Zientzia begi-bistan #266: Udako bilduma

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Argazkia: Steve Bidmead / Pixabay

Genetika

Ez dago erlazio garbirik sexu bereko pertsonekin sexu-harremanak izatearen eta geneen artean, ikerketa batean ondorioztatu denez. Ikusi dute DNAk dituen milioika markatzaileren artean, bostek badutela lotura jokabide ez-heterosexualarekin, baina haien eragina oso txikia dela. Horrez gain, ikertzaileek berretsi dute sexu-zaletasunak eta jokabideak eredu bitarra eta heterosexuala gainditzen duela. Baduzue informazio gehiago Elhuyar aldizkarian

Ingurumena

Suteak arriskuan jartzen ari dira baso borealen karbonoa biltegiratzeko funtzioa. Baso hauek funtsezkoak dira karbonoaren zikloan, lurreko karbonoaren % 30-40 biltegiratzen baitute. Ondorioztatu dute, suteetan, zuhaizti zaharrek ehunka urtetan metatutako karbonoari eusten diotela, azalean izaten duten lur-geruzaren babesari esker baina ez da hori bera gertatzen 60 urtetik beherako zuhaiztietan

Medikuntza eta Osasuna

Ikerketa batek aditzera eman du azido foliko gehiegi hartzeak (1000 mikrogramo edo gehiago egunero), pisuari dagokionez, umeak adin gestazionalerako txikiak izatearen arriskua handitzen duela. Hala ere, erreplikazio beharra azpimarratzen dute ikertzaileek.

Zer dira konposatu fenolikoak? Egitura kimiko ezberdinak dituzten sustantziez osatutako multzo zabal bat dira. Polifenolak berez landareetan egoten dira eta ondorioz landare jatorriko elikagaietan (barazki, ortuari, fruta, fruitu lehor, ardo…) topa daitezke. Konposatu hauek gure gorputzera sartzen direnetik, hainbat eraldaketa jasaten dituzte. Ondorioz, odolera eta ehunetara iristen den kantitatea oso txikia izan ohi da. Konposatu hauek oxidazioaren aurka jarduteko ahalmena erakutsi dute.

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) erabaki du Britainia Handia dagoeneko ez dela elgorririk gabeko lurraldea. 2017an elgorria ezabatu zuela adierazi zuen MOEk baina orain jakin denez ez da maila horri eusteko gai izan. Elhuyar aldizkariak azaldu digu berria.

Ariketa fisikoak bizitza osoan zehar hezur-indarraren hobekuntzan eta hezur-mineralaren metaketa eta mantentzean eragiten du. Halere, kontuan hartu behar da ariketa mota guztiek ez dutela modu berean eragiten hezur-osasunean. Ariketa fisikoaren bitartez hezur mineralaren metaketa nola sustatu eta mantentzeko irakur ezazu osorik artikulu hau.

Biologia

Erleak arriskuan daude eta horiek salbatzeko dei orokorra egin da. Polena garraiatzen landareen ugalketa ahalbidetzen dituzten animaliak dira polinizatzaileak. Ezagunenak dira ezti-erleak baina ez dira polinizatzaile bakarra. Badira beste intsektu batzuk: tximeletak, liztorrak, inurriak, kakalardoak, euliak… baita zenbait ornodun, hala nola, saguzarrak, kolibriak, zenbait karraskari eta baita sugandilak ere. Polinizazioen %14aren arduradunak baino ez dira ezti-erleak.

Eta zein da polinizatzaileen egoera? Horien neurketak egitea oso zaila da. 2014.urtean publikatu zen horri buruzko artikulua. Bertan, polinizatzaile ornodunen %16.5 eta polinizatzaile ornogabeen %40 baino gehiago desagertze arriskuan daude IPBES txostenaren arabera. Erleei dagokienez, erle espezieen %9 inguru dago arriskuan, IUCN lista gorriaren arabera.

Txinako laborategi batean gizaki-tximino kimerak sortu dituzte. Tximino baten enbrioian giza zelulak txertatu dituzte, transplanteetarako organoak sortzeko bideak ikertzeko asmoz.

Ikerketa batek aditzera eman du gizakion plazentan ez dagoela mikrobiorik. Orain arte egin den ikerketarik zabalena egin dute: 537 emakumeren plazenta-lagin. Elhuyar aldizkaria azaldu digunez, ondorioztatu dute haurdunaldi osasuntsuetan plazentan ez dagoela mikroorganismorik, eta kontaminazio-arazoek azaltzen dituztela aurretik egindako detekzioak.

CRISPR bidez aktibatzen den material adimentsu bat sortu dute Massachussets Teknologia Institutuan. Materiala diagnostikoak egiteko (ebolarekin probatu dute), edo terapian, botikak modu adimentsua askatuz (minbizian edo infekzioetan) baliagarria izan daiteke.

Kimika

Arma kimikoek substantzia kimikoen propietate toxikoak erabiltzen dituzte. Horiek erabili ziren lehenengo aldiz Lehen Mundu Gerran; alemaniarrek kloro gasa erabili zuten frantses eta kanadarren aurka Ypresen (Belgika). Arma kimikoen arriskua dela eta, 1971.urtean Arma Kimikoen Hitzarmena jarri zen indarrean. Ziape-gasa, adibidez, 1822an sortu zen eta 1917an erabili zen lehen aldiz. Gorputzean eragiten duen kaltea zein den ez da ezagutzen oraindik.

Artikulu honetan, molekula-egiturak BODIPY (BOron DIPYrromethene) deritzen koloratzaileen propietate fotofisikoetan duen eragina aztertzen da. Eremu espektral ikusgai osoa betetzen duten BODIPY koloratzaile berriak garatu dira lan honetan eta hauek aproposak dira bai zuntza fluoreszente bezala prozesu biokimikoak behatzeko mikroskopia fluoreszentea bitartez (bioirudia), bai ingurune aktibo moduan erabiltzeko igorpen sintonizagarria duten laserrak lortuz.

Merkatuan oso hedatuak dauden bi polimeroren azterketa ikusmiran: polipropilenoa eta poliamida 6. Bi polimero horien nahasteak prestatu dira eta kopolimero- konpatibilizatzailea eta nanosilika gehitzeak nahaste horietan duen eragina aztertu da. Neurketa biskoelastikoen bidez lortzen diren erlaxazio-espektroen azterketak morfologian gertatutako aldaketak detektatzeko gai direla frogatzen da.

Biomedikuntzan inplante moduan erabiltzeko material berrien eskaera handia dago. Polimeroek eta material ez-organikoek errefus arazoak sortzen dituzte baina batzuetan aproposenak dira. Sortzen duten arazoetako bat da bakterioak pilatzen direla, biofilmak sortuz (bakterio komunitate bat). Hauek inplante artifizialetan eratzen dira gure ehun zelularrak hazi baino lehen. Lan honetan azaltzen da nola eraldatu duten bi substratu motaren gainazala; bata ezorganikoa eta bestea polimerikoa. Egindako lanari esker, materialaren hidrofilitatea areagotzea, eta horrela, bakterioen aurkako gainazala lortu da.

Astronomia

Oso zaila da FRB seinaleak (ingelesezko fast radio burst), hau da, irrati eztanda azkarrak, ikertzea, eta haien jatorria misterio bat da oraindik. 2007. urtean detektatu zen lehenengoa, geroztik dozenaka jaso dira. Joan den ekainean jakin genuen aurrenekoz aurkitu zutela errepikatu ez den halako seinale baten jatorria. FRB 180924 seinalea 3.600 milioi argi-urtera dagoen galaxia baten kanpoko aldean kokatu dute.

2019ko apirilaren 11n Beresheet zunda israeldarrak talka egin zuen Ilargiaren aurka. Kolpearen ondorioz, zunda suntsituta geratu zen, eta zeraman zama Ilargiaren azalean sakabanatu zen. Zama horren artean, milaka tardigrado zeuden. Hauek izaki mikroskopikoak dira, eta ezagunak dira egoera gogorrenetan irauteko gaitasun harrigarria dutelako. Kezkagarriena auzi honetan hainbat adituren ustez da informazio hori ezkutatu izana. Tardigradoekin gertatu denak agerian utzi du badela garaia zehazteko zer bidali daitekeen eta zer ez espaziora.

Fisika

Munduko urrerik finena sortu dute: bi atomoko lodiera baino ez dute! Leeds Unibertsitateko ikertzaileek adierazi dute hamaika aplikazio izan ditzaketela: medikuntzan, elektronikan eta baita hainbat prozesu industrialetako erreakzio kimikoen katalizatzaile gisa ere.

Elkarrizketak

Amaia Arranz arkeobotanikaria eta Ana Galarraga zientzia komunikatzailea izan dira protagonistak elkarrizketa honetan. Bertan, gai oso interesgarriak izan dituzte mintzagai, hala nola, zientzia gizartean zabaltzearen garrantzia, ikerketak abian jartzeko beharrezko finantzaketa, sexismoa zientzian etab. Arranzek ere bere ikerketa lanaz hitz egin du, izan ere, orain arte uste zenaren kontra, demostratu du ehiztari biltzaileek ere egiten zutela ogia. Ez galdu!

Itziar Aretxaga astrofisikaria eta Alvaro Arrizabalaga arkeologoa mintzatu dira zientziaren inguruan. Biek txikitatik izan zuten zientzia jomuga; batak zeruari egin zion so, eta besteak, lurrari. Biak ikerlariak dira. Egun, Aretxaga, adibidez, galaxien sorrera eta bilakaera ikertzen ari da. Arrizabalagaren kasuan, Paleolitoarekin ari dela dio, “Euskal Herriko lehen gizakiak” ikertzen. Horretaz gain, ikerketa-lanaren garrantzia aipatu dute biek. Honen harira, Aretxagak esan du: “Zientziak, edozein zientziak, gu geure lekuan jartzeko balio du. Gure aurkikuntzekin kultura aldatzen da, eta aurre egin behar diegu aurrejuzguei“. Irakurri elkarrizketa osorik hemen!


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.