Errealitate birtuala baliatuz, euliek nola hegan egiten duten aztertu du ikertzaile talde batek. Objektu birtualen distantzia eta tamaina atzemateaz gain, ikusi dute intsektuek haizea eta usaina ere kontuan hartzen dituztela erabakiak hartzerakoan.
Bereziki uda eta beroa datozenean konturatzen gara euliak zinez izaki astunak direla. Ados, bai; zalantza barik, hori ikuspegi antropozentrikoa da. Eurentzat, seguruenera… gu bai astunak! Beti hegan egiteko eremuaren erdian gauden izaki erraldoi mugikorrak gara. Azukrez eta esne-gain goxoez betetako izozki horren bidean, erdi-erdian kokatzen diren oztopo gogaikarriak, hain justu.
Baina, astunak izateaz gain, euliei aitortu behar zaie hegalari bikainak direla. Hain trebeak izanik, intsektu ñimiño horien hegaldia aztertzea zinez zaila da. Horretan lagungarri izango delakoan, Bangaloreko (India) Biologia-zientzien Zentro Nazionaleko ikertzaileek Matrix moduko mundua sortu dute eulientzat. Bai Matrix. Izan ere, kontua ez da soilik hiru dimentsioko mundu birtual txikia sortu dutela, zeru, mendi, belar, lore, zuhaitz eta guzti. Horrez gain, mundu errealean dauden beste zenbait ezaugarri txertatu dituzte, hala nola haizea irudikatzen duten aire-fluxuak edota usain-zutabeak. Funtsean, gezurrezko soro baten parekoa eskaini diete.
Paisaia, haizea, usainak… Alabaina, esperimentuan zehar intsektuak tramankulu berezi bati lotuta egon dira denbora osoan, laborategiaren barruan. Ez omen da erraza izan amarrua sortzea: hiru urte eman dituzte gailua prestatzen. Zientzialarien esanetan, haizearen eta usainen irudikapena izan da lanik latzena.
Ez dituzte jarri zomorrotxoak pilula urdinaren ala gorriaren artean aukeratzeko atakan, baina benetan interesgarria izango litzateke jakitea euli horiek haien mundu berri horretan zerbait arraro sumatzen ote duten. Printzipioz, badirudi ezetz. Izan ere, euliak ondo moldatu dira errealitate birtualeko simulagailuan, PNAS aldizkarian agertutako zientzia artikulu batean azaldu dutenaren arabera.
Helburua ez da izan, noski, euliekin jolas egitea, haien jokabideari buruz gauza gehiago ikastea baizik. Oro har, intsektu hegalariek duten perspektibaren ikuspuntua jaso nahi izan dute. Biologoek ondo ezagutzen dute intsektuak ederki asko moldatzen direla hegan, bai janaria zein bikotekidea aurkitzeko, baina zientzialariek oraindik ez dute ondo ulertzen intsektuek urruneko objektuak aurkitzeko paisaiaren zein ezaugarri erabiltzen dituzten, ezta estimulu horiek guztiak nola bateratzen dituzten ere. Horretan sakondu nahi izan dute oraingoan, intsektuek erabakiak hartzeko zer irizpide kontuan hartzen dituzten argitu aldera. Jasotako estimulu horiei erantzunez, intsektuak hegoak mugiten ditu, benetan hegan egiten ari balitz bezala, eta mugimendu horren arabera ere erantzuten du pantailak.
Simulagailuan Diptera ordenako lau espezierekin aritu diren arren, sakonen ikertu dutena sagarraren eulia (Rhagoletis pomonella) izan da. Horren aukeraketaren arrazoia izan da animalia espezialista dela: sagastiak baino ez ditu gogoko. Hortaz, ikertzaileei erraza egin zaie estimulua aukeratzea: sagasti usaindun goxoak.
Egiaztatu ahal izan dutenez, lau espezieak gai izan dira loreak zein zuhaitzak erraz aurkitzeko, euren eguneroko jardunetan gogokoen dituzten lekuak, hain zuzen (bertan ugaldu, elikatu eta arrautzak errun ohi dituzte). Hortaz, testuinguru konplexu batean, objektu birtualen tamaina eta distantzia hautemateko gai dira euliak.
Sagarraren euliak perspektiba eta mugimenduaren paralaxia baliatzen dituela frogatu dute ikertzaileek. Azaldu dutenez, tamaina bereko bi zuhaitz aurkeztu dizkiote euliari, baina horietara hurbildu ahala, zuhaitzetako bat gehiago handitu dute. Intsektuak handitutako bigarren zuhaitz horretara jotzen du, sakonera hautemateko paralaxia baliatuz.
Intsektuek aire-fluxuak zein usainak ere baliatzen dituzte, nabigazioan aurrera egin ahal izateko eta frutaren usaina ei duten inguru birtualetara hurbiltzeko. Haizeak bereziki bestelako estimulurik ez dagoenean du garrantzi gehien eulientzat. Usainaren kasuan, berriz, egileek ikusi dute euliari ez zaiola nahikoa janaria aurkitzeko, eta ikusmenaren beharra duela. Beraz, intsektu hauen nabigazioa bederen faktore hauen guztien batuketan hobetzen dela azaldu dute.
Biologiaren alorrean, lortutako emaitzak izurriteen kontrola, polinizazioa zein gaixotasunen bektoreen kudeaketan estrategia hobeak prestatzeko erabili ahal izango direlakoan daude egileak. Baina ondorioak ez dira biologia hutsera mugatzen. Adimen artifizialean, robotikan edota Interneteko bilaketa protokoloetan algoritmo eraginkorrak bilatzeko zantzuak eman baititzake lan honek, egileen arabera.
Erreferentzia bibliografikoa:
Kumar, Kaushik, Characterizing long-range search behavior in Diptera using complex 3D virtual environment.
2 iruzkinak
[…] termodinamikotik argumentua oso efizientea ez bada ere, bere inpaktu kulturala nabarmena da, eta filmaren izenburua kaleko hizkeran erabiltzen da asmatutako eta errealitatetik banandutako mundu batean bizi garela […]
[…] ere, edozein ez baitu zonbifikatzen. Lasai hartu dezakegu arnasa, gizakiok salbu baikaude. Etxe-euliak dira hemen biktimak. Uda osoan inguruan dabiltzan eta neguan desagertzen diren euli horiek. Eta […]