Begoña Ochoa: Kolesterolaren homeostasitik Zientzia Politikara

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Hiart Navarro eta Begoña Sanz

Zientziaren arloan, Begoña Ochoa Olascoaga litzateke ikerkuntza-sarearen garapenean lagundu duten emakumeen artean, izen aipagarri bat UPV/EHUn. 1975. urtetik Fisiologiako Saileko irakasle izateaz gain, bere ikerkuntza-curriculumak ere bikaintasun-ibilbidea islatzen du. Besteak beste, kolesterolaren metabolismoa hobeto ezagutzeko asmoz ikerkuntza-egitasmo ugari zuzendu ditu. Bikaintasun saria jaso duten hainbat tesiren zuzendari edo zuzendarikide izan da eta bere ikerkuntzaren emaitza modura, 100 argitalpen inguru egin ditu. Horrez gain, kudeaketaren alorrean ere lorpenak nabarmenak izan dira.

Begoña Ochoa Fisiologiako Katedraduna da UPV/EHUn eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean Idazkari eta Ikerkuntza Dekanorde postuak betetzen lehen emakumea izan zen eta Fisiologiako Saileko lehen emakume zuzendaria. Bestalde, 2009tik 2013ra bitartean Eusko Jaurlaritzako Politika Zientifikoko zuzendaria izan zen.

Hau guztia ikusita, argi dago andre honen ibilbidean izugarri handiak izan direla bere jarduera akademikoa, eta Unibertsitatean izan duen jarduna. Horregatik, 2018/2019 ikasturtearen amaieran erretiratu egingo dela eta, ekainean, bere omenez ekitaldi bat antolatu dute Olatz Fresnedok eta Susana Cristobalek (bere doktoregaiak izandakoak eta ikerketa-taldeko kideak), UPV/EHUko bide-urratzaile izan diren emakume zientzialariak ikusgai egiteko asmoz.

1. irudia: Eskuinetik ezkerra, Begoña Ochoa Fisiologiako katedraduna, Begoña Sanz irakaslea eta ikertzailea eta Hiart Navarro ikertzailea. (Argazkia: Jon Torres Unda)

Ekitaldi horren harira, Begoña Sanz eta Hiart Navarro, Fisiologia Saileko kideak berarekin elkartu gara bere bizipenak gertuagotik ezagutzeko asmoz. Izan ere, 40 urte baino gehiagoko karrera baten ostean agur esateak oroitzapen eta sentimendu ugari ekar ditzakeela uste dugu. Honen inguruan galdetuta, Begoñak dio klaseen prestakuntzak beti eragin izan diola nolabaiteko estutasuna, baina ikasleen arreta lortzeak asebete egiten duela. Hori dela eta, badirudi azken klasea ez zuela lehenengoaren aldean oso ezberdin bizi izan. Ikasleekin elkarrekintzaren falta sumatuko du batez ere, baina unibertsitateari lotuta jarraituko du 2019/2020 ikasturtean gutxienez, Ohorezko Irakasle Kolaboratzaile izateko eskaera onartu baitio Unibertsitateak. Horren karrera luzearen ostean, ondorengo belaunaldientzat honako aholkua ematen digu: “Maitemindu lanarekin. Lan hau edonork gara dezakeen lan hoberena da. Ikasteko, ezagutzeko, transmititzeko, sakontzeko, lortzeko… aukera ematen du. Zeuen burua garatu, motibatu eta lan honek eskaintzen duena dastatu.”

Aurretik esan den bezala, irakaskuntza, ikerkuntza zein kudeaketa alorretan parte hartze garrantzitsuagatik nabarmentzen da Begoña Ochoaren karrera luze hau. Askotan ez da erraza izaten 3 alorretako arduraldiak neurtzea eta bere kasuan izan ez den arren, beste askorentzat alor independenteak izan daitezkeela azaltzen zuen. Dena den, bere ustez, garrantzitsua da eguneko 24 orduetatik batzuk bizitza pertsonalerako gordetzea. Bere hitzetan, “denbora ongi kudeatu arren, garrantzitsua da gutxienezko selektibotasun maila bat izatea. Bizitzako une bakoitzean alor ezberdinak nagusitu dira, eta bizitzako egoerak aldatzen direnean garrantzitsua da egokitzen jakitea. Dena den, noizbehinka, ikerketa alorreko erritmo azkarraren ondorioz gainezka nengoelako sentipena izan dut. Bai. Batzuetan gogorra izan da.”

2. irudia: Begoña Ochoaren omenez ekainaren 12an egingo den ekitaldia. (Argazkia: UPV/EHU)

Ikerkuntzaren testuingurua hainbeste aldatu denez, jakin nahi izan dugu Begoñaren ustetan nolako izango ote zen bere ibilbide profesionala 20 edo 40 urte geroago jaioa izan balitz. Beranduago jaio izan balitz ere, antzeko ibilbidea egingo lukeela irudikatzen du baina aldaketa nabarmena ikerkuntza arloan aurreikusten du: “ ikerkuntza arloan aldaketak izugarriak izan dira. Konpetentzia ikaragarria da gaur egun, eta honekin ez dut esan nahi lehen erraza zenik, baizik eta egun zailagoa dela. Nire ustez, ikerkuntzak denbora behar du eta honen harira asko gustatzen zait azkenaldian agertu den slow science delako korrontea”.

Dena den, urte hauen alde onak eta txarrak erkatzeko eskatzen diogunean, Begoñak oso argi dauka: “Oso positiboa. Oso aberasgarria. Bizipen ugari eramango ditut nirekin, eta oso onak gainera. Noski, esperientzia txar bat zein beste ere izan dira, baina horiek ahanzturan geratzen dira”.

Egindako elkarrizketari bukaera emateko, karrera luze honetan zehar bizitakoen artean zerekin geratzen den jakin nahi genuen, eta Begoñak argi dauka erantzuna: “Unibertsitatean zein Unibertsitatetik kanpo ezagutu ditudan pertsona bikain guztiekin. Nire nortasunaren garapenean eta Lipids&Liver ikerkuntza taldearen finkapenean ohartuta ala ohartu gabe lagundu duten pertsona horiekin guztiekin. Musu-truk beti laguntzeko prest dauden pertsona horiekin guztiekin. Horiei guztiei zor diet zoriontasuna”.


Egileez: Hiart Navarro Imaz UPV/EHUko Fisiologia Saileko Lipids&Liver taldeko ikertzailea da. Begoña Sanz Echevarria (@atxikimenduz) UPV/EHU Fisiologia Saileko irakaslea eta Ageing On taldeko kidea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.