Alaskatik Suaren Lurraldera, Ynes Mexiak (1870-1930) oparitu zigun paisaia koloretsua

Emakumeak zientzian

Badago bidaiak dokumentatzeko modu ugari. Argazkiak atera ditzakegu, etorkizunean gogoratu nahi ditugun momentuak jasotzeko; edo soinuak bildu, sortzen diren unetik arrastoak utziko baitituzte. Edo hainbat lekutan aurkitutako objektuak erabil genitzake, denboraren makinak bailiran: Berlinerako trenaren txartela, Aix-en-Provenceko denda txiki batean eskuratutako Madame Bovary liburua; edo Londresko Charing Cross Road-en erositako bigarren eskuko beste bat, And Then There Were None.

ynes mexia
1. irudia: Ynes Mexia botanikaria. (Argazkia: Mujeres con Ciencia)

Landareak dokumentatzeaz arduratu zen Ynes Mexia. Milaka kilometro egin zituen haiek identifikatu eta sailkatzeko. Konfiantzaz abiatzen zen espediziotara, Amerikako natura guztia poltsikoetan eraman ahal izango balu bezala. “Artxiboa dagoenean, halabeharrez egongo da artxibozaina; sailkatzen eta biltzen dabilen eskua”, dio Arlette Farge historialariak, Valeria Luiselliren Desierto sonoro liburuaren hasieran. Mexia izan zen esku hori. Berak bildu zituen Mexiko eta Hego Amerikako hainbat espezimen. Berak identifikatu zuen Compositae (Asteraceae) familiako genero berria, Mexianthus; eta Mimosa mexiae ere aurkitu zuen. Biek daramate bere izena.

Espedizio botanikoak

Washington D.C.n jaio zen Ynes. Bere aita, Enrique Antonio Mexia, diplomatiko lanetan zebilen bertan. Bederatzi urte zituenean banandu ziren bere gurasoak. Amarekin bizi izan zen lehendabizi, Filadelfian. Geroxeago, Ciudad de Mexikon, Aita gaixotu zenean, 1896an hil zen arte. Bi aldiz ezkondu zen ordurako; bere lehen senarra hil zen, eta bigarrenaz dibortziatu zen. Ezbeharrak ezbehar, Mexia gizarte langile gisa hasi zen San Frantziskon. Ordurako piztuta zuen interesa botanikarekiko; Sierra Club izeneko erakundeak antolatutako bidaia eta eskolei esker. Naturak liluratzen zuen; txoriak, landareak, isiltasunak. 1921ean, 51 urte zituela, Kaliforniako Unibertsitatean (Berkeleyn) matrikulatu zen, gradu aurretiko ikasle berezi moduan; baina inoiz ez zuen titulurik jaso.

Hamahiru urteotan zehar, bidaia ugari egin zituen Mexiak; egindako ibilbide osoa mapa batean hatz erakusleaz jarraituko bagenu, nekatuko ginateke. 1925ean, 55 urte zituela, hasi zuen bere abentura. Standfordeko Unibertsitateak sustatutako ibilaldian hartu zuen parte, Roxana Ferris botanikariak zuzenduta. Bertan, istripua izan zuen Mexiak; mendi-magal batean behera erori eta mina hartu zuen. Bidaiatzeari utzi behar izan zion tarte batez, eta orduan erabaki zuen nahiago zuela bakarrik joan espediziotara. Sendatu zenean, Mexikora joan zen bere kabuz, eta 1.500 espezimen baino gehiago bildu zituen, Berkeleyko herbariora bidali zituenak.

ynes mexia
2. irudia: 2019ko irailaren 15ean Googlek argitaratu zuen Doodle irudia Ynes Mexiaren omenez. (Ilustrazioa: Google)

Hasiera arrakastatsua izan zuenez, Alaskan landareak biltzeko kontratatu zuten, 1928an. Hego Amerikara joan zen ondoren, eta Amazonas ibaian zehar kanoaz bidaiatu zuen. Bi urte eta erdi pasata, ibaiaren iturburura iritsi zen, Andeetan. Hilabete batzuk eman zituen talde indigena batekin bizitzen. Bidaia berdina egingo zuen geroago, 1934 eta 1936. urteen artean. Horren ondoren, Mexikon ibili zen bi urtez. Bere azken bidaia izan zen hura, biriketako minbizia diagnostikatu, eta Estatu Batuetara itzuli behar izan baitzuen. Hilabete gutxi geroago hil zen.

Hainbat liburu idatzi zituen jasotako landareen inguruan, hala nola Botanical Trails in Old Mexico Brazilian ferns collected by Ynes Mexia, Three Thousand Miles up the Amazon, Mrs. Ynes Mexia’s Route in Ecuador eta Camping on the Equator. Horiekin guztiekin lortutako irabaziei esker, bidaia guztiak ordaintzeko gai izan zen.

Mexiak Kaliforniako botanika-elkartean parte hartu zuen, eta Mexikoko Baso, Ehiza eta Arrantza Saileko ohorezko kidea ere izan zen. Bidaietan zehar bildutako laginak ikusgarri daude Harvard Unibertsitateko Gray Herbariumen eta Historia Naturaleko Field museoan, Chicagon.

Hamahiru urteetan zehar, landare espezimen ugari ikusi zituen Ynes Mexiak, eta 150.000 baino gehiago bildu. Ez da erraza irudikatzea nola igaro zituen orduak eta orduak bide neketsuetan zehar. Pazientziaz eta irmotasun handiz, hainbesteko grina eragiten zioten landareak aurkitu zituen. Hotza, beroa, hezetasuna, nekea, bakardadea. Bolivia, Argentina, México, Chile, Alaska, Brasil, Ecuador, Perú. Berak dokumentatu zuen zehaztasun osoz inguratzen gaituen natura; eta paisaia zoragarria oparitu zigun.

Iturriak:


Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.