Umeen sinesmenak elikatzen dituzten konspirazio txikiak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Haur gehienek badakite dinosauroak existitu zirela, eta Elsa printzesa fikzioko pertsonaia dela. Baina badira beste hainbat pertsonaia muga lauso batean geratzen direnak. Helduek sustatutako erritualak omen daude horren atzean.

Hortzen Maitagarria, Perez Sagutxoa edo Mari Teiletako. Bizarzuri, Errege Magoak edo Olentzero. Aukera sorta zabala dago aukeratzeko, norberaren gustuen, usadioen edota asmo identitarioen arabera. Telebistan bezala, Nahieran. Are gehiago, aldatzen doan kontua da folklorearena; batzuetan nahita, besteetan, modu oharkabean. Beste garaietan pertsonaia batzuk asmatu ziren modu berean, helduok gai gara pertsonaia berriak eraikitzeko, eta aspaldiko arketipoak gaur egungo ideologiei egokitzeko ere. Sorgin maltzur tradizionala basoetako botikari askatzaile bihurtu zaigu, eta etxera garaiz bueltatzen ez ziren umeen gantzak hartzen zituen Sakamantekas beldurgarria justizia sozialaren alde egiten duen heroi inklusiboa izateko moduan legoke gaur egun.

Alabaina, norberaren mundu ikuspegiaren arabera helduok mundua salbatu nahian gabiltzan bitartean, umeek bestelako interesak dituzte. Badirudi beraientzat oparitxoa jasotzea edota jai batean aparra egotea dela garrantzitsuena. Baina, egia esanda, gutxi dakigu haien mundu ikuskeraz eta sinesmenez.

1. irudia: Zenbait pertsonaiari dagokienez, umeek argi daukate errealak ala irrealak ote diren, baina kulturaren baitan txertatutako pertsonaiekin arazo handiagoak dituzte. (Argazkia: Anthony Tran / Unsplash)

Zertan izan daiteke lagungarri umeen sinesmenak ikertzea? Ezagutza berria eskuratze soila merezi duela erantzun lezake baten batek, baino harago doa kontua. Gizartean duten eragin zuzena txikia izan arren, umeak gizartearen parte garrantzitsu dira. Zentzu honetan, The World Until Yesterday liburuan, Jared Diamond geografoak aldarrikapen polita egiten du: “Umeak gizarte baten erdira izatera irits daitezke. Gizarte baten erdia alboratzen duen soziologo batek ezin izango luke esan gizarte hori ulertzen duenik”.

Bada, helduen mundu ikuskeran erlijioak izugarrizko pisua duen modu berean, umeen jardunean ere garrantzi handia dute gurasoek sustatutako sinesmenek. Horietako asko gezur funtzionalen bidez transmititzen dira. Javier Pelaezek artikulu honetan azaltzen duen moduan, askotan gezur horiek tradizio desberdinak dituzten gizarteetan erabiltzen dira umeen portaeran nolabaiteko eragina izateko.

Mundu magiko horretan pertsonaia desberdinak egon daitezke, baina, helduen sinesmenetan bezala, pertsonaia horiek ez daude maila berean. Aurretik egindako ikerketengatik, adituek bazekiten gutxi gorabehera hiru urte dituztenetik umeak gai direla bereizteko zer den erreala eta zer ez, baina oraingoan jakin nahi izan dute zehazki mugak non kokatzen diren. Umeen panteoi horretan sakondu aldera, Australiako ikertzaile talde batek aztertu du umeek nola ebaluatzen duten hainbat pertsonaiaren egiazkotasuna. Horretarako, galdeketa bat abiatu dute. PLoS ONE aldizkarian azaldu dituzte emaitzak.

Orotara, bost kategoriatan sailkatu daitezkeen 13 pertsonaia erabili dituzte ikerketa abiatzeko. Pertsona errealak (umeak ezagutzen duen pertsona bat eta The Wiggles taldekoak – Australiako musika talde bat–), pertsonaia kulturalak (Bizarzuri, Pazko untxia eta Hortzen maitagarria), pertsonaia anbiguoak (dinosauroak eta estralurtarrak), pertsonaia mitikoak (adarbakarrak, mamuak eta dragoiak) eta fikziozko pertsonaiak (Frozen filmeko Elsa printzesa eta Peter Pan).

Bi eta hamaika urte artean dituzten 176 ume australiarri inkesta egin diete, eta galdetu diete zeintzuk diren pertsonaia errealak eta zeintzuk irrealak. Egiazkotasun hori zerotik zortzira arteko eskala batean kokatzeko eskatu diete umeei. 56 helduz osatutako beste talde batean aurkitutako emaitzekin alderatu dituzte datuak.

Emaitzak argigarriak izan dira. Egiaztatu dute gehienek jakin badakitela dinosauroak noizbait existitu zirela eta Peter Pan bezalako pertsonaiak fikziozkoak direla. Baina badira beste hainbat pertsonaia erdibidean mantentzen direnak. Zalantzazko eremu labainkor batean.

Umeen irudikoz, errealenak dinosauroak eta The Wiggles taldekoak izan dira (zazpi punturekin). Elsa printzesa eta Peter Pan pertsonaiek lau puntu izan dituzte. Baina Bizarzuri eta Hortzetako Maitagarria sei puntutan kokatu dira.

Hortaz, argi dago umeen artean mundu errealaren eta irrealaren arteko muga lausoa dela, nolabaiteko gradazio baten barruan. Egileen esanetan, asmatutako pertsonaia kulturalak, beraz, erdibideko “purgatorio” batean daudela ematen du.

Aurreikusi zitekeen bezala, helduen artean datuak oso bestelakoak izan dira. Hauek guztiek oso ondo bereizi dituzte fikziozko pertsonaiak (zerotik gertuko emaitzak). Bizarzuri eta dragoiek puntu batetik gertu egon dira. Mamuak eta estralurtarrak, berriz, bi eta lau puntu artean kokatu dira, helduen artean pertsonaia horien inguruan zalantza gehiago sortzen diren adierazle.

2. irudia: Gizarte osoaren laguntzarekin, gurasoek bultzatutako erritualek laguntzen dute umeen artean halako pertsonaien sinesgarritasuna txertatzen. (Argazkia: Juanma Gallego)

Oro har, emaitzen arabera, umeek lau taldetan banatzen dituzte pertsonaiak: errealak, kulturalak, anbiguoak eta fikziozkoak. Helduen artean, berriz, hiru multzora mugatzen da sailkapena: errealak, anbiguoak eta fikziozkoak. Hortaz, helduek oso argi daukate pertsonaia kulturalak usadioan besterik ez daudela.

Ikertzaileen hipotesiaren arabera, erritual kulturaletan parte hartzeak sustatzen du umeek errealtzat jotzea hainbat pertsonaia. Adibidez, inkestatutako umeen %40 inguruk dio Bizarzuri ikusi dutela bizitza errealean. Eguberri garaian merkataritza gune batera joatea edota telebistako albistegi bat ikustearekin nahikoa da egiaztatzeko Bizarzuri, Errege Magoak edota Olentzero benetako pertsonaiak direla.

Rohan Kapitany egile nagusiaren hitzetan, “erritualek sinesmena erraztu, sustatu eta lagundu egiten dute”. Eta gizarteak, noski, pertsonaia horien inguruko erritual asko eratzen ditu. Sinesmena sustatzen duten erritual horietan ezinbestekoak dira gurasoak. Izan ere, hauek hainbat lan egiten dituzte tradizioa elikatzeko, hala nola apaindutako zuhaitz bat etxera eramanda, burkoaren azpian txanpon distiratsu bat jarrita edo Eguberri eguneko goizean opariak eta Napo astoak erdi jandako azenario bat utzita.

“Tradizioan oinarritzen diren testigantzek sinesmena indartzen duten arren, gure argudioa da ez dela kasualitatea umeek errealtzat hartzen dituzten pertsonaia tradizionalak izatea umeei kulturaren arabera aritzeko eskatzen dieten berdinak”, idatzi dute artikuluan.

Umeen aldetik, zerbait arraroa gertatzen ari delako lehen susmoak hasten dira gurasoek halako pertsonaien inguruan darabilten hizkeragatik eta mintzaira patroiengatik. Scientific American aldizkariari Kapinatyk azaldu dionez, “Bizarzuri erreala dela” esaten zaie umeei, baina ez dago esan beharrik, adibidez, amona erreala denik. Portaera horiek lehen susmoak piztuko lituzkete haurren artean. Gauzak uste baino konplikatuagoak diren lehen seinaleak, hain justu.

Erreferentzia bibliografikoa

Kapitany, R., Nelson, N., Burdett, E.R.R., Goldstein, T.R., (2020). The child’s pantheon: Children’s hierarchical belief structure in real and non-real figures. PLoS ONE, 15 (6), e0234142. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pone.0234142


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.