Bizkaiko Golkoa, Pirinioak eta plaka-tektonika

Zientzia eta Teknologiak 50 urte

Bizkaiko Golkoaren kokapenak eta formak eta Pirinio mendilerroaren izaerak jatorri bera dute, eta azken berrogei urteetan hau ulertzeko ikerketak egin dira. Biak dira plaka-tektonikaren ondorio, zehazki, Iberiar eta Eurasiar plaken artean gertatutako mugimenduaren ondorio. Duela ehunka milioi urte gertatzen ari den Atlantiar ozeanoaren irekitzeak lurrazal ozeaniko berria sortarazten du gandor erdi-ozeanikoan –ozeanoaren erdian kokatuta dagoen arroka magmatikoz eratutako mendilerroan-. Kretazeoan zehar (145-65 Ma) gandor honen adar bat ekialderantz irekitzen hasi zen -gerora Bizkaiko Golkoa izango dena- lurrazal ozeanikoa Asturiasko kostalde pareraino iristen delarik.

Lurrazal ozeanikoa sortu ez arren, Iberia eta Eurasiaren arteko urruntzeak, bi plaken artean itsaso bat ezartzea ahalbidetu zuen eta rift motako hainbat arro sedimentario sortu zituen Triasiar garaitik (250 Ma) Kretazeo bitartean (65 Ma). Kretazeo amaieran bi plaken hurbiltzeak arro sedimentario hauetan metatutako materialak tolestu, failatu eta itsas mailaren gainetik azaleratuko ditu eta ondorioz Pirinio mendilerroa sortuko da (1. irudia).

1. irudia: Pirinioetako mendiak (Argazkia: Coline Buch / Flickr – CC BY-NC-SA 2.0 lizentziapean)

Pirinioen zein Bizkaiko Golkoaren jatorria bat izanik, batean zein bestean egiten diren ikerketek bien jatorria ulertzeko balio dute. Irekiera prozesua ulertzeko lurrazal ozeanikoan erregistratzen diren bandeatu magnetikoak (gandor erdi-ozeanikoarekiko paraleloan kokatuta, lurrazala sortzerakoan lurraren eremu magnetikoa erregistratzen duten banda sistema) eta aipatutako arro sedimentarioetan metatutako arrokak aztertzen dira. Bandeatu magnetikoak ikertzeko Bizkaiko Golkoko eta Atlantiar ozeanoko itsas hondoak metodo geofisikoen bidez aztertzen dira; bertako arrokak berriz, zundaketen bidez lortzen dira. Gainazaleko (kontinenteko) azterketak geofisikaz eta arroken azterketa zuzenaz egiten dira Pirinio mendilerroa eratzen duten arroetan (Euskokantauriar arroan, adibidez).

Kretazeo amaieran eta Paleogenoan zehar Alpetar orogeniak, Pirinio mendilerroa sortu zuen, eta hori dela eta, Kretazeoko irekitze fasea ikertu ahal izateko, materialen jatorria aztertu eta ulertu behar da. Era berean, egun mendilerro horrek duen egitura tektonikoa aztertu beharko da, metatzerakoan zuten kokapena eta egiturak ezagutu ahal izateko.

Oso eztabaidatuak izan dira Iberia-Eurasia plaken arteko irekieraren kantitate eta iraupenak, zein euren arteko mugen izaerak, eta egun ere, geologoen artean ez da adostasun osorik lortu. Izan ere, desberdin interpretatzen dituzte batzuek eta besteek Ipar Atlantiar ozeanoan eta Bizkaiko Golkoan 126 -118.5 Ma adin bitarteko itsaspeko anomalia magnetikoak, hau da, lurraren eremu magnetikoaren aldaketen erregistroa. Gandor erdi-ozeanikoetan sortutako anomalia magnetikoak isokronatzat hartzen dira (adin bereko gainazalak kontsideratzen dira), lurrazal ozeaniko sortu berriaren hozketa prozesuak lurraren eremu magnetikoan gertatzen diren aldaketak erregistratzen baititu (eta hauek, geologikoki, istant batean gertatzen dira). (2. irudia)

2. irudia: Atlantiar ozeanoko lurrazal ozeanikoaren adin-mapa. Gandor erdi-ozeanikoetan lurrazal ozeaniko berria sortzen denez, bertan adin gazteenak erregistratzen dira, irudian gorriz, eta simetrikoki alboetara, adin zaharragoak (Iturria: AEBko Ozeano eta Atmosferaren Administrazio Nazionala / Wikimedia Commons – jabego publikoko argazkia)

Arazoa ondorengoa da: Bizkaiko Golkoaren irekiera ikertzeko erabilitako anomalia magnetiko batzuk ez dira lurrazal ozeanikoko eremuetan aurkitzen, eta ondorioz, ikertzaileek anomalia hauen izaera eta jatorria zalantzan jartzen hasi dira azken urteetan. Ikertzaile batzuen arabera, anomalia hauek ez lirateke lurraren eremu magnetikoaren aldaketen ondorioz sortuak izango eta beraz, ezin erabil daitezke isokrona gisa (iraupen berdineko tarteetan egiten diren mugimenduak). Hau horrela, anomalia magnetikoen izaeraren interpretazio anitzak erabiliz, Kretazeo garairako, Bizkaiko Golkoa-Pirinioen irekitzea gertatu zenean, Iberiar plakaren kokapena ezberdina da.

Kontutan hartuta interpretazio ezberdin edo okerren ondorioz irekitze prozesuaren hasieran Iberiar plakaren kokapena bestelakoa izango litzatekeela eta baita, egungo bere kokapena ezagututa, irekitze eta ixte prozesua azaltzeko proposatu diren ereduak, hiru talde nagusitan multzoka daitezke. (3. irudia)

3. irudia: Kretazeo garaian Iberiar plakak jasan zuen mugimendua azaltzen duten eskemak, hiru taldetan multzokatuta. Anomalia magnetikoen interpretazio ezberdina dela eta, Kretazeo garairako Iberiar plakaren kokapena ez dator bat hainbat autoreen arabera (Ilustrazioa: Arantxa Bodego)

A. Iberiaren errotazioak sortutako “goraize” irekiera eredua

Eredu honen arabera (irudiko A eredua) bi plakak elkarrengandik ~200-500 km aldendu ziren Kretazeoko irekitze prozesuan zehar, Iberiar plakak bere baitan kokatutako errotazio-ardatz bertikal batekiko ~35º biratzen duelako erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan. Modelo honen arabera, Iberiar plakaren desplazamendu-abiadura handia izan beharko zen, orogenia alpetarra gertatu zenerako, aipaturiko distantzian Europatik aldendu eta berriz gerturatzeko.

B. Eurasia-Iberia mugan zehar urratze senestro bidezko irekiera modeloa

Plaken arteko aldentzea Kretazeo garaian gertatu zen Iberiar plakaren ekialderanzko mugimendu erlatiboak -mugimendu senestroak- eraginda (irudiko B modeloa). Translazio honek Iberiar plaka urratze faila handi batean zehar ~300-500 km desplazatzea eragiten du, eta faila hau bi plaken arteko mugatzat hartzen dugu.

Faila hau gaur egungo Ipar-Pirinioetako failan zehar kokatuko litzateke. Dena dela, faila honen gaurko jarraipena ez da guztiz argia (ez landan, ez metodo geofisikoen bitartez) eta plaken arteko mugatzat jotzeak ikertzaileen artean desadostasuna sortzen du.

C. Lurrazalaren hiper-estentsioaren modeloa

Azken hamarkadan egile batzuek datu geofisiko, tektoniko eta sedimentologiko berriak plazaratu dituzte. Bertan, lurrazalaren muturreko estentsioa (hiper-estentsioa) justifikatu dute (irudiko C modeloa). Estentsio hau angelu handiko failen bidez gertatzen da, lurrazal kontinental guztia zeharkatu ondoren, eta sakonean horizontal jartzen direlarik, mantura iristeraino.

Bizkaiko Golko-Pirinioetan identifikatu diren mota honetako failak ekialde-mendebalde norabidean luzatzen dira, eta hauek baliatuz ipar-hego mugimendu dibergenteen (edo aldentze mugimenduen) ondorioz golkoaren irekiera gertatu zen eta bi plakak elkarrengandik urrundu ziren. Modelo honen arabera, Iberiar plakak behe Albiar arte (126 Ma), hego-ekialderanzko desplazamendua jasaten du, eta ondoren hegoalderantz mugitzen da, Campaniar estaia arte (83.5 Ma).

Eredu honetan gauza garrantzitsuena da: lurrazala muturreraino mehetzen da mantuko arrokak itsas hondoan azaleratu edo arro sedimentarioaren sedimentuekin kontaktuan geratu arte. Hala ere, bi plaken arteko dibergentzia ez da nahikoa izan Kantauriar itsasoaren ekialdean eta Pirinioetan zehar gandor ozeaniko berria sortzeko (Asturiasko kostaldetik mendebalderantz bakarrik sortu baitzen). Modelo honen arabera eztabaidagai diren anomalia magnetiko batzuk mantuko arroken alterazio prozesuen ondorioz sortutakoak dira, hau da, mantuko arrokak itsas hondora azaleratzerakoan sortutakoak, eta ez gandor erdi-ozeanikoetan sortutakoak; beraz, ezingo lirateke erabili eremu geomagnetikoaren inbertsioaren isokrona gisa (4. irudia).

4. irudia: Hiper-estentsioaren bidez lurrazal kontinentala mehetzen duen mekanismoaren eskema, zehar-ebakia. (Ilustrazioa: Arantxa Bodego)

Bada azken modelo bat ere, datu geofisikoetan bakarrik oinarritzen dena eta oso autore gutxik defendatzen dutena. Kasu honetan, Kretazeoan zehar Eurasiar eta Iberiar plaken aldentzea izan gabe, bien arteko konbergentzia (hurbiltzea) gertatu zela defendatzen da, beraz, Bizkaiko Golkoa eta Pirinioak subdukzio-ertza eta arku magmatikoak izango lirateke. Dena dela, ez da oraindik aurkeztu modelo hau aintzat hartzen duen landako datu geologikorik.

Modelo hauek guztiak joan den mendeko 70. hamarkadatik aurkeztu eta eztabaidatu dira, denborarekin berritu eta hobetuz datu geologiko eta geofisiko berrien bidez. Asko dira gai honen inguruan lanean diharduten ikerketa-taldeak Europako zein Espainiar Estatuko unibertsitateetan. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) geologoek ere 90. hamarkadatik modelo baten edo bestearen alde artikulu zientifiko ugari argitaratu dituzte, asko erreferentziazko artikuluak bilakatu direlarik. Tamalez, gaur egun oraindik ere ez da lortu aipaturiko modeloetatik bakar batek ere ezagutzen diren datu geologiko eta geofisiko guztiak modu koherente batean interpretatzea. Eztabaida honen guztiaren erdian azken urteotan hiper-estentsioaren modeloak hautsak harrotu eta gaiaren eztabaidan iraultza bat ekarri du. Hala ere, oraingoz, diskusio zientifikoak bere horretan jarraituko duela dirudi. Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia ataleko kideok lanean jarraituko dugu datu berriak plazaratuta eztabaida zientifiko hau argitzeko asmoz.

Gehiago jakiteko

  • Tugend, J., Manatschal, G., Kusznir, N.J. (2015). Spatial and temporal evolution of hyperextended rift systems: Implication for the nature, kinematics, and timing of the Iberian-European plate boundary. Geology, 43 (1), 15–18. DOI: https://doi.org/10.1130/G36072.1
  • Barnett‐Moore, N., Hosseinpour, M., and Maus, S. ( 2016). Assessing discrepancies between previous plate kinematic models of Mesozoic Iberia and their constraints. Tectonics, 35, 18431862. DOI:10.1002/2015TC004019
  • Tavani, S., Bertok, C., Granado, P., Piana, F., Salas, R., Vigna, B., Muñoz, J. (2018). The Iberia-Eurasia plate boundary east of the Pyrenees. Earth-Science Reviews, 187, 314-337. DOI: 10.1016/j.earscirev.2018.10.008
  • Apraiz, A. eta Bodego, A. (2015). Rift kontinentala: nola mehetu zen litosfera kontinentala Euskokantauriar arroan? A. Bodego, M. Mendia, A. Aranburu eta A. Apraiz (Edz.), Euskokantauriar arroko geologia (orr. 167-169). Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua.

Egileaz: Arantxa Bodego Aldasoro irakaslea eta ikertzailea da UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.