Asteon zientzia begi-bistan #343

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

AstraZenecaren txertoak hautsak harrotu ditu. Baina ohikoak diren beste sendagaiekin alderatuz gero, oso antzekoak diren albo ondorioak ditu txerto honek. Berriako artikulu honetan, AstraZenecaren eta beste sendagaien prospektuak aztertu dituzte, maiztasun handikoak, txikikoak eta ezohiko eraginak islatuz.

COVID 19ari dagokionez, gaixotu diren eta ospitaleratu behar izan dituztenen artean, ariketa fisikoa egiten dutenen hilkortasuna bizitza sedentarioa egiten dutenena baino zortzi aldiz txikiagoa dela ondorioztatu du San Carlos Ospitale Klinikoko (Madril) kardiologo-talde batek. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu datuak.

Genetika

UPV/EHUko genetikariek ikusi dute lehen aldiz glutenak zuzenean RNA molekuletan aldaketak eragiten dituela. Elhuyar aldizkariak azaldu digu XPO1 geneak hesteetako hanturaren garapenean parte hartzen duela, eta glutenak honen RNA aldatzen duela. Informazio gehiago artikuluan topatuko duzue.

Gene-terapiari heldu diote artikulu honetan. Tratamendurik ez duten gaixotasunak sendatzeko terapia da. Artikulu honetan, begietako gaitzak izan dituzte mintzagai eta horiek tratatzeko sortu dituzten medikamentu berriez mintzo dira.

Mamutak, ze animalia bitxiak! Genetikaren ikuspuntutik, Koldo Garciak horiei buruz idatzi du, mamuten eboluzioa aztertuz. Ez galdu bere azalpena hemen!

Medikuntza

Elhuyar aldizkariak kontatu digu CIC biomaGUNEko ikertzaileek lehen aldiz monitorizatu dutela nanorrobot-multzo batek sagu bizien barruan duen portaera, eta arrain-sarden moduan mugitzen direla ikusi dute. Ez galdu!

Materialak

Energia elektrikoa metatzeko eta energia-bihurketarako sistema garatzeko 3D-inprimaketak duen rola aztertu dute Edurne Redondo Negretek eta kideek, Elhuyar aldizkariak azaldu duenez. Jo ezazue artikulu honetara xehetasunak irakurtzeko.

Adimen artifiziala

Adimen artifizialaren alorrak oso gauza bitxiak dakartza. Duela gutxi adimen artifizial bat pertsona bat zer musika pieza entzuten ari den identifikatzeko gai izan da. Delfteko Teknologia Unibertsitateko (Herbehereak) ikertzaileek elektroentzefalografia ekipamendu bana jarri zien entzungailuekin musika entzuten zuten bitartean, eta haien uhin entzefalikoak erregistratu zituzten.

Matematika

Bazenekien jatetxe batera goazenean, zein plater eskatuko dugun aurreikusi daitekeela? Horren atzean dago matematika, zehazki, joko-teoria alorra. Horrekin batera, jatetxe batean egindako esperimentu bat duzue irakurgai. Oso interesgarria!


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.