Bi hilean behin hortzak aldatzen zituen dinosauroak

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

EHUko, Errioxako Unibertsitateko, Madrileko Unibertsitate Konplutentseko eta Errioxako Interpretazio Paleontologikorako Zentroko ikertzaileek egindako ikerketa batek agerian utzi du dinosauro Espinosauridoek hiru belaunaldi hortz garatu zitzaketela aldi berean. 1983an aurkitutako Dinosauro haragijale baten masailezurreko hondar fosila berraztertzen ari zirela, albeolo berean animaliaren hortz funtzionala, hortz hori ordezkatuko lukeen pieza eta bigarren hotz horren ordezkoaren jatorria identifikatu zuten.

hortzak
Irudia: Ezkerrean: Fosilaren irudiak, albotik eta goitik ikusita. Eskala: 5 cm. Eskuinean: Fosilaren kokapena (kolorez) espinosauro baten burezurraren irudian. Eskala: 25 cm. (Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa)

Orain arte jakina zen espinosauridoen espezie batzuek beste teropodo batzuek baino azkarrago alda zitzaketela hortzak. Estimazioen arabera, dinosauro haragijale ertain/handi hauek, garezur luzexka zeukatenaketak krokodiloen antzeko hortz konikoak 60-68 egunean behin berritzen zituzten. Ikerketa honek egiaztatu du talde osoaren ezaugarria zela.

Horrek eragiten zuen oso azkar aldatzea hortzak eta Behe Kretazeoan Iberiar penintsulan hainbeste espinosaurido-hortz aurkitu izanaren arrazoia ere izan daiteke. Hortz horiek, gutxi gorabehera kono forma eta zenbait zentimetroko neurrikoak, ibaiek garraiatzen zituzten aintziren inguruetaraino. Denborarekin, fosil bihurtzen ziren. Behe Kretazeoko (145 eta 113 milioi urte bitartean) aztarnategi iberikoetako ornodunen aztarna ohikoenetako bat dira gaur egun.

Hortzak horren maiz aldatzeko zergatia zehaztasunez ez dakiten arren, uste dute ezaugarri horrek aukera ematen ziela uneoro hortz funtzionalen kantitate handiagoa edukitzeko. Hori funtsezko abantaila izango litzateke harrapakinei masailezurraz eusteko esfortzu handia egin behar baitzuten.

Orain arte Igean (Errioxa, Espainia) egin diren azterketa paleontologikoak nabarmenak dira espinosauridoen hezurren hondakin ugari aurkitu direlako, artean, zenbait banakoren eskeleto partzialak. “Ikerketa horri esker, dinosauro haragijaleen talde hain berezi horren aniztasunari buruzko ezagutza hobetuko dugu. Igeako aztarnategietan seguruenik bi espezie aurkituko ditugu gutxienez”, esan dute Erik Isasmendi eta Xabier Pereda-Suberbiolak, UPV/EHUko Geologia Departamentuko paleontologoek. Beraz, Errioxako herri hori munduko leku garrantzitsuenetakoa da espinosauridoen azterketarako.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Dinosauro espinosauridoek hortzak aldatzeko maiztasuna da Kretazeoko aztarnategietan ugari aurkitzearen arrazoia

Erreferentzia bibliografikoa:

Isasmendi, Erik; Navarro Lorbés, Pablo; Sáez Benito, Patxi; Viera, Luis I.; Torices, Angelica; Pereda Suberbiola, Xabier (2022). New contributions to the skull anatomy of spinosaurid theropods: Baryonychinae maxilla from the Early Cretaceous of Igea (La Rioja, Spain) Historical Biology. DOI: https://doi.org/10.1080/08912963.2022.2069019

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..