Kozinatzeak egin gintuen gizaki

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Duela hamarkada bat giza eboluzioari buruzko liburu bat argitaratu zen, eta arrakasta itzela bildu zuen. Ordutik hona, itzal gero eta handiagokoa bihurtu da, behinik behin profesionalak izan gabe, giza espeziearen bilakaeran interesa dutenen artean. Liburua Catching Fire: How Cooking Made Us Human da (espainieraz, En llamas: Cómo la cocina nos hizo humanos).

Richard Wrangham primatologoa da egilea eta haren arabera, Homo erectus espeziea orain bi milioi urte sortu zen Afrikako sabanan, hain justu, sua kontrolatu eta hura ezaugarri fisiologiko eta portaera ezaugarri zenbaiten gainean erabiltzeak izan zituen efektuengatik. Agerpen ordenaren arabera, H. erectusa da, ziur aski, Homo generoko bigarren espeziea; lehena, H. habilis genuke. Alabaina, gure bilakaeraren aldi horren gaineko ezagutza asko ari da areagotzen azken urteotan eta ezin daiteke baztertu espezieon estatusa edo haien agerpen datak aldatzea.

Irudia: Giza espeziea elikagaiak prestatzen dituen bakarra da eta Richard Wrangham primatologo eta Harward Unibertsitateko antropologia biologikoko irakaslearen ustez, ohitura hori funtsezkoa izan zen gure garunaren eta adimenaren garapenerako. (Argazkia: Karsten Madsen – erabilera publikoko lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Wranghamen arabera, elikagaiak kozinatuz handitu egin zen hauek digeritzeko eta xurgatzeko eraginkortasuna, eta horrek ondorio ebolutibo sakonak izan zituen. Elikagai batek energia eta mantenugai gehiago ematen ditu kozinatuta gordinik baino. Izan ere, kozinatzean, tamaina handiko molekula zenbaiten egitura, esaterako, proteinena edo karbohidratoena, aldatu egiten da, eta errazagoa da haiek digeritzea. Ondorioz, elikagai kantitate gutxiago behar da bizirauteko, eta denbora gutxiago bideratu behar da hura lortzera, mastekatzera eta digeritzera. Eta hori bezain garrantzitsua edo areago dena: behar dugun janaria prozesatzeko, arbasoena baino digestio sistema txikiagoa behar da, edota gorilena eta txinpantzeena baino txikiagoa.

Hala –eta hau da bilakaerarako elementu gakoa–, digestio sistema asko txikiagotu ahal izan zen, eta energia askoz gehiago bideratu genezakeen entzefaloa elikatzera; pixkanaka tamaina handitu, eta gaur egungo bolumen harrigarria izatera iritsi zen. Trantsizio hori behar bezala ulertzeko, kontuan hartu behar da digestio eta nerbio ehuna direla (giltzurrun ehunarekin bat) energia gehien kontsumitzen dutenak masa unitateko; hau da, entzefaloa eta digestio aparatua oso garestiak dira mantentzeko. Ez hainbeste giltzurrunak, txikiak direnez.

Gainera, suaren kontrolak beroa ematen du eta harrapariak arrastoan sartzeko modua. Hala, bizimodu ez hain zuhaiztarra egin zitekeen, lurzoruan denbora gehiago egotea eta jarduera gehiago egitea ekarriko lukeen, eta horrek erraztu egingo zuen zutik egotea.

Wranghamen hipotesiak arazo bat zuen orduan; orain hamar urte ez zegoen frogatuta duela bi milioi urte sua kontrolatzen zutenik. Hori bai, kontrolaren ebidentziarik ez egotea ez da kontrola ez zutelako ebidentzia. Hamar urte geroago, oraindik ezin diogu erantzun gizakiok noiz hasi ziren sua kontrolatzen, baina argitaratu berri den lan batek “errekuntzaren eta giza portaeraren arteko lotura dokumentatu” du, 1,5 milioi urteko antzinatasuna duen aztarnategi batean, Koobi Fora formazioan, Kenyako ipar-mendebaldean. Eta litekeena da lotura hori hurbileko eta garai bereko beste bi tokitan ere gertatzea. Oso zaila da duela milaka urte suaren erabilera kontrolatuaren frogak izatea. Baina Koobi Foran egindako aurkikuntzek Wranghamen hipotesiaren alde egiten dute. Hipotesi hori, oso erakargarria da bere oinarri fisiologikoengatik eta, zergatik ukatu, askori sukaldaritza ona gustatzen zaigulako.

Iturria

Hlubik, S., Cutts, R., Braun, D. R., Berna, F., Feibel, C. S., & Harris, J. W. K., (2019). Hominin fire use in the Okote member at Koobi Fora, Kenya: New evidence for the old debate. Journal of Human Evolution, 133, 214-229. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jhevol.2019.01.010.


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

7 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.