Osasuna
SARS-CoV-2 birusa aurkitu dute bisoi basati batean, Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez. Urrian, Nekazaritza Saileko Animalien eta Landareen Osasuna Ikuskatzeko Zerbitzuak azterketa bat egin zuen Utahn, Michiganen eta Wisconsinen, eta Utahko bisoi-haztegi baten inguruan jasotako lagin batean isolatu dute birusa.
COVID-19a detektatzeko autodiagnostiko probei erreparatu die Miren Basarasek Berriako artikulu honetan. Izan ere, azken egunetan, farmazietan salduko diren proba horien inguruko eztabaida sortu da. Kontua da, norberak egin ditzake? Artikuluan aurkituko duzu erantzuna.
Taldeko immunitatea lortzearen estrategiaren aldekoak badira oraindik. Horren aurrean, nazioarteko zientzialari talde batek COVID-19ari aurre egiteko estrategia hori erabiltzea “arriskutsua” eta ikuspuntu etikotik, “onartezina” dela esan du agiri batean. Taldeak ohartarazi du gainera SARS-CoV-2aren kutsatze natural baten ondoren immunitateak luzaroan babesten duela erakusteko ebidentziarik ez dagoela. Berrian informazio guztia.
Pobreziaren eta buruko gaixotasunen harremana aztertu dute Harvard Unibertsitateko ikertzaileek, Elhuyar aldizkariak kontatu digunez. Gainera, erlazioa bi noranzkokoa da, hots, pobreziak buruko gaitzak eragiten ditu, eta buruko gaitzek pobrezia. Ikerketan argi gelditu da horien arteko lotura hautsi egin daitekeela interbentzio-politika egoki baten bidez.
Nola sortzen ote dira txantxarrak? Horri erantzun aurretik, testu honen bidez azalduko digute hortzak zerez osatuta dauden. Horren ondotik, gai izango gara ulertzeko nolakoa den txantxarren eraketa-prozesua. Ez galdu azalpena!
Hego Euskal Herrian posiblea da antigorputzen testak nork bere buruari egitea. Iparraldean, ez, ordea. Horren inguruan, epidemiologoek esan dute “tentuz” jokatu behar dugula test hauekin; emaitzen interpretazio egokia egin behar delako eta hori egitea zaila delako. Berriak jaso du informazioa.
Ingurumena
Aluminioa birziklatzean hondakin industrial bat sortzen da: gatz-zepak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingurumen Teknologiak eta Aplikazioak izeneko ikerketa-taldeak (TAMA) hori erabili dute ingurumen-prozesuetan baliagarriak diren materialak garatzeko. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue honen inguruko xehetasunak.
Municheko Unibertsitate Teknikoko ikertzaileek egindako ikerketa batean ondorioztatu dute haragiaren prezioak igo behar direla. Azterlanaren arabera, ohiko haragian egungo prezioarekiko % 146ko gainkostua ezarri beharko litzateke, haragi ekologikoan % 71ekoa, esnekietan % 91koa eta barazki ekologikoetan % 6koa besterik ez. Elhuyar aldizkarian duzue irakurgai artikulu osoa.
Astrofisika
Esne Bideari buruzko datu berriak argitaratu dituzte: Galaxiaren iragana eta etorkizun urruna ezagutzeko aukera dute ikertzaileek egindako mapa baten bitartez. Artikuluan azaltzen diguten moduan, Esne Bidean eta horren inguruan diren 1.800 milioi objekturen inguruko informazioa jasotzen dira bertan.
Antropologia
Ikerketa batek argitu du emakumeek parte hartze aktibo garrantzitsua izan zutela ehizako jardueretan Neolitoan. Azterlan honen ondorio nagusia argia da: gure historiaren hasieratik ezarritzat jotzen genituen rolak geroago sortu ziren ziur aski. Ikerlanean egindako hezurren analisiaren bidez ikusi da egungo emakume arraunlari profesionalek baino beso indartsuagoak zituztela.
Emakumeak zientzian
Elizabeth Fulhameri buruz ez dugu datu askorik: bere izena eta 1794an argitaratu zuen An Essay On Combustion with a Viey to a New Arto f Dying and Painting liburua. Saiakera hori mugarria izan zen kimikan. Hark asmatu zuen katalisia kontzeptua. Badakizu zer den? Ez galdu!
Genetika
Koldo Garciak bere Edonola blogean azaldu digu zer diren mikorrizak eta horren harira, kontatu digu ikerketa batek aztertu duela mikorrizek nola eragiten duten artoaren produkzioan. Badirudi genetikarekin lotura duela.
Kultura zientifikoa
Rosa Errazkin Bergarako Laboratorium Museoko zuzendaria elkarrizketatu dute Berrian, egun bizi dugun egoeraz mintzatu da bertan. Besteak beste, zientziaren beharraz eta oro har, Kultura zientifikoaz aritu da honetan. Oso hausnarketa interesgarriak irakurriko dituzue honetan.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:
Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.