Leonardo da Vinci artista eta jakintsu ospetsuaren marrazkietan bildutako mikrobioma aztertu dute, sekuentziazio masiboko teknikak erabilita. Emaitzek erakutsi dute paper zaharrek mikrobioen araberako sinadura bat gorde dezaketela.
Aspalditik ireki gabeko eskuizkribu eta bestelako paperen artean zaudenean, ezustekoak agertu daitezke. Egia da bi urtean behin trastelekura egindako sarraldi horietan Indiana Jonesen pareko abentura bat gerta daitekeela. Dena dela, une epiko horiez gain, hau ez da jende guztiari gertatzen zaion zerbait.
Baina ogibidea eskuizkribu zaharren artean dutenei denetarik agertu zaie. Horregatik, pandemia aurreko garaietan musukoa erabiltzen aitzindariak ziren zaharberritzaileak eta historialariak. “Noski, hori izango da hain baliotsua den ondarea zuen eraginetik babesteko, ezta?”, galdetu nion behin, xalotasun puntu batekin, Ondare Babesa enpresako Marta Sabando dokumentalistari. “Ez pentsa. Hein handi batean, gure burua babesteko egiten dugu”, erantzun zidan. Arrazoia azaldu zuen: paper zaharren artean, gauza pila agertu daitezke; tartean, beste paper zaharrak, ileak, hostoak edota intsektu hilak… eta, batzuetan, hauts zuri bat. Arratoiak hiltzeko pozoia, hain justu; eliza batzuetan liburuak marraskarietatik salbu mantentzeko erabiltzen zuten erremedio bitxia. Hortik musukoaren beharra.
Elkarrizketan arrasto horien artean ager litekeen material biologikotik DNA erauzteko aukera azaldu zen, eta ia zientzia fikziozkoa zirudien. Askotan espekulatu da hori egiteko aukerarekin, eta espekulazio horiek are handiagoak izan dira lan horien atzean artista edo jeinu handiak daudenean. Har dezagun Leonardo da Vinciren adibidea, eta irakur dezagun 2004an jeinu italiarraren inguruan Charles Nicholls biografoak idatzitako The Flights of the Mind liburuan gaiari buruz azaltzen dena. “Zenbait zientzialari baikorren arabera, margoek Leonardoren DNAren benetako mezua gorde dezakete, tamaina mikroskopikoko odol eta listu pitinetan bilduta, baina hau idazteko unean, oraindik zientzia fikzioaren eremuan dago aukera hori”. Biografia argitaratu zenetik 15 bat urte igaro diren honetan, ez da hori erabat lortu, baina… zientzia fikzioa zirudien hori gero eta hurbilago dago.
Izan ere, bide hori urratzen hasia da zaharberritzaileak, historialariak eta biologoak biltzen dituen diziplina arteko ikertzaile talde bat. Frontiers in Microbiology aldizkarian argitaratutako artikulu batean lehen emaitza ikusgarriak azaldu dituzte. Da Vinciren zazpi marrazkitan zeuden arrasto biologikoen sekuentziazio masiboa egin dute, eta bertan atxikita zeuden bakterio, onddo eta gizakien DNA arrastoak ere aurkitu dituzte. Horrez gain, birusak eta arkeobakterioak ere atzeman dituzte. Marrazki horiek arakatzeko Nanopore izeneko sekuentziazio teknologia erabili dute. Hori egiteko, marrazkien gainetik aspiragailu baten funtzioa egiten duen tramankulu ñimiño bat pasatu dute, bertan bildutako partikula guztiak jasoz. Esan beharrik ez dago garbiketa hori tentu handiz egin dutela, lan horiek ikertzaileen material biologikoarekin ez kutsatzeko.
Batez ere onddoak aurkitzea espero zuten, horiek baitira paper zaharren artean aterpe gehien hartzen duten bizidunak. Izan ere, onddoak zelulosa deskonposatzen bereziki trebeak dira, eta paperetan aukeran zerbait badago, hori da, hain justu, zelulosa. Baina, hasierako ustearen kontra, bakterio kopurua onddoena baino handiagoa izan da.
Sekuentziazioari esker, espezieak bereizteko aukera izan dute. Giza azalean edota mukosetan ohikoak diren bakterioak daudela ikusi dute. Bakterioen artean, Streptococcus pseudopneumoniae edota Escherichia coli patogeno ospetsuak identifikatu dituzte. Artropodoetan egon ohi diren mikrobioak ere atzeman dituzte, seguruenera, eulien gorotzetan abiapuntua izango dutenak.
Aurkitutako mikroorganismoen ezaugarrien arabera, zazpi marrazkiak bi multzotan sailkatu ahal izan dituzte. Lehen taldean Turinen (Italia) gordeta dauden bost marrazkiak daude. Bigarren taldean, Erromako liburutegi batean dauden beste biak. Hortaz, lan honen emaitzarik esanguratsuena da ondare piezen multzo bakoitzak berezko ezaugarriak dituela mikrobiomari dagokionez, sinadura baten funtzioa beteta. “Nanopore bitartez sortutako mikrobiomak marrazkien bioartxibo gisa erabiliak izan daitezke, bai orain zein etorkizunean egin daitezkeen alderaketarako nolabaiteko hatz-marka baten antzera” idatzi dute zientzia artikuluan.
Ez da izan hau egin duten lehen aldia. Duela urtebete inguru, ikertzaile horiek saiatu ziren ebazten nongoak ziren kontrabandista talde bati atzemandako hiru estatua, eta zeintzuk izan zitezkeen haien biltegiratze baldintzak. Modu berean, aurten pergamino batzuen jatorria ere argitzen saiatu ziren, beti ere, bertan aurkitutako mikrobioen arabera.
Gizakien DNA arrasto ugari aurkitu dituzte, horien jatorria argitzea zaila dela aitortu duten arren. Ikertzaileen arabera, horiek seguruenera historian zehar egindako zaharberrikuntza lanetan eta bestelako manipulazioen bitartez iritsi dira bertara. Errenazimendu garaiko jeinuaren balizko zantzu biologikoei dagokienez, aitortu dute hauek ez direla zertan izan behar Da Vinciren garaiko arrastoak, azken 500 urteetan zehar pilatutako materiala baizik. Halere, noski, ez dute baztertu bertan Da Vinciren beraren zantzuak egoteko aukera, baina argitu dute ikerketa ez zegoela horretara bideratuta. Hortaz, ez dirudi, momentuz, DNAk jeinuaren inguruko informazio gehiago azalarazteko aukera emango duenik.
Zeregin horretan beren beregi eta buru-belarri ari den nazioarteko proiektuko kideek begi onez hartu dute ikerketa. “Guadalupe Piñar-en taldearen zientzia artikulua gustura eta liluraz irakurri digu. Lan ona ematen du. Gero eta jende gehiago horretan lanean egonda, artearen historiarako eta artearen kontserbaziorako erabilgarriak izan daitezkeen aurkikuntzak egiteko aukerak biderkatuko dira”, adierazi dio Zientzia Kaierari Leonardo da Vinci DNA Project taldeko buru Jesse Ausubel ingurumen zientzialariak.
Tamalez, gaur egungo egoerak ere eragina izan du proiektu horretan. “Noski, COVID-19ak ahaleginetako batzuk moteldu ditu, eta gure lan taldeko kide batzuek pandemiari buruzko ikerketari lehentasuna eman behar izan diote”, azaldu du Ausubelek. “Baina baikor jarraitzen dugu, uste dugulako irekita dauden bide desberdinek Leonardoren DNAren sekuentzien identifikazio ziurrera eramango gaituztela”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Guadalupe Piñar, et al. (2020) .The microbiome of Leonardo da Vinci’s drawings: a bio-archive of their history. Frontiers in Microbiology. 11:593401. DOI: 10.3389/fmicb.2020.593401
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
2 iruzkinak
[…] Juanma Gallegok Zientzia Kaieran. […]
[…] bat-batekoa izan, noski. Kasu askotan ezaguna da teknika mistoak erabili izan zirela. Kasurako, Da Vinciren lan batzuetan bi teknikak erabili izan […]