Erika Cremer: gas kromatografiaren aitzindari ahaztua

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Gaur egun, laborategi kimiko guztiek daukate, tresna esperimentalen artean, “gas kromatografo” izeneko tresna bat. Teknika horrek likidoen edo gasen nahasketa bateko osagaiak bereizi eta kuantifikatzen ditu, osagai bakoitzak zutabe estu baten betegarriarekin duen elkarrekintzari esker. Zutabe horren bitartez, nahasketaren lagin txiki-txiki bat igarotzen da, zutabetik etengabe dabilen gas eramaile batean injektatuta.

Gas kromatografiaren eginkizuna funtsezkoa izan da kimikaren eta beste diziplina batzuen historian (bereziki industria petrokimikoan); besteak beste, Ingurugiroaren Zientzietan. Izan ere, ezinbestekoa izan zen 1960ko hamarkadako DDTaren kontrako mugimenduan, bai eta industria isurietatik eratorritako substantzia kimikoek kutsatutako edateko urak ikertzeko ere.

1952ko abenduan, Archer J. P. Martinek eta Richard L. M. Syngek Kimikako Nobel saria jaso zuten “banaketa kromatografia asmatzeagatik”. Gaur egun baztertu egin da termino hori, barnean hartzen baititu orain eskuragarri dauden hainbat teknika kromatografiko. Lehen sarituak bere Nobel Lecture hitzaldian azaldu zuen zerk eraman zuen 1940ko hamarkadako lehen urteetan “kromatografia likido” izenez ezagutzen duguna garatzera. Teknika horretan, banatu nahi den nahasketa likido eramaile batean injektatzen da (gas batean injektatu ordez). Hitzaldi horren azken hiru paragrafoetan, Martinek gas kromatografia aurkeztu zuen jendaurrean: “Syngek eta biok proposatu genuen duela hamar urte, banaketa kromatografiari buruzko gure lehen artikuluan. Baina, Jamesek eta biok egin dugun arte, ez du inork aintzat hartu”.

Irudia: Erika Cremer zientzialariaren irudia Letizia Mancino Cremerrek egina.

Beraz, dirudienez, 1952. urte amaierara arte, beraiek bakarrik egin zituzten aurrerapenak kromatografia mota zehatz horri dagokionez, eta hori bera ulertzen da testu akademiko batean baino gehiagotan. Hain zuzen ere, testuen arabera, eta, zehazki, 1952ko martxoan argitaratutako artikulu baten arabera, Martin eta Synge ziren teknika horren sortzaileak. Hala ere, gas kromatografiak hasiera ezezagunago bat izan zuen (gaur egun, dokumentuen bidez egiaztatuta dago), eta zerikusia dauka artikulu honen xede den emakumearekin.

1944ko udazkenean, Erika Cremerrek, (Munichen jaioa) Innsbruckeko Unibertsitatean irakasle zela (naziek 1938. urtetik hartuta zuten Austriako hiria), eskuizkribu bat bidali zien Naturwissenschaften aldizkariko editoreei. Eskuizkribua bere gradu ikasle baten emaitzetan oinarrituta zegoen: etileno eta azetileno adsortzioko entalpien neurri esperimentalak egin zituen, eta ondorioztatu zuen metodo horrekin posible zela entalpia horretan 0.01 kilokaloriako desberdintasun txikiekin ere substantziak bereizi eta identifikatzea. Lehen artikulu horrek prozeduraren oinarriak finkatu zituen, eta egileek agindu zuten beste artikulu bat egingo zutela, neurri esperimentalak zehatz-mehatz azalduta.

Aldizkariak baieztatu zuen urte horretako azaroaren 29an jaso zuela eskuizkribua. Artikulua onartu ondoren, 1945eko otsailean, Cremer irakasleari bidali zizkioten inprentako probak. Hark zuzendu egin zituen, eta argitaletxeari itzuli zizkion. Alabaina, Bigarren Mundu Gerrako gorabeheren eta erregimen naziaren erorketaren ondorioz, aldizkariak ez zuen ezer argitaratu ez 1945. urtean ezta 1946. urtearen zati batean ere. Horrez gain, Naturwissenschaften aldizkaria Vienan argitaratzen zen alemaniarren okupazioan, baina, gerra amaitu eta Alemania banatu ondoren, Berlinera eraman zuten argitaletxea. Argitaratzaileak ere aldatu zituzten, eta, hainbeste aldaketa egin zirenez, Cremer irakaslearen txostena galdu zen; baina egileak txostena bilatzea baino gauza garrantzitsuak zituen egiteko. 1944ko abenduan, aliatuen bonbardaketa baten ondorioz, ia erabat desagertu zen Cremerrek lan egiten zuen institutua (Innsbrucken), eta hiritik kanpo zeuden instalazioetara joan behar izan zuen, baliabide materialik gabe kasik. Horregatik, sinesgaitza dirudi Cremerrek egoera horietan zuzendu eta argitaletxeari itzuli ahal izatea inprentako probak.

2. irudia: Erika Cremer lanean laborategian. (Argazkia: Science History Institute)

Urte gogor horietan, tresnak berregin behar izan zituzten institutuan hautsi ez ziren materialekin; ikasle berriak bilatu, eta bizirik iraun mendebaldeko hedabide zientifikoek isolatu bazituzten eta Cremerrek argitaratu ohi zuen Alemaniako aldizkarien eragina txikitu bazen ere. Edonola ere, Cremerren doktoregai batek, Fritz Priorrek, galdu zen artikulua sortzeko egin ziren lanekin jarraitu zuen, eta jatorrizko ekipamenduak aldatu zituen. Hala, modu argiago batean aurreratu zituen gas kromatografiaren funtsezko elementuak.

Fritz Priorren tesiaren eta Roland Müller ikaslearen emaitzek hiru artikulu egiteko balio izan zuten, eta, 1951n, hiru aldizkari desberdinetan argitaratu ziren. Hau da, Martinek eta Syngek 1952an Kimikako Nobel saria jaso eta Martinek gas kromatografiaren lehen saioak iragarri baino urtebete lehenago. Baina aipatu ditugun artikuluek eta Cremerrek nazioarteko kongresuetan parte hartzeko egin zituen bidaia bakanek ez zuten balio izan taldeak egindako lanei ikusgaitasuna emateko.

Hala ere, 1976. urtean, gas kromatografiaren sortzaile gisa aitortu zuten Cremer; hain zuzen ere, Chromatographia aldizkariak artikulu oso desberdin bat argitaratu zuenean, bai formari, bai edukiari dagokienez. Aldizkariko editore L.S. Ettrek hitzaurre batean azaltzen zuen, garai hartako kongresu batean ustekabean jakin zuenez, Cremerrek egindako lana galdu zela eta ez zela inoiz argitaratu. Editoreak gaiaren inguruan zuen interesa dela eta, gure protagonistarekin jarri zen harremanetan, eta hark esan zion inprentako proba zuzenduen kopia bat zuela bere artxiboetan eta aldizkarian argitaratzeko emango ziola.

Editorearen hitzaurrearen ostean eta jatorrizko artikuluaren kopia argitaratu ostean, Chromatographia aldizkariaren zenbaki horretan, Cremerren beraren kontakizun xehe bat argitaratu zen, eta bertan azaltzen zuen zer gertatu zen bere ikertaldearekin gerra amaitu osteko urteetan (lehen laburtu dugu).

Cremer doktorea 1996ko irailean zendu zen, 96 urte zituela. Urtebete lehenago, Deutsches Museumek, munduko museo teknikorik garrantzitsuenak, egoitza berri bat ireki zuen Bonnen, Bigarren Mundu Gerraren osteko lorpen zientifiko-tekniko garrantzitsuenak biltzeko. Eta, erakusgai zeuden materialen artean, Erika Cremerren eta bere ikasleen gas kromatografiako lehen instalazioa zegoen.


Egileaz: Juan J. Iruin (@lbuhodelblog), Kimika Fisikoko katedraduna UPV/EHUko Kimika Fakultatean. 2006. urtetik, el Blog del Búho izeneko blogean idazten du, gure eguneroko bizitzan aurkitzen ditugun eta kimikarekin lotuta dauden gaiei buruz.

Oharra: Artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2014o uztailaren 23an: Erika Cremer: La olvidada pionera de la cromatografía de gases.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.