Asteon zientzia begi-bistan #320

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

Koronabirusaren aurka PCR testez gain, badira beste test mota batzuk indarra hartzen ari direnak, hala nola antigenoen testak. Horiek hobetu egin dituzte eta abantaila handiak dituztela azaldu dute adituek: merkeagoak, azkarragoak, eta egiten errazagoak dira. Berriako artikulu honetan, UPV/EHUko Farmazia irakasle den Gorka Oribe antigenoen testei buruz mintzatu da. Ez galdu!

Varsoviako ghettoan, tifusak (zorriek transmititzen duten rickettsia prowazekii bakterioak sortuta) bertan izan zituen agerraldiak (eta eragindako hildakoak) azaltzen dira artikulu honetan. Horren harira, ikerketa bat: tifusaren epidemiaren dinamika simulatzeko zenbait eredu epidemiologiko erabili dituzte. Ikertzaileen arabera, ghettoko juduek hartutako neurriek desagerrarazi zuten epidemia.

Medikuntza

CRISPR metodoa erabiliz, SARS-CoV-2 birusa oso azkar (bost minututan izan dezakegu emaitza) detektatzen duen test bat garatu dute Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez. Xehetasun gehiago artikulu honetan aurkituko dituzue.

Astrofisika

Artizarrean fosfanoa lehen aldiz aurkitu dutela jakinarazi dute berriki ikerketa batean. Aurkikuntza horrek sekulako oihartzuna izan du. Baina zergatik da hain garrantzitsua? Zer da fosfanoa? Eta hori aurkitzeak esan nahi du bizitza dagoela Artizarrean? Aukera bat izan daiteke. Ez galdu Josu Lopez Gazpioren azalpen argigarriak hemen!

Ingurumena

Munduko ekosistemen %30 berreskuratuta, aurreikusitako espezieen desagertzeen %70 ekidingo litzateke, ikerketa baten arabera. Elhuyar aldizkariak azaldu digun moduan, 465 mila milioi tona CO2 xurgatu eta egun arriskuan dauden ugaztun, anfibio eta hegazti gehienak salbatuko lirateke, ekosistemen % 30 berreskuratuko balitz.

Klima-aldaketa

Iñaki Petxarroman kazetariak argitaratu berriki du klima aldaketari buruzko liburua (Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian). Bertan, aldaketa biofisikoei buruzko datuak bildu eta trantsizio ekologikoaren bidea aztertu du. Berriako elkarrizketa honetan liburuaz mintzatu da.

Biologia

Konfinamendu garaian, txorien kantua aldatu zen. San Frantziskoko badiako kurloiei erreparatu die ikerketa talde batek. Hain zuzen, Zonotrichia leucophrys espeziea izan zuten aztergai eta ikusi dute, 2015eko eta 2016ko apirila eta ekaina bitartean grabatutako soinuak 2020ko hilabete berdinetan grabatutakoekin alderatuz, txoriek frekuentzia eta bolumen txikiagoan txiokatu zutela. Oso bitxia eta interesgarria ikerketa! Ez galdu!

Artikulu honen bidez, Bilboko Abran jazotako itsas bizitzaren berreskurapena azaltzen dute egileek: nolakoa izan den uraren egoera historian zehar eta nola aldatu egin den kalitatea eta horrekin batera, nola gutxika handitzen ari den dibertsitatea. Halere, testuan azaltzen duten moduan, oraindik ere nabarmentzekoa da morfologia konplexuko algen eta belarjaleen eskasia.

Emakumeak zientzian

Espaziotik barna pasoan ibili zen kosmonauta izan da protagonista Emakumeak Zientzian atalean: Svetlana Savitskaya. Emakume errekorduna da; espazioan hiru ordu eta 35 minutuz paseoan ibili zen eta espaziara bi bidaia burutu zituen lehen emakumea izan zen.

Biokimika

Ugaztunek bi egarri-mota ase behar dituzte: osmotikoa eta hipobolemikoa. Ikerketa batek berriki argitu du horiek oinarri zelular desberdina dutela eta garunean neurona-mota desberdinak inplikatzen dituela. Elhuyar aldizkariak eman digu azterlan honen berri.

Genetika

Aurreko astean jakin genuen aurtengo Kimikako Nobel saria Emmanuelle Charpentierek eta Jennifer A. Doudnak jaso dutela CRISPR/Cas9 metodoa garatzeagatik. Asteon, Koldo Garcia genetikariak horri buruz hitz egin digu bere blogean.

Genetikaren etorkizunean murgiltzeko aukera berri batekin datorkigu asteon ere: Barbara Treutlein, ETH Zurich unibertsitateko garapen-biologia kuantitatiboaren irakasle asoziatuaren aburuz, erronka nagusia zelula bakarrak ikertzea da hainbat maila omiko eta espazio-informazioa erabilita. Edonola blogean duzue irakurgai.

Sariak

Elhuyar fundazioko I+G lantaldeak nazioarteko hiru sari jaso ditu biomedikuntzaren eta hizkuntzalaritzaren alorretan, Berriak artikulu honen bidez jakinarazi digunez. Garatutako itzultzaile automatikoaz, bilatzaile neuronalaz eta zuzentzaile gramatikalaz gehiago jakiteko, irakurri osorik artikulua.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.