauna kontinental dibertsifikatua eta garrantzitsuenetakoa gorde zen, 40 espezie baino gehiago izanik orain arte aurkituak direnak: dinosauroak, pterosaurioak, krokodiloak, dortokak, sugeak, muskerrak, anfibioak, ugaztunak eta arrainak.

Yucatanera eroritako meteorito baten talkak adierazten digu Kretazeoaren amaiera (66 ma), gure planetako bizidunen suntsipen masiboa eragin zuelarik. Izan ere, espezietako %76aren desagerpena ekarri zuen. Lurreko historian gutxienez 7 suntsipen masibo bereizi dira orain arte. Gure lurraldean prozesu hau Sopela, Zumaia eta Bidarteko itsas sakoneko sedimentuetan erregistratu zen. Hauetan, iridio metalaren kontzentrazio oso altuak dituen 1-7 cm-ko lodierako buztin-geruza mehe bat antzeman zen. Buztin-geruza honek lurrazaleko iridio-kontzentrazioa baino ehun aldiz altuagoa erakusten du. Datu hau meteorito baten talkaren adierazle argia da, Lurretik kanpoko gorputz hauek antzeko iridio-kantitatea izaten dute eta.

Bizia Kretazeoaren ostean berriro hasi zen jorratzen bere bidea, baita aldaketak jasaten ere. Geologiak Lur dinamikoa erakusten digu, eta dinamismo horrek bizidunen garapena zein ingurune-aldaketak kontrolatzen dituzten prozesu ugari hartzen ditu barne. Kretazeoa Lurraren historiaren tarte txikia baina zoragarria da, eta bere erregistroa Eusko Kantauriar Lurraldean bereziki garrantzitsua dugu.

Eta, honen ondoren, baietz ikusi gure paisaia beste ikuspuntu batetik?

Gehiago jakiteko:

  • Bodego, A., López-Horgue, M. A., (2018). “Geología de los Pirineos occidentales: evolución ambiental a través de sus rocas y fósiles”. Registro fósil de los Pirineos occidentales, Eds.: Badiola et al., p.35-52. Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritza.
  • López-Horgue, M. A., Agirrezabala, L. M., Burgos, J., (2018). “Los ammonoideos de Mutriku: patrimonio único a preservar”. Registro fósil de los Pirineos occidentales, Eds.: Badiola et al., p.269-271. Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritza.
  • Bodego, A., López-Horgue, M. A., (2018). “Grandes desconocidos del registro fósil: los crustáceos decápodos del Mesozoico y Cenozoico de los Pirineos occidentales”. Registro fósil de los Pirineos occidentales, Eds.: Badiola et al., p.109-116. Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritza.

———————————————————————————-

Egileaz: Mikel López-Horgue Estratigrafia eta Paleontologia Saileko irakaslea da eta Kretazeoan ikertzailea UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean.

———————————————————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #256 - Zientzia Kaiera

[…] Denok dugu buruan Jurasiko Periodoa, baina ba al dakigu zein den Kretazeo Periodoa? Mikel Horguek artikulu honen bidez azaltzen digu. Kretazeo Periodoan sedimentuak itsasora garraiatzen zituzten ibaiez gain, bazeuden deltak, hondartzak, estuarioak, …, hau da, ingurune sedimentarioak. Gure lurraldeko arrokak ikurtuz jakin daiteke periodo horretan gure lurraldea gune subtropikala zela eta ingurune-aldaketa ugari jasan zituela. Horguek adierazten duen moduan Kretazeoa bi denbora-ataletan banatzen da Goiztiarra eta Berantiarra. Bi garai hauei buruz gehiago jakin nahi baduzue, irakur ezazue artikulua osorik. […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>