Osasuna
COVID-19aren txertoaren proba klinikoak eten dituzte Oxford Unibertsitateak eta Astrazenecak saio klinikoen III fasean, Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez. Badirudi partaideetako batek osasun-arazo larriak izan dituela. Dena den, adituek esan duten moduan, honek erakusten du txertoak garatzeko prozedura gardena eta fidagarria dela. Oraindik, beste zortzi hautagai daude III fasean.
COVID-19aren txertoa iristen denean, etikoki banatzeko proposamen bat egin dute nazioarteko etika-adituen talde batek, Osasunaren Mundu Erakundearen babesa duela. Bi aukera daude mahaigainean: alde batetik, dosiak herrialdeek duten populazioaren proportzioan jasotzea eta bestetik, adinekoek eta osasun-langileek lehentasuna izatea. Xehetasun gehiago Elhuyar aldizkarian dituzue irakurgai!
COVID-19aren inguruko informazio eguneratua ekarri digu beste behin Koldo Garciak. Karaktere gutxitan dena azaldu digu. Ezin duzue hau galdu!
COVID-19a dugu begi-bistan, baina ezin dugu ahaztu gripearen sasoia hastear dagoela. Une egokia da horri buruz gehiago jakiteko!
Koronabirusaren sintomak luzaroan dituzten gaixoak elkarrizketatu dituzte honetan. Horien artean dago Irantzu Espartza. Berrian kontatzen duenez, martxoan gaixotu eta sendatu zen, baina maiatzean berriro agertu zitzaizkion sintomak eta geroztik, bereziki, muturreko nekea du.
Ingurumena
Ingurumen kutsadurak zortzi heriotzatik bat eragiten du Europan, Europako Ingurumen Agentziak argitaratutako txosten baten arabera. Airearen poluzioa da eragile nagusia: 400.000 heriotza eragiten ditu. Haren atzetik: kutsadura kimikoa, akustikoa eta klima aldaketa. Berrian aurkituko duzue informazio gehiago.
Energia berriztagarriek meatzaritzaren bitartez lortzen ditu ere bere osagaiak eta Queenslandeko Unibertsitateko (Australia) ikertzaileek meatzaritza horrek bioaniztasunean duen eta izango duen inpaktua kalkulatu dute. Ikusi dute munduan 50 milioi kilometro karratu egokiak izan daitezkeela meatzaritza egiteko. Horretaz gain, baliabideak zeintzuk diren identifikatu eta euren erabilgarritasunari erreparatu diote.
Astrofisika
Txinako Espazio Administrazio Nazionalak (CNSA) ilargira bidali zituen Chang’e 4 espazio-ontzia eta Yutu 2 ibilgailua. Azken honen radarrari esker, lehen emaitzak jaso dituzte. Ilargiaren historia geologikoa ezagutu nahi? Ez galdu Elhuyar aldizkariak eman dizkigun datuak!
Kimika
Abuztuaren 4an Beiruten gertatutako eztandari buruz irakurtzeko aukera izango duzu artikulu honetan. Zehazki,leherketa hori zergatik gertatu zen ulertzeko abagunea dugu. Amonio nitratoaren eraginez gertatu zen. Baina, zer da, beraz, amonio nitratoa?
Mikrobiologia
Ikerketa batek dio tenperaturen gorakadaren arabera hedatuko direla Sahara azpiko Afrikan eltxoek transmititzen dituzten gaitzak. Adibidez, malariak behera joko du, baina dengea eta chikungunya bezalako gaitzek gora joko dutela aurreikusi dute ikertzaileek, batez ere hirietan. Elhuyar aldizkariak azaldu dizkigu xehetasunak.
Geologia
XIX. eta XX. mendean zehar, Bizkaiak garapen ekonomiko, teknologiko eta soziala bizi izan zuen. Izan ere, garapen erraldoi horren atzean bazeuden faktore batzuk, hala nola ekonomia eta legeria baldintza egokien sorrera, eskulan ugaria eta merkea, meatzaritzaren arloko enpresa garapena eta batez ere, ezaugarri ekologiko oso egokiak. Azken ezaugarri horren azalpenari heldu dio Alex Francok honetan. Ez galdu!
Neurozientzia
Pentsamenduak bizio sistematikoen eragin handia du. Adibide batzuk eman dizkigute testu honetan. Esaterako, gainerakoen iritzietan hautematen ditugu isuriak edo joerak, baina ez gureetan. Efektu horrek badu izena: puntu itsuko aurreiritzia. Beste bat: statuquo izenekoa. Beste modu batera esanda: gauzek bere horretan jarraitzea nahi dugu.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.