Suteak gogor astintzen ari dira Estatu Batuetako mendebaldea: dagoeneko bi milioi hektarea erre dira Kalifornia, Oregon eta Washingtonen. Orain dela aste batzuk oihartzun handia izan zuen Oregoneko argazki batek nazioarteko hedabideetan. Argazkian Talent hiriko kaleak ikus daitezke, gorriz tindatuta. Kolore gorri hau sugar-atzeratzailearena da, sutea geldiarazten laguntzeko kaleetan zehar barreiatu zen substantziarena, alegia.
Sugar-atzeratzaileak mendien edo zelaien errekuntza atzeratzeko erabiltzen diren konposatuak dira, ura lurrundu eta gero hesi moduan jokatzeko gai direnak. Konposatu hauek koloredunak izaten dira: zuriak edo gorriak; modu horretan begi-bistaz erraz ikus daiteke zer eremu estali diren sugar-atzeratzailearekin. Horretaz gain, badaude gorriak diren konposatuak baina argiaren eraginez kolore marroixka hartzen dutenak.
Sugar-atzeratzaileen konposatu aktiboak amonio fosfatoak edo sulfatoak dira. Amonio sulfatoa sugar-atzeratzaile gisa erabiltzea Joseph Louis Gay-Lussac-ek, kimikari eta fisikari frantziarrak, proposatu zuen 1821ean, eta 1950etik erabili izan dira suteen aurka. Amonio fosfato edo sulfatoez gain beste konposatu batzuk ere gehitzen zaizkie sugar-atzeratzaileei, hala nola, substantzia lodigarriak, atzeratzailea hegazkinetik jaurtitzean gehiegi hedatu ez dadin.
Amonio fosfatoaren mekanismoa sugar-atzeratzaile gisa oso ezaguna da: fosfatoek zelulosarekin erreakzionatzen dute (zelulosa egurraren konposatu nagusia da) eta fosfato esterrak osatzen dituzte. Suak ester hauek deskonposatzen ditu eta errautsa sortzen da. Errauts honek gainestaldura babesle gisa jokatzen du eta sutearen hedatzea mantsotzen du.
Konposatu hauek ongarri modura ere jokatzen dute; beraz, sute bat egon eta gero, erabilgarriak dira basoberritzean. Hala ere, aipatu behar da uretako izakientzat arriskutsuak izan daitezkeela, uretan gatza disoziatu eta amoniakoa sortzen baita. Hori dela eta, saihestu egiten da ibai edo lakuen inguruan konposatu hauek barreiatzea.
Suteen aurkako beste konposatu multzo bat su-itzalgailu aparrak deritzenak dira. Hauek erregaiak sua hartzeko duen gaitasuna murrizten dute uraren lurruntzea atzeratuz eta ur-erretentzioa areagotuz; gainera erregaia airetik isolatzen dute. Apar hauek egiteko, surfaktanteak, apar-egonkortzaileak eta disolbatzailea erabiltzen dira, besteak beste. Hala ere, aparren desabantaila nagusia da, behin ura lurrundu delarik, ez dutela konbustioa murrizten.
Erreferentzia bibliografikoa:
Gaikowski, M. P.; Hamilton, S. J.; Buhl, K. J.; McDonald, S. F.; Summers, C. H. (1996). Acute toxicity of three fire-retardants and two fire-suppressant foam formulations to the early life stages of rainbow trout (Oncorhynchus mykiss). Environmental Toxicology and Chemistry, 15, 1365-1374. DOI: https://doi.org/10.1002/etc.5620150816
Iturriak:
- Hogue, Cheryl (2011). Seeing Red. Chemical & Engineering News, 2011ko abuztuaren 29a.
- Brunning, Andy (2019). Periodic Graphics: Suppressing wildfires with chemistry. Chemical & Engineering News, 2019ko azaroaren 24a.
Egileez:
Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz Kimikan doktoreak dira eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak Polymat Institutuan.
2 iruzkinak
[…] sortzen badira, sute horiek oso arriskutsuak bihurtzen dira eta horiek kontrolatu eta itzaltzea oso nekeza […]
[…] Tamalez, kontua ez zen soilik datu anekdotiko batean geratu: jasandako bero boladaren ondorioz, baso sute batek herriko etxebizitza gehienak suntsitu zituen. Oro har, Kanadako historian heriotza gehien eragin […]