Goroldioak, metalen kutsadura atmosferikoa antzemateko tresnak

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Biomonitoreak kutsatzaileak metatzeko gaitasuna duten organismoak dira. Horiei esker, modu kuantitatiboan kalkula daiteke ingurunearen kalitatea, kutsatzaileen kontzentrazioei buruzko informazioa lor daiteke eta baita kutsatzaile horiek izaki bizidunengan duten eraginari buruzkoa ere.

Biomonitoreen erabilerak hainbat abantaila ditu: kostu txikikoa da, emaitzak azkar lortzeko aukera ematen du eta informazio metatua, osoa eta toki zehatzari lotutakoa eskaintzen du. Izan ere, biominotoreek inguruneko aldaketei aurre egiteko duten gaitasunari esker, eremu jakin batean kutsatzaileek duten eragina kontrolatzeko eta ebaluatzeko tresna baliagarriak dira.

biomonitore
1. irudia: Grimmia pulvinata goroldioa. (Argazkia: Michael Becker – GNU lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Kutsadura “zaintzeko” gaitasuna duten organismoen artean, biomonitore pasiboak eta aktiboak ditugu. Biomonitore pasiboak berez azterketako eremuan bizi diren organismoak dira eta kutsadura-iturriak beste inolako tresna gehigarririk gabe identifikatzeko gai dira. Biomonitore aktiboak, berriz, beste leku batzuetatik baldintza kontrolatuetan ekarritakoak dira (transplantatutako). Biomonitore pasiboen artean aurki ditzakegu, esaterako, goroldioak edo likenak eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa batek Grimmiaceae familiako goroldioak aztertu ditu Bilboko metropoli-barrutiko metal astunen poluzio atmosferikoa neurtzeko.

Grimmia generoko goroldioak, metal astunen bidezko kutsadura atmosferikoa neurtzeko, biomonitore pasibo gisa erabilgarriak diren aztertu du UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeak. Bizkaiko Muskiz, Getxo, Lutxana, Zamudio, Basauri eta Zornotza herrietan hartu ditu goroldio laginak eta morfologiaren eta taxonomiaren arabera identifikatu ondoren, ikertzaileek zehaztu dute:

  • material partikulatua metatzeko duten gaitasuna,
  • metatutako partikula metaliko nagusiak zeintzuk ziren,
  • goroldio laginetan metatutako metal-mailak.

Lortutako emaitzen arabera, goroldioek harrapatutako eta metatutako material partikulatuan hautemandako metal astunak oso lotuta daude jarduera antropogenikoekin. Hau da, ibilgailuen zirkulazioa, trenbideko eta itsasoko zirkulazioaren emisioak, burdinaren industrien emisioak, petrolio-findegien isuriak, zentral elektrikoen emisioak edota mundruna destilatzeko industriekin lotuta metal astunak aurkitu dituzte. Hala ere, ikertzaileek adierazi dute ez dutela osasunerako kontzentrazio kezkagarririk hauteman.

biomonitore
2. irudia: Goroldioen laginak hartu ziren tokien argazkiak – Muskizeko San Julian auzoa (A), Getxo Punta Begoñako galeriak (B), Lutxana (C), Zamudioko Parke Teknologikoa (D), Basauri (E) eta Zornotza (F). (Argazkia: IBeA ikerketa-taldea – Iturria: Gallego-Cartagena, Euler et al. (2021))

Aurkitutako metal astunen artean aipatzekoa da Punta Begoñako (Getxo) berun-kontzentrazio handia, laginketa-puntuetan baino hamar aldiz handiagoa baitzen. Kasu horretan, beste euskarri gehigarri batzuetan, esaterako, eraikuntza-materialetan hazten den zarakar beltzetan metatutako partikuletan, lortutako ebidentzia esperimental batzuk kontuan hartuta, baieztatu ahal izan zuten ingurune hark berun-emisio bidezko kutsadura handia izan zuela iraganean.

Bestalde, titanioa, kobrea, zinka, burdina eta manganesoa bezalako metal astunen kontzentrazio altuagoak aurkitu zituzten Lutxanan, gainerako laginketa-puntuetan baino. Ondorioz, ikertzaileek ebatzi dute Lutxana dela goroldioetan harrapatutako material partikulatu atmosferikoan metal-kontzentrazio handienak erakutsi duen laginketa-puntua. Aldiz, kutsadurarik txikiena Zamudioko laginetan aurkitu dituzte.

Etorkizunera begira, atmosferara partikula metalikoak igorri dezaketen iturri antropogenikoen azterketa zabaltzea dute helburu ikertzaileek. Euskal Autonomia Erkidegoko eremu zehatz hauetan ateratako ondorioak garatzea nahiko lituzkete, goroldio genero bera erabiliz, baina beste ezaugarri eta baldintza batzuk dituzten kokapeneko laginak aztertuz.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Metal astun bidezko kutsadura atmosferikoaren adierazle izateko balio duten goroldioak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Gallego-Cartagena, Euler, Morillas, Héctor, Carrero, José Antonio, Madariaga, Juan Manuel, Maguregui, Maite (2001). Naturally growing grimmiaceae family mosses as passive biomonitors of heavy metals pollution in urban-industrial atmospheres from the Bilbao Metropolitan area. Chemosphere, 263, 128190. DOI: 10.1016/j.chemosphere.2020.128190

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.