Argindarra eta ur garbia, biak prozesu berean

Juanma Gallego

Eguzki-energia erabilita, aldi berean elektrizitatea eta ur garbia sortzeko gai den gailua eraiki du ingeniari talde batek. Oraindik modu industrialean garatzeko dagoen arren, eremu idorretan erabiltzeko aproposa izan daitekeela proposatu dute.

1. irudia: Gailu bakoitzean ura gatzgabetzeko mekanismoa duten panel fotovoltaikoz osatutako instalazioa proposatu dute ikertzaileek, argindarra eta ur edangarria aldi berean sortzeko. (Irudia: Wenbin Wang / KAUST)

Mendebaldeko gizarte garatuetatik kanpo denboraldi bat ematen dutenek errepikatu ohi duten ideia da: hemengo eguneroko zereginetara itzultzean, bereziki lehen egunetan, izugarri baloratzen dute egokitu zaien bizitza. Goizean goiz esnatu, txorrotara hurbildu eta… magia! Ura ateratzen da. Ur garbia, geza eta gozoa. Baina, ezaguna denez, ur geza hori ez dago oso ondo banatuta munduan. Zenbait lekutan, bederen, ur gezik ez baina petrolioa badago… eta ez urik ez petroliorik ez duten eremu asko ere badira. Horietan gehienetan, baina, eguzki asko ere egon ohi da, eta egoerari probetxua ateratzeko lanean ari dira zientzialari eta ingeniariak.

Latza da uraren eskasia. Kalkulatzen da munduan 785 milioi bat lagunek arazoak dituztela ur edangarria eskuratzeko. Saudi Arabia eta beste zenbait emirerriren kasuan, hidrokarburoak soberan eskura izateak ur edangarri hori “ekoizteko” bidea ematen die, batez ere gatzgabetze prozesuen bitartez; baina, halere, izugarria da horrek suposatzen duen gastua. Ur garbia sortzeko erabiltzen da Saudi Arabian kontsumitzen den elektrizitatearen %15, esaterako.

Orain, zientzialari talde batek aspalditik garatuta dauden bi teknologia mota bateratu ditu, modu efizientean bi baliabide garrantzitsu eskuratu aldera: ura eta argindarra. Lehen teknologia energia fotovoltaikoa da; bigarrena, mintzen destilazioa izeneko prozesua, ura arazteko erabiltzen dena. Azken teknologia hau eguzki-energia baliatzeko gai denez, biak bateratzeko sistema batean lanean egon dira KAUST Abdullah Erregearen Zientzia eta Teknologia Unibertsitateko (Saudi Arabia) ikertzaileak. Ikasitakoa Nature Communications aldizkarian azaldu dute, zientzia-artikulu batean.

Logikak agintzen du eguzki-panelek bero asko biltzen dutela, eta bero hori ere galdu egiten da: gaur egun ekoizten diren panelek muga fisikoak dituzte eguzki-argia elektrizitate bihurtzeko, batez bestean %10-20 da lortzen den proportzioa. Horregatik, efizientzia hori hobetzeko lanean daude mundu osoan milaka ingeniari, bereziki perosvskita izeneko minerala ikertzen.

Arazoa da soberan geratzen den hondar-bero hori ez dela nahikoa argindarra sortzeko. Baina bai, antza, ura garbitzeko teknologia batean erabiltzeko haina, ikertzaile talde honek proposatu duenez. Zehazki, MSMD izeneko teknologia da eguzki-paneletan txertatu dutena, etapa anitzeko mintza duen destilazio unitatea, hain zuzen. Hori panelen atzeko aldean jarrita, ur garbia lortzeko modua dago, eguzki-panelen efizientzia mantenduta.

2. irudia: Panel fotovoltaikoaren atzeko aldean dago jarrita ura garbitzeko mekanismoa. Urdin ilunean, itsasoko ura; laranjan, mintzak; azkenik, urdin argian, garbitutako ura. (Irudia: Wenbin Wang / KAUST)

Destilazio prozesu honetan, bahe baten funtzioa betetzen duen mintza porotsua erabiltzen da, ur kutsatua eta ur garbia bereizte aldera. Panelak biltzen duen beroa erabiltzen da ura berotzeko, eta, ondorioz, ura lurrundu egiten da. Iragazki batetik pasatuta bukatzen da prozesua, eta gero ur garbi hori jasotzen da. Ura gatzgabetzeko ez ezik, kutsatutako ura garbitzeko erabiltzeko moduko metodoa dela azaldu dute. Adibidez, metal astunak kentzeko.

Egin duten proba desberdinetan, eguzki-panelen efizientzia %11 izatea lortu dute, batez bestean. Egileen esanetan, ura tratatzeko mekanismoa ez duten panel arrunten efizientziaren parekoa da lortu dutena. (Lehenago aipatu bezala, %10-20 tartean kokatzen da efizientzia hori gaur egun). Uraren tratamenduari dagokionez ere, ziurtatu dute fotovoltaikoak ez diren antzeko paneletan lortzen den uraren parean daudela lortu dituzten emaitzak.

Dena den, sistema hau eskala handira eramatea ez da hain erraza izango. Ingeniaritzaren alorrean ia mantra bat da honakoa: laborategian sistema batek modu txukunean funtzionatzea ez da nahikoa, gero modu masiboan aplikatu behar dira horrelako teknologiak; normalean, gainera, asmakizun berriak indarrean dauden beste hainbat teknologiarekin batera harmonizatu behar dira. Hala eta guztiz ere, bi prozesuak aldi berean egiteko aukera abantaila moduan aurkeztu dute, horrek kostuak gutxitzea ahalbidetuko duela uste dutelako.

Garatu duten teknologia hau gaur egun ura garbitzeko erabiltzen diren beste teknologien alternatibatzat aurkeztu dute ingeniariek, eta garapen bidean daudelako handiagoak eta garestiagoak diren azpiegituretara jo ezin duten inguruetan aplikatzeko aproposa dela adierazi dute. Etorkizunean bertakoen bizi kalitatea hobetzen lagunduko duen esperantza agertu dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Wang, P et al. “Simultaneous production of fresh water and electricity via multistage solar photovoltaic membrane distillation”. Nature Communications (2019). DOI: 10.1038/s41467-019-10817-6.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>