Gene-terapia: Ikuspegi terapeutiko berria begietako gaitzen tratamenduan

Argitalpenak · Dibulgazioa

Tratamendurik ez duten gaixotasunak sendatzeko terapia ugari garatzen ari dira zientzialariak azken urteetan. Gene-terapia terapia aurreratuen taldean sailkatzen da eta goitik behera aldatu du gaixotasun ezberdinen tratamenduari aurre egiteko modua, gaur egun tratamendu eraginkorrik ez duten gaitzen sendatzea ahalbidetuz.

1. irudia: Begi gaixotasunak tratatzeko aukera izan daiteke terapia genikoa.

Gene-terapia azido nukleiko terapeutikoen (azido erribonukleikoa (RNA) edo azido desoxirribonukleikoa (DNA)) administrazioan oinarritzen da gaixotasunak tratatzeko, geneen adierazpena areagotzeko, blokeatzeko edo aldatzeko helburuarekin. Gene-terapian ekintza-lekua zelularen barnean dago eta arrakastatsua izan dadin material genetikoaren askapena bermatu behar da itu zeluletan. Horretarako, material genetikoa garraiatzen duen, inguruko erasoetatik babesten duen eta ekintza-lekuan askatzen duen administrazio sistema eraginkor eta seguru baten beharra izaten da.

Azido nukleikoen administrazio sistemak biralak edo ez-biralak izan daitezke.

  • Bektore biralak zelulen barnera sartzeko birusen berezko gaitasunaz baliatzen dira, baina ingeniaritza genetikoaren bidez eraldatzen dira infekziorik sortu ez dezaten. Hala ere, hauek arazo immunologikoak eta kantzerigenoak eragin ditzakete, ondorioz, bektore ez-biralen diseinua sustatu da.
  • Bektore ez-biralak seguruagoak dira eta ekoizpena errazagoa da, baina hauen muga nagusia eraginkortasun baxua da. Sistema ez-biral ikertuenak kimikoak dira, eta hauen artean, gure organismoan aurkitzen ditugun lipidoz osatutakoak dira esanguratsuenak.

Ikusmen-desgaitasun larria eta itsutasuna eragiten dituzten gaixotasunak tratatzeko aukera terapeutikoak oso mugatuak direla kontuan hartuta, begietarako gene-terapia baliabide berriak ahalbidetzen dituen alternatiba itxaropentsua da. Gene-terapiaren bidez begiaren aurreko (adibidez, kornea) zein atzeko (adibidez, erretina) atalak kaltetzen dituzten gaitz ugari sendatu daitezke, alabaina, gutxi dira kornearen gaixotasunak gene-terapiaren bidez tratatzen dituzten entsegu klinikoak.

2. irudia: Gene terapiak ikertzeko interesgarria da begia.

Begiak gene-terapian erabiltzeko abantaila interesgarriak ditu, organo eskuragarria eta aztertzeko erraza baita. Gainera, immunitate sistematik babestuta dago. Bestalde, azido nukleikoen administrazioa begian bide ezberdinetatik burutu daiteke. Begietarako gene-terapiarako sistemen administrazioa erretina-azpiko injekzioz burutu ohi da, baina erosoagoak diren inbasiorik gabeko beste bide batzuk ebaluatzen ari dira, bide topikoa esaterako, begiaren aurrealdea kaltetzen duten gaixotasunak tratatzeko batez ere.

Azken urteetan begietarako gene-terapiaren inguruan lortutako emaitza arrakastatsuek, hasiera eman diete gizakietan burututako entsegu klinikoei. Egun arte, begietako gene-terapiaren inguruan 37 entsegu kliniko burutu dira edo abian daude. Begietako gaitzak tratatzeko orain arte egindako entsegu klinikoetan bektore biralak erabili dira, bektore ez-biralak fase aurreklinikoetara mugatzen diren bitartean.

Gene-terapiaren bidez tratatzeko begietako gaixotasun hautagai nagusiak glaukoma, adinari lotutako makula-endekapena eta erretinaren herentziazko distrofiak dira. Adibidez, Sylentis enpresa biofarmazeutiko espainiarrak gene-terapian oinarritutako medikamentu berri bat garatu du, Bamosirán, glaukomaren tratamendurako. Medikamentu honek begi-barneko presioa gutxitzen du, eta II faseko entsegu kliniko batean ebaluatu da duela gutxi. Adinari lotutako makula-endekapenaren tratamendua gene-terapiaren beste erronka bat da eta estrategia ezberdinak proposatu dira gaixotasun honen aurka. Erretinaren herentziazko distrofiak asko ikertzen ari dira, oinarri genetikoa izanik, gene-terapiaren bidez tratatzeko egokiak baitira. Garrantzizkoa da azpimarratzea begietarako gene-terapian izandako arrakastarik handiena erretinaren herentziazko distrofia biren tratamendua izan dela. Izan ere, 2018an Estatu Batuetan eta Europan gene-terapian oinarritutako begirako lehen medikamentuaren komertzializazioa onartu zen, Luxturna®, Sortzetiko Leberren Amaurosiaren eta erretinosi pigmentarioaren tratamendurako.

Gene-terapiaren inguruan egindako ahaleginei eta aurrerapenei esker, begietako gaitzak tratatzeko medikamentu berriak garatu dira. Horietako asko entsegu klinikoetan ebaluatzen ari dira oraindik, baina beste batzuk jada merkatura eta pazienteetara iritsi dira.

Bibliografia

Del Pozo-Rodriguez A., Rodriguez-Gascon, A., eta Solinis, M.A. 2018. Terapia génica. Síntesis, Madrid.

Iturria

Rodríguez-Castejón, Julen; Gómez-Aguado, Itziar; Vicente-Pascual, Mónica; Rodríguez-Gascón, Alicia; Isla; Arantxazu; Solinís, María Ángeles; del Pozo-Rodríguez, Ana (2019). «Gene-terapia: ikuspegi terapeutiko berria begietako gaitzen tratamenduan»; Ekaia, 36, 2019, 31-48. https://doi.org/10.1387/ekaia.20754

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 36
  • Artikuluaren izena: Gene-terapia: Ikuspegi terapeutiko berria begietako gaitzen tratamenduan
  • Laburpena: Gene-terapia etorkizun handiko tresna bezala sortu da tratamendurik ez duten asaldurentzat. Azido nukleiko terapeutikoen administrazioan oinarritzen da gaixotasunak tratatzeko. Gene-terapia arrakastatsua izan dadin material genetikoaren askapen eraginkorra bermatu behar da itu-zeluletan. Geneen administrazio-sistemen artean, bektore biralak asko erabili dira ahalbidetzen duten transferentzia genikorako gaitasun onarengatik. Hala ere, horien arrisku nagusien ondorioz (immunogenizitatea eta mutagenesia), bektore ez-biralen diseinua sustatu da. Bektore ez-biralak seguruagoak dira eta ekoizpena errazagoa da, baina hauen muga nagusia transfekzio-eraginkortasun baxua da. Gene-terapiarako organo interesgarri bat begia da, eskuragarria eta aztertzeko erraza baita. Gainera, immunitate-sistematik babestuta dago. Gene-terapia entsegu kliniko guztien % 1,3 bakarrik tratatzen dituzte begietako gaitzak, baina etorkizun handia aurkeztu dute azken urteetan. Izan ere, 2018an Estatu Batuetan eta Europan gene-terapian oinarritutako begirako lehen medikamentuaren komertzializazioa onartu zen, Luxturna®, Sortzetiko Leberren Amaurosiaren tratamendurako. Berrikuspen honetan, begiko administrazio-bideak, gene-terapia estrategiak eta transferentzia geniko eraginkorrerako gainditu behar diren begiko mugak aurkezten dira. Halaber, gene-terapiaren bidez tratatzeko hautagai diren begietako gaitz ezberdinak ere biltzen dira. Gene-terapiaren inguruan egindako ahaleginei eta aurrerapenei esker, begietako gaitzak tratatzeko medikamentu berriak garatu dira. Horietako asko entsegu klinikoetan ebaluatzen ari dira oraindik, baina beste batzuk jada merkatura eta pazienteetara iritsi dira.
  • Egileak: Julen Rodríguez-Castejón, Itziar Gómez-Aguado, Mónica Vicente-Pascual, Alicia Rodríguez-Gascón, Arantxazu Isla, María Ángeles Solinís, Ana del Pozo-Rodríguez
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 31-38
  • DOI: 10.1387/ekaia.20754

Egileez

Julen Rodríguez-Castejón, Itziar Gómez-Aguado, Mónica Vicente-Pascual, Alicia Rodríguez-Gascón, Arantxazu Isla, María Ángeles Solinís, Ana del Pozo-Rodríguez UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmakozinetika, Nanoteknologia eta Terapia Genikoa taldekoak (PharmaNanoGene) dira.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.