Asteon zientzia begi-bistan #291

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Ingurumena

Esteban Abad Holgado CSICeko kimikaria elkarrizketatu dute Berrian, Zaldibarko luiziaren harira. Zabortegiko suteetako kearen bidez airera zabaldu diren partikulak (dioxinak eta furanoak) kezka dira. Horiei buruz hitz egin du adituak: “Toxikoak dira; kontrolatu egin behar dira maila apaletan ere. OME Osasunerako Mundu Erakundeak berak esana du minbizia eragiten dutela; disruptore endokrino ere badira”. Halere, kimikariak dio ez zaiola aparteko larritasunik eman behar egoerari: “Kezka iturri dira dioxinekiko esposizio iraunkorrak. Kasu honetan, hamar-hamabi eguneko esposizio bati buruz ari gara; ezin dugu esan hori iraunkorra denik”.

Berriki publikatu den ikerketa batek aditzera eman du permafrostean zein izotz-geruzen azpian bilduta dagoen metanoa askatzeak ez duela izango orain uste den bezainbesteko eragina klima-aldaketan. Ondorio horretara iristeko, zientzialari talde batek duela 18.000-8.000 urte inguru, Antartikako izotzetako aire-burbuiletan bildutako metanoa aztertu du. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak.

Osasuna

Aurreko artikulu batean, Josu Lopez-Gazpiok glukosaren metabolismoan intsulinak duen garrantzia azaldu zigun. Eta oraingoan, erregulazio horretan akatsak daudenean gertatzen dena izan du mintzagai. Jakina denez, glukosaren metabolismoa intsulinak erregulatzen du eta bere funtzio garrantzitsuena glukosa odoletik zeluletara igarotzen laguntzea da. Baina pankreak intsulinarik jariatzen ez badu, zeluletako paretetan dauden glukosa garraiatzaileak ez dira behar bezala aktibatzen eta glukosa ez da modu eraginkorrean sartzen zeluletara. Horri 1 motako diabetesa deritzo.

Tontakeria bat dirudi baina aireportuetatik igarotzen diren bidaiariek eskuak ondo garbitzen badituzte, gaitz infekziosoen hedapena murriztu daiteke. Hala adierazi dute Massachusettseko Teknologia Institutuko ikertzaileek. Proposatu dutenez, munduko hamar aireportutan eskuak garbitzeko tasa handitze soilarekin, gaitz biral baten zabalkuntza asko murriztuko litzateke. Informazio guztia Juanma Gallegoren artikuluan.

Berdeguneetatik hurbil bizitzeak menopausia atzeratzen duela erakutsi du ikerketa batek. Datuek argitu digute bidea: hurbil bizi diren emakumeek urrun bizi direnak baino 1,4 urte geroago izaten dute menopausia. Ikertzaileek azaldu dutenez, menopausia hasteko adinean hainbat faktorek dute eragina, hala nola genetikak eta bizi-ohiturek; tabakoa erretzeak, obesitateak, jarduera fisikoa egiteak, etab. Berdeguneen faktoreak kortisolarekin du harremana Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez.

Paleontologia

Neanderthal heldu baten gorpuzkiak topatu dituzte Hego Kurdistanen, inguruan polen arrastoak dituela, eta hori hileta errituak frogatzeko aztarna bat izan daiteke. Cambridge Unibertsitateko laborategietara eraman dute gorpua, haren berreraiketa digitala egiteko. Halaber, ikertzaile taldea leizean aurkitutako sedimentuak ere aztertzen ari da, Berriaren artikuluaren arabera.

Astrofisika

Lehenengo aldiz, eguzki-sistematik kanpoko planeta batek bere izarrean eragin ahal izan dituen aurorak identifikatu dituzte. Hala, exoplaneta berri bat aurkitu dutela adierazi dute. Elhuyar aldizkaria azaldu digu LOFAR erabilita –Europan zehar banatutako 20.000 irrati-antenen sarea– hauteman dutela GJ 1151 izar nanoan eztanda aurorarra. Oraingoz hipotesi bat da horren aurkikuntza.

Fisika

Antihidrogenoaren propietate fisiko bat doitasun handiz neurtzea lortu dute CERNeko zientzialariek. Ikusi dute propietate hori ohiko hidrogenoaren parekoa dela eta horrekin ikertzaileek berretsi dute materiaren eta antimateriaren arteko simetria. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, antihidrogeno atomo batean dauden bi energia-mailaren arteko aldea neurtu dute eta hidrogenoan atzeman daitekeen alde hori antihidrogenoan ere dagoela frogatu dute.

Mikrobiologia

Lurpeko biosferari (mikrobio materia iluna deitzen zaio) arreta jarri dio Tennesseeko Unibertsitateko ikertzaile talde batek; izan ere, mikrobio horien populazioa lehen aldiz kalkulatu du. Datuak harrigarriak dira oso: organismo horiek guztiak 2 mila milioi km³-ko arroka bolumenean banatuta daude (Lurreko ozeano guztiek okupatzen duten bolumenaren bikoitza), Lurreko mikrobio-bizitzaren %70 izango litzateke. Nolakoak dira mikroorganismo horiek? Ez galdu artikulu interesgarria hau!

Kimika

Teknologia arloan, material porotsuak lortzeko nahia gero eta handiagoa da. Material horien artean ezagunak dira zirkonio-MOFak (ingelesez metal-organic frameworks), propietate bikainak dituelako eta bere sendotasunagatik. Halere, azken urteotan, MOFen aurrerakuntza horrekin lotuta berezko arazoak ere ageri dira, haien artean ezegonkortasun kimikoa eta termikoa. Egun, zientzialariak sendoagoak diren MOFen bila ari dira, artikuluan irakur daitekeenez.

Emakumeak zientzian

UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko fisika eta matematika departamentuetan emakumeek jasaten duten diskriminazioari buruzko ikerketa bat abiatzea pentsatu zuen Nastassja Ciprianik (Erroma, 1987). Emakunderen beka bati esker, datuekin hori frogatu du. Fisika eta matematika departamentuetako maila guztietako ikertzaileei eta irakasleei galdetuta, gehienek ez zuten ikusten emakumeen diskriminazioa. “Jende askok uste du diskriminazioa sexu jazarpen esplizitua dela”, dio Ciprianik. Ez galdu Berriako elkarrizketa interesgarri hau!

Jone Uria Albizuri matematikan doktorea elkarrizketatu dute honetan Unibertsitatea.neten. Egun BCAM-en ari da doktoretza ondoko ikertzaile gisa, Neurozientzia Matematiko, Konputazional eta Esperimentalen lan taldean. Bertan, neurozientzia ikuspuntu matematiko batetik aztertzea dute helburu. Horretaz gain, elkarrizketa honetan, bere matematikarekiko zaletasunaz eta egindako ikerketaz eta tesiaz mintzatu da.

Iraganera jauzi eginez, Jean Sammet informatikaria ezagutzeko aukera izan dugu artikulu honen bitartez. Zenbakiak maite zituen eta arlo konputazionalean murgildu zen: COBOL (COmmon Business Oriented Language) eta FORMAC (FORmula MAnipulation Compiler) programazio-lengoaiak diseinatu eta garatzeagatik bilakatu zen aitzindari.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.