Energia berriztagarriek meatzaritzaren bitartez baino lortu ezin daitezkeen osagaiak behar dituzte, eta, horretarako, lurra zulatu behar da ezinbestean. Ikertzaile talde batek meatzaritza horrek bioaniztasunean duen eta izango duen inpaktua kalkulatu du.
Gutxi dira munduan meatzaritzatik kanpo geratzen diren eremuak, eta gutxiago izango dira etorkizunean. Eskurago dauden mineralak agortzen diren heinean, leku zailagoetan bilatu beharra dago. Horren adibide da Citronen fiordoan (Groenlandia) dagoen nikel meatzea. Globalizazioaren paradoxak, Australiako enpresa bat dago munduaren beste puntan dagoen proiektuaren atzean, txinatarren laguntza ekonomikoarekin. Urte batzuk daramatzate munduan iparrekoen dagoen meatze horri etekina atera nahian, baina ez da kontu erraza. Ez da, inolaz ere, proiektu bakarra; Groenlandia osoa urratu gabeko baliabideen paradisua da, eta bertako biztanleek urteak daramatzate eztabaida etiko baten erdian: Danimarkatik datozen laguntzen bidez bizitzen jarraitu ala horiei uko egin eta independentzia eskuratu, bertako baliabideak kanpotarrei salduta.
Groenlandian bezala, munduko leku askotan meatzaritza proiektuek eta natura basatiak talka egiten dute, eta arazoak luze joko du. Ez pentsa mineralen beharra petrolioan eta ikatzean oinarritutako ekonomia zahar baten oroimena denik. Are gehiago, bidean den ekonomia berriak mineralekiko duen dependentzia ekonomia zaharrak zuena baino handiagoa izango da.
Queenslandeko Unibertsitateko (Australia) ikertzaileek talka horri zenbakiak jarri dizkiete. Horretarako, mundu osoan zehar meatzaritzari lotutako 62.381 toki kontuan hartu dituzte: oraindik martxan jartzekoak direnak, martxan direnak edota dagoeneko itxita dauden instalazioak. Jomugan duten baliabidearen arabera sailkatu dituzte ustiaketak, energia berriztagarrietarako beharrezkoak diren metalak eta mineralak ote diren jakiteko. Ondoren, gune horietatik gertu dauden naturaguneen egoerari erreparatu diete. Horretarako, puntu bakoitzaren inguruan 50 kilometroko erradioa duen zirkulu bat marraztu dute, eta bertan dagoen bioaniztasunaren egoera jaso dute.
Nature Communications aldizkarian argitaratutako analisi batean ikusi dute munduan 50 milioi kilometro karratu egokiak izan daitezkeela meatzaritza egiteko. Horrek munduko lur idorraren %35 suposatzen du, Antartika alde batera utzita. Eremu horien %82 energia berriztagarrietarako beharrezkoak diren materialen jatorri dira. Horietatik, %12 babestutako eremuak dira, %7 bioaniztasunerako gako dira, eta %14 eremu basatiak dira.
Baliabideei dagokienez, orotara 40 bat kontuan hartu dituzte, guztiak energia berriztagarrietan erabiltzeko modukoak. Adibidez, litioa, grafitoa eta kobaltoa baterietarako beharrezkoak dira; zinka eta titanioa, energia eoliko eta geotermikorako; eta kobrea, nikela eta aluminioa erabilera sorta zabal batean erabilgarriak dira.
Laura Sonter ikertzaileak nabarmendu du energia berriztagarriek erregai fosilek baino materialen kontsumo handiagoren beharra dutela, eta, hortaz, aurreikusi daitekeela material horien kontsumoa indartuko dela datozen hamarkadetan. Ez da susmo hutsa: Munduko Bankuaren kalkuluen arabera, halako materialen ekoizpena %500 handituko da 2050. urtearen bueltan.
3.000 milioi tona beharrezkoak izango dira mende honetan batez besteko tenperaturek 2 ºC baino gehiago ez igotzea nahi badugu. Gaur egun mundu mailan mix energetikoaren %17 lortzen da energia berriztagarrien bitartez —Europako Batasunak 2030. urtean portzentajea gutxienez %27 izatea nahi du—, eta aditu gehienak bat datoz: portzentaje hori handitu beharko da klima aldaketaren ondorioak arintzeko. Gauzak horrela, martxan jartzen ari diren meatze berri gehienak (%84) material hauek dituzte jomugan. Orain jardunean ari diren meatzeen kasuan, berriz, portzentajea %73 da.
James Watson ikertzailearen esanetan, orain arte faktore hau ez da kontuan hartu nazioarteko klima politiketan, ez behintzat “modu serioan”. Horregatik, gaiaren haritiko “plangintza estrategiko” bat garatu behar delakoan dago.
The Conversation hedabidean idatzitako artikulu batean adituek ikertutako gaian sakondu dute. Lerroburua bera laburpen guztiz argigarria da: “Energia berriztagarriek mundu naturala salba dezakete; baina, kontuz ibiltzen ez bagara, kalte egin ahal diote ere”.
Australiaren adibidea jarri dute ikertzaileek. Herrialde horrek munduko litioaren erdia ekoizten du, eta lur arraroak dituzten herrialdeen artean, seigarrena da. Baina, modu berean, arriskuan dauden espezie asko ere badira bertan, eta baita bizimodu tradizionala mantentzen duten komunitate indigenak ere.
Ohartarazi dute askotan leku zaurgarrietarako egiten diren kontserbazio planetan ez direla kontuan hartzen meatzaritzari lotuta agertu daitezkeen arriskuak. Hortaz, arrisku horiei aurre egiteko estrategiak prest edukitzeko gomendioa egin dute.
Ohi bezala, artikuluak txaloak jaso ditu, baina baita kontrako iritziak ere, The Conversation atarian bertan, sare sozialetan edota Science Media Centre bezalako guneetan irakur daitekeenez. Gehien kritikatutako irizpidea meatze baten eragin potentziala 50 kilometrokoa izatea da. Gurera ekarrita, horrek esan nahiko luke ontzat jo dutela Amurrion kokatutako meatze batek Urdaibaiko edota Urkiolako bioaniztasunean eragina izan dezakeela.
Erreferentzia bibliografikoa:
Sonter, L.J. et al. (2020). Renewable energy production will exacerbate mining threats to biodiversity. Nature Communications, 11, 4174. DOI: https://doi.org/10.1038/s41467-020-17928-5
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
2 iruzkinak
[…] Energia berriztagarriek meatzaritzaren bitartez lortzen ditu ere bere osagaiak eta Queenslandeko Unibertsitateko (Australia) ikertzaileek meatzaritza horrek bioaniztasunean duen eta izango duen inpaktua kalkulatu dute. Ikusi dute munduan 50 milioi kilometro karratu egokiak izan daitezkeela meatzaritza egiteko. Horretaz gain, baliabideak […]
[…] ere, zenbait mineraletan dauden elementu batzuk –adibidez, litioa– telefono mugikorren, tableten eta bestelako gailu elektronikoen eta auto elektrikoen baterien […]