Asteon zientzia begi-bistan #342

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

koralak

Ingurumena

Urari prezioa jarriko diote Wall Streeten. Josu Lopez Gazpiok azaldu digu Kaliforniako arro nagusienetako ura burtsan kotizatzen hasi dela eta horrek ekar ditzakeen arriskuez mintzatu da ere testu honetan. Gainera, ezin dugu ahaztu ura baliabide gero eta urriagoa dela.

Sufrearen bidezko kutsadura ez dela bukatu, eta ur ekosistemak kutsatzen jarraitzen duela ohartarazi dute IGB Ur Gezako Ekologia eta Barneko Arrantza Institutuko ikertzaileek. Horren aurrean, proposamen bat: bioerremediazioaren aukera. Euri azidoa gaindituta ere, sufreak uretan dirau testuan azaltzen duen moduan Juanma Gallego kazetariak, estrategia horren bitartez, prokariotoak, onddoak edota algak erabiltzen dira kaltetutako eremuak lehengoratzen saiatzeko.

Amelie Carraut biologoari egin diote elkarrizketa Berrian. Bertan, koralaz hitz egin du, itsaspeko ekosistemaren giltzetako bat baita. Izan ere, itsas espezieen %25 koralen mende daude. Koralak ornodun, ornogabe, arrain eta karramarro espezie askoren aterpe dira; elikagai eta haurtzaindegi ere. Irakurtzekoa!

Emakumeak zientzian

Landareak dokumentatu zituen Ynes Mexiak; Mexiko eta Hego Amerikako hainbat espezimen bildu zituen. Guztira, 1500 espezimen baino gehiago bildu zituen. Horretaz gain, berak identifikatu zuen Compositae (Asteraceae) familiako genero berria, Mexianthus; eta mimosa mexiae ere aurkitu zuen.

Geologia

Euskaltzaindiak aurkeztu du Lurraren Zientzien Oinarrizko Lexikoa. Lanak bi zati ditu: batean, geografia, geologia, meteorologia, mineralogia, ozeanografia eta paleontologia arloko euskarazko hitzen 1.609 sarrera bildu dituzte (ingelesezko, gaztelaniazko eta frantsesezko ordainekin). Bestean, ingeles-euskara, gaztelania-euskara, frantses-euskara zerrendak sartu dituzte eta lan osoa interneten dago ikusgai. Hau da orain arte aurkeztu duten dokumenturik mardulena.

Kimika

Polimeroak zer diren ezagutzeko aukera dugu Polimeroez artikuluaren bidez. Polimero hitza 1830. urtetik datorkigu, Jöns Jacob Berzelius kimikariak erabili zuen lehen aldiz eta “zati asko” esan nahi du. Polimero-motak, eta historian zehar egindako aurkikuntza garrantzitsuenak bildu ditu testu honetan. Gaur egun, oso presente ditugu polimeroak, ez galdu aukera horiek ezagutzeko!

Matematika

László Lovászek eta Avi Wigderson matematikariek jaso dute Abel saria, Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez. Biak matematika eta konputazioaren zientzia elkartu dituzten bi zientzialari aitzindariak dira eta saria eman diete zientzia konputazional teorikoari eta matematika diskretuari egindako oinarrizko ekarpenengatik, eta ekarpen horiek matematika modernoaren erdigune gisa konfiguratzeko egindako lan nabarmenagatik.

Astronomia

Ilargia ustiatu nahi dute. Lurrera hurbiltzen diren asteroideen ustiaketa ere gauza ezaguna da 1997. urtean John S. Lewisek, Arizonako Unibertsitateko planeta-zientzia irakasleak, Mining the Sky liburua idatzi zuenetik. Espazioaren erabileraren oinarrizko araudia zaharkitua gelditu da. Esaterako, 1972. urtean sinatu zen Artemisa akordioak. Gero eta herrialde gehiagok parte hartzen dute espazio programetan eta horren inguruko galdera-erantzun sorta irakurtzeko aukera duzue, zalantzak argitzeko, Berrian.

Osasuna

AstraZenecaren txertoa izan da aste honetako protagonista. Tronbosiak eragiten ahal zituela pentsatuta, gelditu zuten txertaketa hainbat herrialdetan. Orain Sendagaien Europako Agentziak esan du “segurua eta eraginkorra” dela. Eta gaineratu du: “Ez da ziurtatu txertoak tronbosiak areagotzen dituenik”. Berrian dituzue xehetasunak.

Horren harira, AstraZenecaren auzia argitzeko asmoz, gertatutakoaren inguruko kronika argia eta zehatza idatzi du Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian. Eta txerto horrekiko sortu den errezeloaz mintzatu da Galarraga Berriako artikulu honetan. Etorkizuna irudikatzen saiatu da hausnarketa argi batez. Ez galdu!

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) COVID-19a gainditzeko gomendio batzuk argitaratu ditu, Elhuyar aldizkariak berri honetan azaldu digun moduan. Gomendioak zeintzuk diren irakurri nahi badituzu, jo ezazu artikulu honetara: COVID-19aren osteko leheneratze osasungarri baterako manifestua kaleratu du OMEk.

Ikerketa batek aztertu du bi pertsona multzoren egoera fisikoa eta kognitiboa: batzuk 1910ean eta 1914an jaiotakoak dira eta besteak ia hiru hamarkada geroago. Azterlan horretan ikusi dute hiru hamarkada geroago jaiotakoen taldekoak azkarrago ibiltzen zirela eta indartsuagoak zirela.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude