Urari prezioa jarriko diote Wall Streeten

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ura Wall Streeten kotizatzen hasi da duela gutxi. Kaliforniako arro nagusienetako uraz ari gara soilik, baina, hemendik aurrera uraren prezioa merkatuek ezarri ahal izango dute. Kaliforniako uraren eskasiak ekarri du erabaki hori, baina, hemendik aurrera horrela izango da. Momentuz modu oso fokalizatuan bada ere, uraren prezioarekin espekulatzea ekarri dezake horrek, funtsezko beste zenbait baliabide naturalekin gertatzen den bezala. Horrek ekar ditzakeen arriskuak ez dira gutxi.

prezioa
Irudia: Nevada eta Kalifornia artean dagoen Tahoe lakua. Kaliforniako arro nagusienetako ura burtsan kotizatzen hasi da. (Argazkia: 12019/10259 images – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Ura baliabide gero eta urriagoa da. Lehorte arriskua geroz eta handiagoa da aldaketa klimatikoaren kausaz eta herrialdeen baliabide hidrikoak geroz eta estrategikoagoak dira. Ur gabeziak munduko populazioaren %40ri eragiten diola jotzen da eta FAOren arabera, 2030. urtera bitarte 700 milioi lagun lekuz mugitu behar izateko arriskuan egongo dira ur gabeziaren ondorioz. Klima-aldaketaren eraginpean, leku lehorrak geroz eta lehorragoak dira eta horientzat bereziki, ura ezinbesteko baliabidea da.

Enpresa multinazional handiek negozio aukera izan dezakete eta ura kontrolatzeko operazioak ekonomikoak zein geoestrategikoak geroz eta arruntagoak bilakatu daitezke. Petrolioa kontrolatzeko gerrak egon diren bezala, zergatik ez, ura kontrolatzekoak izan daitezke hurrengoak. Ziur aski preziatuena den baliabide naturalarekin espekulatu ahal izatea edo uraren kudeaketa egokia egin ahal izatea da eztabaida. Teorian, Kaliforniako arro garrantzitsuenen uraren prezioak baimenduko luke eskasia dagoenean tentuz erabiltzea -garestia izango litzatekeelako-. Hala ere, ura abenduan hasi zen Wall Streeten kotizatzen eta, diotenez, helburua uraren erabilpen-eskubideak kudeatzea litzateke. Ustez, merkatuak doituko du uraren erabilera prezioaren arabera, baina, jakin badakigu horrek arrisku handiak dituela: uraren prezioaren espekulazio hutsa gertatzea. Elikagaien kasuan, espekulazioa izan zen 2007-2008. urteetako elikadura-krisiaren arrazoietako bat. Esperientziak erakutsi duenez, merkatuak ez dira egokienak baliabideen kontsumoa erregulatzeko.

Ur gezetako bizitza arriskuan

Ura Wall Streeten egon dela jakitearekin batera, arriskuan dauden espezieen zerrenda gorriaren eguneraketaren berri eman zen. Bi albisteak aste bateko epean eman ziren eta hasiera batean loturarik ez duten arren, oso adierazgarria da. IUCNren zerrendan arriskuan dauden espezieak jasota daude eta horrek kontserbazio kanpaina eraginkorragoak egitea ahalbidetzen du. Ziur aski, ez da kasualitatea uraren menpe dauden espezieak izatea arrisku handienean daudenak. Esaterako, munduko izurde espezie guztiak desagertzeko arriskuan daude eta iaz uretan bizi diren zerrendako 31 espezie betirako desagertutzat eman ziren -horietako 15 Filipinetako arrainak-. Izurdeen eta baleen egoera bereziki larria da eta espezieen erdia gutxienez arrisku larrian dago. Plastikoen kutsadura, klima aldaketa, itsasoen gehiegizko ustiapena eta abar dira arrisku nagusienak. Arrantza-ontziek, esaterako, urtean 300.000 fozenido, izurde eta bale harrapatzen dituzte nahi gabe, erabilitako arrantza-tresnen ondorioz. Duela gutxi ohartarazi dutenez, izurdeek jasotzen dituzten kolpeak ere arrisku iturri garrantzitsua dira Gibraltarreko itsasartean. Espezie bat desagertzeak ondorio larriak ditu ekosisteman, baina, era berean baliabide interesgarri bat galtzen dugu betirako. Munduarekiko errespetuaz eta bizitzeko eskubideaz aparte, etorkizuneko sendagaiak ekoizteko baliagarriak izan daitezkeen baliabideak galtzen ditugu betirako. Bereziki zaindu behar dira, ohartarazi dutenez, ur gezetako espezieak; izan ere, horiek dira arrisku handienean daudenak, oro har.

Ur gezetako espezieen %83 galdu dugu 1970etik. Ornodunen familian egon den espezie desagertzerik handiena da hori. Ur geza Lurraren gainazalaren %1 soilik izanik ere, hamar espezietik bat bertan bizi da. Hala ere, ur gezaren gehiegizko ustiaketa egon da -eta dago- eta bertan bizi diren espezieek ugaltzeko oztopo asko izaten dituzte. 80ko hamarkadan Europako hezeguneen bi heren desagertu zen eta, argi dago, uraren kalitatea babestu beharrekoa dela. Ur geza ondo zaindu behar dugun baliabide naturala da, guztiona dena, eta bere prezioa Wall Streeten kotizatzen egotea ez dirudi irtenbide egokiena denik.

Informazio gehiago:

Álvarez, Clemente (2020). ¿Qué significa que el agua empiece a cotizar en el mercado de futuros de Wall Street?, El País, 2020ko abenduaren 9a.

Briggs, Helen (2020). Real and imminent extinction risk to whales, BBC.com, 2020ko urriaren 10a.


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.