Asteon zientzia begi-bistan #345

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Fisika

ITER, International Thermonuclear Experimental Reactor, 1985 hasi zuten eta Jakes Goikoetxeak Berrian adierazten digunez, 2025ean bukatuko dituzte lanak. ITER egitasmo bat da, izatez, esperimentu bat da, munduko esperimentu zientifikorik handienetakoa. Hala ere, egitasmoak helburu zehatza du: fusio nuklearra probatzea, ikertzea eta garatzea, gerora etekina atera ahal izateko eta, ahal izanez gero, etorkizuneko energia iturrietako bat bihurtzeko.

Biologia

Bemisia tabaci euli zuria nekazaritzarako izurritea da, besteak beste, oso polifagoa baita (jateko gogo handia du). Horrez gain, birus fitopatogeno larri ugari garraiatzen ditu, eta eredu bikaina da landareen defentsak gainditzen dituzten mekanismo molekularrak ikertzeko. Aitziber Agirrek euli zuriei buruzko ikerketa berri baten emaitzak ekarri dizkigu Elhuyar aldizkarian. Bertan azaltzen du euli zuriek landareetatik eratorritako BtPMaT1 genea hartu dutela. Gene horri esker, landare askok intsektuetatik babesteko darabilten glukosido fenoliko izeneko toxina neutraliza dezake euli zuriak eta ondorioz, pozoitzeko arriskurik gabe jan ditzake landareok.

Batrachochytrium dendrobatidis onddo patogenoaren ondorioz anfibioak galera handia izan dute Costa Rica eta Panamako herrialdeetan. Ikerketa batek agerian utzi du, herrialde horietan izandako anfibioen populazioren murrizketak harremana izan dezakeela bertan gertatutako malaria agerraldi gogorrekin. Gertaera honek gogora ekartzen digu bioaniztasunak pairatzen dituen kalteak giza osasunean ere eragina dutela. Juan Ignacio Pérez biologoak Igelak eltxoa jaten du artikuluan zehazten du gertatutakoa. Izan ere, 80ko hamarkadan hasi ziren apaltzen anfibioak eta gerora malariaren eragina handitu egin zela hiru urtez aipatutako bi herrialdeetan, anfibioen galera hasi eta handik zortzi urtera.

Labetik ateratako ikerketa bat ekarri digu asteon Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian. Nazioarteko ikerketa-talde batek mendiko gorilen komunikazio keinuak aztertu ditu eta bularrean ematen dituzten kolpeen danbor-soinuen bidez informazio transmititzen dutela ondorioztatu dute. Besteak beste, gorputzaren tamainari buruzko argibideak plazaratzen dituzte, gizabanakoak identifikatzeko aukera emanez. Horrela, ahozko komunikazioa erabili gabe, transmititutako informazioaren bidez lehiakideen borrokarako gaitasuna neur dezakete. Azterlan honen arabera, bularreko kolpeen hotsak baso tropikal zerratuetan komunikatzeko gaitasuna ematen die gorilei.

Zientziametria

1923an “sortu” zuten Nicolas Bourbaki matematikaria. Ustezko matematikaria agertarazi zuten sasoiko intelektual batzuen zinismoa agerian jartzeko. Izan ere, garai hartan, askok edozein azalpen ontzat ematen zuen, behar bezain korapilatsua izanez gero. Ia mende bat beranduago 2020an Camille Nous ikertzaile oparoa plazaratu dute ikertzaile frantsesek. Camille Nous oso produktiboa da, berak sinatutako 200 bat artikulu argitaratu dira urtebetean zientzia-aldizkarietan, eta oso arlo desberdinekoak gainera: biologia molekularra, astrofisika edo konputazioa, besteak beste. Baina Camille Nousen figurak badu helburu bat, ikerketaren eta zientziaren arrakasta ebaluatzeko sistema agerian uztea. Datu guztiak Berrian Jakes Goikoetxearen eskutik: Nous, gezurrezko ikertzailea.

Ekologia

Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian baso tropikalen deforestazioari egin dio so. Egun, deforestazioak biodibertsitaterako mehatxu handia suposatzen du eta areagotu egin da mundu osoan oinarrizko produktuen eskaera hazi egin delako. Hainbat ikerketek deforestazioa hornidura-kate globalekin lotu dute baina teledetekzio-datuak eta hainbat eskualdetako sarrera-irteeren eredua erabili duen ikerketa batek, 15 urtez (2001-2015) deforestazio globalaren aztarnetan izan diren aldaketak kuantifikatu ditu. Emaitzek adierazi dute, besteak beste, G7ko herrialdeetako kontsumo-ereduek pertsonako eta urteko 3,9 zuhaitzen galera eragiten dutela, batez beste.

Kimika

Kanela herri askotako gozogintzan erabiltzen den produktua da. Seguru asko, egunotan kanela usaindu dugu eta dastatu ere torradak jan baditugu. Torradak Aste Santuko platera da eta Ainara eta Leire Sangroniz kimikariek kanelari erreparatu diote “Torradak eta kanelaren kimika” artikuluan. Bertan azaltzen dute kanela mota nagusi bi daudela. Alde batetik, Sri Lankako kanela: kolore argiduna, hauskorra, kiribildutako geruza ugari, zapore leuna eta gozoa dituenak. Bestetik, Txinako kanela: cassia izenaz ezagutzen da, sendoa eta gogorra, iluna eta zapore biziagoa eta mikatza dituenak.

Astrofisika

Ingenuity du izena eta helikoptero bat da. Ez ditu gure zeruak zeharkatuko, NASAk Martera bidali baitzuen Perseverance ibilgailuari atxikia eta bertan egingo du bere lehen hegaldia. Jakes Goikoetxea kazetariak aurreratu dizkigu xehetasunak Berrian. Helikopteroak hegoak astindu orduko Marteko muturreko hotzari egin beharko dio aurre. Izan ere, tenperatura zero azpiko 90 gradura iritsi daiteke planeta gorrian eta honek helikopteroaren osagaiak honda ditzake.

Komunikazioa

Zer esaten den eta zelan esaten den funtsezkoa da. Asteon honen garrantziaz ohartu gaituzte Josu Lopez-Gazpio kimikariak eta Marta Bueno fisikari eta pedagogoak. Josuk COVID-19aren inguruko komunikazioa izan du hizpide, azpimarratuz pandemiari aurre egiteko hartutako neurri eta erabaki desberdinek ezinbestean azalpen argiak eta zabalak behar dituztela. Horien faltan, nahasmendua, mesfidantza eta nekea sorrarazten baitira gizartean. Bestalde, Marta Buenok neska-mutilen gaitasunak baloratzeko orduan batzuei zein besteei modu diferentean hitz egiten diegula azaldu du. Mutilek akatsen bat egiten dutenean, euren portaerari buruzko iruzkinak egiten dizkiegu: “Isildu!”, “Egon zaitez geldi”. Aldiz, nesken kasuan, akatsa zuzendu egiten diegu: “Hori ez dago ondo egina!”, “Gaizki egin duzu!”. Beraz, zelan jokatu? Erantzuna Eman diezaiogun seme-alabei estropezu egiteko aukera artikuluan.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.