3.000 urtez gurutzatu ziren Europako lehen nekazariak tokiko ehiztariekin

Europako neolitizazioa argitzeko Hungaria, Alemania eta Espainiako duela 8.000-4.000 urteko 180 genoma berreskuratu dituzte .

Europako neolitikoko gizakiak Anatoliatik etorritako nekazarien ondorengo zuzenak zirela eta ehiztari-biltzaile lokalekin nahasketa eskasa izan zutela da orain arteko ikerketek ezarri dutena. 3.000 urtez elkarrekin gurutzatu zirela frogatu du ikerketa honek, uste horren kontra.

Jakina zen mesolitoko ehiztariak eta nekazariak genetikoki ezberdinak zirela, baina ordezkapen prozesu horren tokiko dinamikak ia ezezagunak ziren orain arte. Ehiztari-biltzaile izatetik nekazari izatera pasatzeak (neolitizazioa) trantsizio demografikorik handiena suposatu zuen gizakiarentzat milioika urtean. Orain dela 10.000 urte inguru sortu zen nekazaritza Ekialde Hurbilean eta Europara zabaldu. Nekazari taldeak mesolitikoko ehiztariak ordezkatu zituen milaka urte gutxi batzuren ostean.

Europako hiru eskualde ezberdinetako (Hungaria, Alemania eta Espainia) lagin genomikoak sekuentziatu eta aztertu dituzte ikerketan; Espainiako 38 lagineko datu genomikoak erabili dira, horietatik 17 ezezagunak izan dira orain arte eta bai Burgoseko eta baita Arabako aztarnategietako laginak erabili dira. Sekuentziazioari esker jakin ahal izan da lehen nekazarien etorreraren ostean tokiko ehiztariekin gurutzatu zirela zenbait mendetan zehar hiru kasuetan.

Dibertsitate genetikoa prozesu lokalen ondorio izan zirela utzi du agerian ikerketak, aztertutako hiru zonaldeetan ehiztari-biltzaile leinu iturri eta proportzio ezberdinak daudela. 2006an La Braña-Arintero (Leon) ehiztari mesolitikoa aurkitu zuten eta duela apenas hiru urte sekuentziatu zuten bere genoma. Bada, Iberiar penintsulako neolitiko ertaineko, azken neolitikoko eta kalkolitikoko nekazarien genomek La Brañako ehiztarietatik jasotako %25eko osagai genetikoa agertzen dutela aurkitu du ikerketa honek. Europa erdiko genomek, bere aldetik, inguru hartako ehiztariekiko antza agertzen dute.

Zenbait kasutan, Europa erdian gehienbat, arbaso mistoak dituzten norbanakoak aurkitu dira, baita nekazarien artean bizi eta lurperatuak izan ziren ehiztariak ere. Neolitizazio prozesua uste zena baino konplexuagoa izan zela irudikatu du ikerketak, nekazarien migrazio hutsa edo prozesu demografiko uniformea ez zela izan frogatzen baitu.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Neolitikoko biztanleria europarraren eraldatzea

Erreferentzia bibliografikoa

Mark Lipson et al (2017) ‘Parallel palaeogenomic transects reveal complex genetic history of early European farmers’. Naturedoi: 10.1038/nature24476.

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #177 - Zientzia Kaiera

[…] neolitizazioa argitzeko Hungaria, Alemania eta Espainiako duela 8.000-4.000 urteko 180 genoma berreskuratu dituzte. Hori aztertuz, jakin ahal izan da lehen nekazarien etorreraren ostean tokiko ehiztariekin […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>