Maskarak, diruditen baino konplexuagoak

COVID19 · Kolaborazioak

COVID-19 gaixotasuna dela eta, azkenaldian bolo-bolo dabil maskaren gaia. Osasun-larrialdi egoera honetan, osasun-langileentzat premiazkoak dira maskarak, SARS-CoV-2 birusetik babesteko. Kalean ere, gero eta gehiago hasi gara maskarak erabiltzen, eta botiketan agortuta egon dira hainbatetan. Mota desberdinak daude: maskara kirurgikoak eta babes maskarak. Baina zertarako balio du bakoitzak? Eta zerez daude eginda?

1. irudia: Azken egunetan maskarak gehien bilatzen diren produktuak bihurtu dira. Hainbat motakoak ikusi ditugu jantzita baina badakigu zertarako den bakoitza eta zerez eginak dauden? (Argazkia: Willfried Wende – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)

Aipatu bezala, bi maskara mota bereizten dira haien funtzioaren arabera: maskara kirurgikoak maskara daraman pertsonak ingurunea kutsatzea ekiditen du. Babes-maskarak, berriz, maskara daraman pertsona babesten du ingurunetik.

Mundu mailan dagoen maskara gabezia dela eta, garrantzitsuena gaixoak eta osasun-langileak dagokien maskarekin hornitzea da. Agintarien gomendioak hurrengoak dira: birusa daukaten gaixoek maskara kirurgikoak erabiltzea gainontzeko pertsonak ez kutsatzeko, eta, osasun-langileek, berriz, babes-maskarak erabiltzea.

Aipatu beharra dago, maskarak eraginkorrak izan daitezen, higienea zaindu behar dela. Oso garrantzitsua da maskara jarri aurretik eskuak ondo garbitzea eta erabili bitartean maskara ez ukitzea. Maskarak hezetasuna hartzen badu aldatu egin behar da, eraginkortasuna galtzen baitu. Erabili eta gero kontuz kendu behar da, aurrealdea ukitu gabe, eta, ondoren, berriz ere eskuak garbitu behar dira. Urrats hauek jarraitzea ezinbestekoa da kutsadura saihesteko.

Maskara kirurgikoa

Mota honetako maskara daraman pertsonak ez ditu mikroorganismoak kanporatzen; zeren eta, maskarak, arnasterakoan kanporatzen ditugun listu tantak edo aerosolak harrapatzen baititu. Kontuan izan behar da koronabirusaren tamaina 0.1 mikrometrokoa dela, baina orain arte egin diren ikerketen arabera, koronabirusa listu tanten bitartez garraiatzen da eta tanta horiek zenbait mikrometroko tamaina izan dezakete. Beraz, maskara hauek gai dira listu tantak harrapatzeko.

2. irudia: Maskara kirurgikoak ehundu gabeko ehun bi dituzte. Ehundu gabeko ehuna prozedura mekaniko, termiko edo kimikoen bidez lotutako ehun-mota bat da. Ehun honetan sare bat lortzen da baina zuntzak hari bihurtu gabe. Ehun-material horiek ez dira zirpiltzen eta hori dela eta, errendimendu handiko jantziak eta osagarriak egiteko erabiltzen dira. (Argazkia: Vesna Harni – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Oro har, erabili eta botatzekoak diren maskara kirurgikoak 3 geruzaz daude osatuta.

  • Lehenengo geruza, erabiltzailearen aurpegiarekin kontaktuan dagoena, ehundu gabeko ehunez egina dago eta hezetasuna xurgatzen du.
  • Bigarren geruza iragazki bat da eta mikrobioen eta zenbait kutsatzaileren aurrean hesi gisa jokatzen du. Geruza hau polipropilenozkoa da eta teknika berezi baten bidez lortzen da (melt blown).
  • Hirugarren geruza edo kanpoko geruza ehundu gabeko ehuna da eta, haren kasuan, likidoekiko iragazgaitza da.

Aipatu behar da, kasu guztietan polipropilenoa erabiltzen bada ere, kanpoko eta barneko geruzen egiturak desberdinak direla eta, ondorioz, ezaugarriak ere desberdinak dituztela. Aipaturiko polipropilenoa plastiko edo polimero mota bat da, propileno gas molekulak beren artean erreakzionatuz lortzen dena. Material honek abantaila ugari ditu: merkea da, erraz moldatu daiteke nahi den forma emanez, ezaugarri mekaniko egokiak ditu eta piezak zein zuntzak egiteko erabil daiteke.

Hain zuzen ere, ehun ez ehundua egiteko gehien erabiltzen den materiala da polipropilenoa. Ehun hau egiteko teknologia oso garatua dago eta kostu baxuan ekoiztu ahal da. Izango dituen erabileren arabera ehunak ezaugarri batzuk izan beharko ditu eta horretarako hurrengo parametroak aldatu daitezke: zuntzaren diametroa (mikrometroetatik nanometroetara bitartean), zuntz-dentsitatea azalera unitateko (zuntz kopurua azalera unitateko) edota zuntzen orientazioa.

Babes-maskarak

Babes-maskarek pertsona inguruneko kutsaduratik babesten dute. Maskarak askotariko partikula eta kutsatzaileak iragazi behar ditu, baina arnasarekiko erresistentzia txikia azaldu behar du. Garrantzitsua da maskara aurpegira ondo doitzea hutsunerik ez gelditzeko; erosoa izan behar du gainera, eta narritadurarik eragin ez.

3. irudia: Babes-maskarak eraginkortasun handiko maskarak bezala ere ezagutzen dira. Erabiltzailea babesten dute, inguruneko partikula eta aerosol likidoak iragazten ditu erabiltzaileak ez ditzan arnastu. (Argazkia: Ri Butovdomeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)

Babes-maskarak 4 geruzaz daude osatuta:

  • Lehengo geruza, azalarekin kontaktuan dagoena, kotoizkoa edo beste ehun batekoa izan daiteke eta azalaren narritadura ekidin behar du.
  • Bigarren geruza elektrostatikoki kargatuta dago. Hori oso eraginkorra da mikrometro bat baino txikiagoak diren partikulak harrapatzeko.
  • Hirugarren geruzak iragazki gisa jokatzen du partikulak harrapatuz.
  • Laugarren geruza edo kanpoko geruza. Geruza honek arnasarekiko erresistentzia txikia dauka.

Ohikoa da horrelako maskarek balbula bat izatea; balbula hori soilik arnasa botatzean irekitzen da eta maskararen barruan dagoen airea hoztea errazten du. Oso lagungarria da ingurune bero eta hezeetan ibili behar bada.

Geruza hauek airean dauden partikulak geldiarazten dituzte hiru mekanismo desberdin erabiliz: inpaktu inertzialaren bidez harrapatuta gelditzen dira aerosol partikula handiak, haien tamaina 1 mikrometro baino handiagoa denez gero. Partikula txikiagoak, berriz, difusio bidez iragazten dira; hau da, geruza osatzen duten zuntzek bide malkartsu bat osatzen dute eta partikula txiki hauek bertan harrapatuta gelditzen dira. Azkenik, partikula handi zein txikiak harrapatzeko beste teknika eraginkor bat erakarpen elektrostatikoa da. Zuntzei tratamendu egokia ezarriz karga jakin bat izango dute eta aurkako karga duten partikulak erakarriko dituzte; bertan itsatsita geldituko dira orduan.

Maskaren iragazpen-ahalmenaren arabera hiru motatako babes-maskarak bereizten ditu Europako Normalizazio Batzordeak (CEN):

  • FFP1 (gutxienez 0.3 mikrometroko diametroa duten partikulen %80 iragazten du),
  • FFP2 (partikulen %94),
  • FFP3 (partikulen %99).

Estatu Batuetan arautegia beste era batekoa da; han erabilienak N95 maskarak dira eta gutxienez partikulen %95 iragazten dute.

Maskara higienikoak eta etxean egindakoak

Goian azaldutako bi maskara motez gain azken asteetan maskara higienikoak eta etxean egindakoak ere aipatu dira. Maskara higienikoek zenbait arau bete behar dituzte eta hauek ekoizteko material jakin batzuk bakarrik erabil daitezke. Etxeko maskaren kasuan berriz, herritarrak etxean aurki ditzaketen materialak erabiltzen ari dira. Oraingoz, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ez du etxean egindako maskarak erabiltzearen aldeko edo kontrako gomendiorik eman. Bi maskara mota hauen inguruan ikerketa gutxi egin da; ikerketa batzuen arabera, etxean egindako maskarek maskara kirurgikoek baino eraginkortasun txikiagoa daukate.

Beraz, nahiz eta denak maskarak izan, bakoitzak bere ezaugarriak ditu, erabilitako material eta geruza desberdinen arabera. Material horiek erabakitzen dute maskararen funtzioa, hots, pertsonak daraman maskara ingurunea ez kutsatzeko ote den (maskara kirurgikoak) ala pertsona inguruneko kutsaduratik babesteko (babes-maskarak). Hala ere, maskara erabili edo ez, adituek gomendatzen dute urruntze soziala mantentzea eta eskuak sarritan garbitzea.

Iturriak


Egileez: Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz Kimikan doktoreak dira eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak Polymat Institutuan.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.