Igelak eltxoa jaten du

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Joakim Weill ekonomialariak, Kaliforniako Unibertsitateko (Davis) kideak, 2020aren amaieran Ameriketako Geofisika Elkartean aurkeztu zuen komunikazio batean adierazi zuenez, baliteke azken hamarkadetan Costa Rican eta Panaman gertatutako malaria agerraldi gogorrak anfibioen populazioen murrizketen ondorio izana. Jatorri geografiko askotako nazioarteko talde batek egin zuen ikerketa eta 1976tik 2016ra bitarteko epea aztertu zuten egileek. Malaria agerraldien garaia eta zabalkundea aztertu zuten, eta, zenbait faktoreren eragin posiblea aztertzen duen prozedura estatistiko bat erabiliz, horrek anfibioen gainbeherarekin izan zezakeen lotura.

Anfibioen populazioak 80ko hamarkadako lehen urteetan hasi ziren apaltzen eremu horretan, Batrachochytrium dendrobatidis onddoak eragindako kitridiomikosi baten ondorioz. Mikosiak mundu osoko anfibio populazioetan eragin suntsigarriak izan ditu, eta horri egozten zaio 90 espezie desagertu izana, baita beste ehunka batzuetako aleak murriztu izana ere.

igelak
Irudia: Duela gutxi argitaratu den azterlan baten emaitzak, anfibioen kolapsoak eta malaria agerraldien areagotzearen arteko harremana plazaratu du. (Argazkia: Geoff Gallice – CC BY 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Ikertaldeak ikusi zuen aztertutako kantoietan (Costa Rica) eta barrutietan (Panama) malariaren eragina handitu egin zela hiru urtez, anfibioak galdu ondoren, harik eta egonkortu zen arte. Gero, egonkortze horrek beste bost urte iraun zuen, eta, ondoren, eragin maila jaitsi egin zen. Mila biztanleko 1,5 (Costa Rica) eta 1,1 (Panama) kasuko gehieneko intzidentzia mailetara iritsi ziren. Intzidentzia horretatik, 0,76 eta 1 artean anfibioen populazioen murrizketaren eraginari egotz ziezaiokeen. Anfibioen aniztasunaren galera ez zen izan malariaren intzidentzian eragin zuen faktore bakarra –zuhaitzen murrizketak ere eragina izan zuen–, baina faktore nagusia izan zen. Aipatutako zortzi urteak igarotakoan intzidentzia murriztea, segur aski, gaixotasunari eusteko ezarri zituzten osasun publikoko neurrien ondorioa izan zen.

Malaria Plasmodium generoko protozoo parasitoek sortutako gaixotasun bat da, eta gizakiei Anopheles generoko eltxoek transmititzen diete. Anfibioek eltxoak jaten dituzte –zorionez–, beraz, lehenengoak murrizteak bigarrenak ugaritzea eragin dezake, anfibioen ordez eltxoak jango dituen bestelako espezierik ez badago. Horrenbestez, esan daiteke anfibioen eta malariaren arteko lotura eltxoak izango direla, protozooaren bektore diren aldetik.

Laburbil dezagun: onddo patogenoak anfibioak hiltzen ditu; anfibio gutxiagok eltxo gutxiago jaten dituztenez, eltxoak ugaritu egiten dira; eltxo emeek, zeinak orain ugariagoak diren eta odolez elikatzen diren, gizaki gehiago ziztatzen dituzte eta protozooa transmititzen diete; ondorioz, pertsona gehiagok dute malaria gaixotasuna. Gogoan hartzekoa da mikosiaren zabalkundea –anfibioei eragiten diena, kasu–, askotan, giza jarduerek sortzen dutela –adibidez, animalia bizidunen legez kanpoko trafikoak– edo salgaien nazioarteko zirkulazioak errazten duela.

Azterketa hau aitzindaria da, eta emaitzek beste batzuen bermea behar dute ondorioak erabat balioztatzeko. Baina egileek proposatzen duten eredua sinesgarria da, eta indartu baino ez du egiten gizakien osasuna ziurtatzeko ekosistemena eta bertako kideena ere zaindu behar delako ideia. «One health» (osasun bakarra) ideia da, gizakien eta animalien osasunerako hurbilpen bat, sistema naturalen osasunean eragin dugun kalteak sortzen dizkigun erronkei erantzun onena eman diezaiokeen hurbilpena.

Erreferentzia bibliografikoa:

Springborn, M., Weill, J., Lips, K., Ibáñez, R., Ghosh, A. (2020). Amphibian Collapses Exacerbated Malaria Outbreaks in Central America. DOI: 10.1101/2020.12.07.20245613


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.