Asteon zientzia begi-bistan #303

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

COVID-19ari aurre egiteko gizakietan probatu den lehen txertoak emaitza onak eman ditu lehen fasean: mRNA-1273 du izena. Lehen txertoak urte amaierarako edo 2021aren hasierarako prest izango lituzkete. Zertan datza txerto berria? Ez galdu Elhuyar aldizkariak eman dituen xehetasunak.

COVID-19 gaixotasun berri honekin kutsatutako pazienteek pairatzen dituzten sintomak dira, besteak beste, sukarra, eztul lehorra, aire falta eta arnas ezintasuna. Baina badirudi horiekin batera, beste batzuk ager daitezkeela, hala nola anosmia edo usaimenaren galera. Horretaz gain, larruazaleko sintomak ere antzeman dira British Journal of Dermatology aldizkariak aipatzen duen moduan. Miren Basarasek eman digu gaixotasun honen ezohiko sintomen berri.

Facebooken bidez egindako ikerketa batean ikusi dute gutxik dutela txertoaren kontrako jarrera baina horiek besteek baino interakzio gehiago dutela. Horretaz gain, Berriako testu honetan azaltzen digute Frantzian konfinamenduaren inguruan egindako galdeketa batean ikusi dute lau biztanletatik batek uko egingo liokeela COVID-19aren aurkako txertoari. Zein da munduaren jarrera txertaketaren inguruan?

Princeton Unibertsitatean egindako ikerketa batek jakinarazi du tokiko ezaugarri klimatikoek ez dutela eraginik izan pandemiaren lehen olatuan, hau da, hezetasunak eta tenperaturak ez dute eraginik izan izurriaren hedapenean. Ikertzaileen esanetan, birusaren hedapena ez da urtaroekin aldatuko, ez bada populazioren portaera aldatu egiten dela. Elhuyar aldizkariak eman digu honen berri.

Zertaz hiltzen da jendea munduan? Datu interesgarriak bildu ditu Juan Ignacio Perez Iglesiasek: munduan urtean 56 bat milioi pertsona hiltzen dira. Gaixotasun kardiobaskularrak dira heriotza arrazoi nagusia. Gaixotasun infekzioen ondorioz gertatzen diren heriotzak, heriotza guztien %19 dira. Haurrei dagokienez, ia %4 bost urte bete aurretik hiltzen da eta heriotza arrazoi nagusia arnas infekzioak dira.

Genetika

Goizean esnatzen gaituen edaria da kafea, ezin diogu hori edateari utzi, magikoa da. Koldo Garciak horri buruz hitz egin digu, zehazki, kafearen gene-ezaugarriak izan ditu mintzagai. Arabika kafea da gehien kontsumitzen duguna eta berriki haren genoma sekuentziatu duikertzaile talde batek. Kafe honen sekretua ezagutu nahi duzu? Benetan bitxia da. Ez galdu!

Genetikarekin jarraituz, Garciak artikulu honetan etxabereekin dugun harremanak gene-mailan duen eragina aztertu du. Horretarako, txerriak eta bere sahiets estrak izan ditu mintzagai. Baina horiek ez dira bakarrak. Badira euren gene-ezaugarriak moldatu dizkiegun animaliak. Etxabereen gene-ondarea gure beharretara moldatu dugula dio.

Gure genoman, gene-osagai kooperatiboak eta gene-osagai bizkarroiak daude. Lehenengoek funtzio biologikoak burutzeko elkarlanean lan egiten dute; besteek bere burua kopiatzea besterik ez dute egiten. Bigarren mota honen azalpenak aurkituko dituzue testuan.

Horretaz gain, Garciak mutazioak eta espezien kontserbazioa gaiari eta honetan oinarritu den ikerketa-lan bati heldu dio honetan.

Normaltasuna izan da artikulu honen erdigune. Garciak ez digu hitz egin normaltasun berria baizik eta estatistikan erabiltzen den kontzeptu batez, balioen banaketa bat izendatzeko erabiltzen denaz, alegia. Adibide batzuekin ulerterraza egin du azalpena.

Emakumeak zientzian

Uruguai eta munduko gainontzeko lurraldeak lotzen dituen zubi moduko bat da Ida Holz. 80ko hamarkadaren amaieran, bere herrialdeko posta elektronikoko lehen konexio egonkorra sortzea, eta, 1993an, Interneta Uruguai osoan zabaltzea erdietsi zuen. Internet Hall of Fame-n lekua egin zioten; horrela, lorpen hori eskuratu zuen lehen latinoamerikarra izan zen.

Astronomia

Elhuyar aldizkariaren arabera, planeta baten jaiotza behatu dute. Azken urteotan, Europako Behatoki Australak (ESO) Auriga konstelazioan sortzen ari den izar-sistema baten zantzuak aztertu ditu. Ikertzaileen arabera, izarraren inguruko hautsezko eta gasezko disko trinkoan perturbazio txiki bat ikusi dute.

Kultura zientifikoa

Osasun krisi honetan zehar, ikerketa zientifikoak asko ugaritu dira COVID-19aren inguruan. Normalean, aldizkari espezializatuek hilabeteak behar dituzte artikuluak zuzentzeko eta publikatzeko baina orain, askok prepint izenekoak hobetsi dituzte (aldizkarien oniritzia jaso bitartean, euren lanak igotzen dituzte). Berriako testu honetan “Informazio tsunamiari” buruz hausnartu dute eta tartean konponbideak ere proposatu dituzte.

Ildo horri jarraiki, hainbeste informazioren artean, ikertzaileek behar dituzten artikuluak eta dokumentuak bilatzen laguntzeko badira erramintak; horietako bat da Ixako ikertzaileek garatu duten neurona-sareetan oinarritutako sistema. Sistema horrek, dokumentu batzuk emanda, galdera baten erantzunik onena topatzen ikasten du dokumentu horietan.

Zertan desberdintzen dira zientzia eta sasizientzia? Faltsugarritasuna izan daiteke gakoa. Karl Popperren esanetan, zientzia faltsutu egin daiteke, alegia, posible da teoria jakin bat ezeztatzeko esperimentu bat diseinatzea. Testu honetan aipatzen den moduan, proposamen zientifikoek gezurtagarriak eta errepikagarriak izan behar dute.

Biologia

Bangaloreko (India) Biologia-zientzien Zentro Nazionaleko ikertzaile talde batek, errealitate birtuala erabiliz, euliek nola hegan egiten duten aztertu du. Horretaz gain, ikusi dute intsektuek aire-fluxuak eta usaina ere erabiltzen dituztela erabakiak hartzeko. Artikulu honetan topatuko duzue informazio osagarria

Teknologia

Txatbotak, elkarrizketa-agente birtualak, euskaraz komunikatzeko gai izango dira. Honen gainean, Elhuyarreko I+Gko taldeak euskarazko txatboten teknologia sortzea helburu duen ikerketa abiatu zuen 2019an. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu honi buruzko xehetasunak.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.