Genetika
Hondartzara joaten garenean eguzkia hartzera ez dugu geneetan pentsatzen. Koldo Garcia genetistak bai, ordea. Artikulu honen bidez azaldu digu eguzkitan gaudenean zeintzuk diren aktibatzen diren geneak. Eta horretarako, orain dela lau urte egindako ikerketa bat izan du oinarri; bertan ikertzaileek aztertu zuten eguzkia jaso zuten eta jaso ez zuten azal-zatien geneen adierazpena.
Kimika
Zalantzarik gabe uda aipatzen dugunean, garagardoa datorkigu burura: terraza batean gustura edaten dugun edari alkoholduna da, kontsumituenetakoa, baina zientziaren ikuspuntutik, badakigu nola egiten den garagardoa? Josu Lopez-Gazpio kimikariak azaldu digu artikulu honen bitartez haren prozesua. Ez galdu!
Osasuna
Basamortuko hautsak Afrikako haurretan duen eragina aztertu dute eta emaitzak kezkagarriak dira: airean partikulen handitze txiki batek haurren heriotza tasak nabarmen igotzen dituela ikusi dute. Hain zuzen ere, emaitzen arabera, urteko partikulen kontzentrazioa %25 handitzeak haurren hilkortasuna %18 handitzea ekarri du. Juanma Gallego kazetariaren eskutik datu guztiak.
Emakumeak zientzian
Eloise Giblett zientzialariak egindako aurkikuntzen artean, nabarmentzekoa da hark aurkitu zuela immunoeskasiaren lehen gaixotasuna: adenosina desaminasaren (ADA) urritasuna. Immunoeskasia konbinatu larri bat (ICG) eragiten duen purinen metabolismoan desordena bat da. Halaber, haren lanen artean azpimarratzekoak dira odol-taldeko antigeno ugariren identifikazioa eta globulu gorrien transfusio segurua lortzeko lana. Uxue Razkin kazetariak hurbiltzen digu haren istorioa.
Biologia
Ikerketa baten arabera, azeriek gizakiarekiko mantentzen duten komentsalismoak gutxienez 42.000 urte ditu. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, ikertzaileek Alemaniako hego-ekialdean, Goi eta Erdi Paleolito aroetako aztarnategitan aurkitutako zenbait animaliaren arrastoetan bildutako karbono eta nitrogeno isotopoak alderatu dituzte.
Astronomia
Eguzkiaren antzekoa den izar baten inguruan dauden bi planeta erraldoi behatu dituzte, Elhuyar aldizkariak jakinarazi digunez. Planeta-sistemak TYC 8998-760-1 du izena eta Musca konstelazioan dago. Izarra Eguzkiaren antzekoa da baina gazteagoa: 17 milioi urte ditu. Planetei dagokienez, gasezkoak dira eta Eguzki-sisteman daudenekiko oso bestelakoak dira.
Ingurumena
Mikroplastikoak aurkitu dituzte Erresuma Batuko kostako itsas hondotik gertu bizi diren marrazoetan. Lau marrazo espezie aztertu dituzte; guztira, 46 marrazoetatik %67k zuntz artifizialak eta mikroplastikoak dituzte urdailean eta digestio hodietan. Aurkikuntza honek agerian utzi du plastikoaren kutsaduraren arazoa. Xehetasun gehiago Berrian topatuko dituzue.
Fisiologia
Dukeko Unibertsitateko (AEB) Herman Pontzer irakaslearen lantaldeak kirol proba ugaritako parte hartzaileen gastu metabolikoa neurtu du, hala nola iraupen lasterketak, maratoiak, egun bateko ultramaratoiak, hiru asteko txirrindularitza probak edo hiru hileko zeharkaldi polarrak aintzat hartu dituzte. Horretaz gain, Estatu Batuetan zehar egindako 140 eguneko lasterketan (Race Across USA) parte hartutakoen gastu metaboliko maila ere kontuan hartu dute. Zeintzuk dira jarduera horiei dagozkien bitarte metabolikoak?
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.