Esaten dute “hartzen dugun ezaugarria ia edozein dela ere, ez da sator biluzia bezain ugaztun bitxirik”. Eta ikerketek aurrera egin ahala, konfirmatu egiten da. Oraingoan sator biluziek dialekto ezberdinak dituztela eta berezkoak barik, ikasi egiten dituela jakin dute zientzialariek.
Inoiz entzun al dituzu bi sator biluzi hizketan? Hona:
.
Funtzionalki itsuak dira sator biluziak eta kirrinkak baliatzen dituzte komunikatzeko. Egindako ikerketak gutxienez 17 bokalizazio ezberdindu ditu. Ez hori bakarrik, bizi diren kolonien araberako dialektoak ere identifikatu dira.
Ikerketa egiteko bi urtez 7 kolonietako 166 animaliaren 36 190 kirrinka aztertu dituzte. Informazio horrekin ikasketa automatikoko algoritmo bat trebatu zuten. Tonua ala frekuentza maximoa bezalako zortzi ezaugarri izan zituen kontuan algoritmoak klasifikazioa egiteko.
Kolonia ezberdinetako kirrinkak identifikatzeko gai izan zen algoritmoa, bataz beste, %74ko zehaztasunarekin eta indibiduoak ere identifikatzeko gaitasun mugatua erakutsi zuen: %45etik eta %84ra arteko zehaztasunarekin.
Ikerketaren bideoan ikus daiteke zelan erantzuten duen B koloniako indibiduo batek hainbat estimuluri. Gainjarritako sonograman ikus daitezke S1 etiketarekin ikertzaileek erreproduzitutako audioa da eta r etiketarekin sator biluziaren erantzuna. Lehen audioa indibiduoaren koloniako soinuak dira, bigarren audioa bestelako kolonia batekoa eta hirugarrena indibiduoaren koloniako kirrinken ezaugarriekin sortutako kirrinka artifizialak.
Bideoan ikus daitekeen bezala, tutuz lotutako hiru kameradun egitura baliatuta, kirrinkak erreproduzitu zituzten. Deiadar guztiei erantzuten die sator biluziek, baina erantzuna indartsuagoa izan da kolonia berako kirrinkekin, baita artifizialki sortutakoekin ere.
Ikasia eta erreginaren menpekoa
Dialektoa ikasia den ala genetikoa den jakiteko oraindik “hitz egiten” ez zekiten kumeak koloniaz aldatu zituzten eta haiek egiten dituzten kirrinkak aztertu. Adopzio koloniaren dialektoa ikasi zuten koloniaz aldatutako hiru kumeek. Beraz, genetikoa baino, ikasia da dialektoa.
Esperimentua garatzen ari zen bitartean kolonietako batean (S kolonian) bi erregina galdu zituen. Honi esker aztertu izan ahal da zer nolako aldaketak dauden kirrinketan erreginaren presentziari lotuta.
Eta ikusi dute dialektoaren aldakortasuna handitu egiten dela erreginarik gabeko aldietan. Algoritmoaren aurresan gaitasuna ere %75etik %39ra jaitsi zen.
Laburbilduz, hiru ondoriotara ailegatu dira:
- Kolonia bati pertenentzia adierazteko/identifikatzeko baliagarriak dira kirrinkak.
- Kolonia batean adoptatutako kanpoko satorrak dialekto berria ikasten zuen. Dialektoa ikasi egiten dela iradokitzen du honek. Hau da, transmisioa genetikoa baino, kulturala dela.
- Dialektoak aldatu egiten dira eta koloniaren erreginak zerikusia du honekin. Dialektoaren kohesioan erreginek paper garrantzitsua dutela iradokitzen du honek.
Garrantzitsua da hau guztia, kontuan izaten bada sator biluziaren bizimodua eta egitura soziala.
Animalia bitxia
Izan ere, ezagutu zen lehen ugaztun eusoziala da sator biluzia eta, Cryptomys damarensis Damara satorrarekin batera, ezagutzen diren bakarrak dira. Eusozialismoa intsektuetan da ezaguna batez ere, inurri eta erleen artean.
Zer da, zehazki, eusozalismoa? Koloniak antolatzeko modu berezitua da non:
- Kumeak modu kooperatiboan zaintzen diren.
- Hainbat belaunaldi dauden kolonia berean.
- Banaketa dagoen ugaltzen diren kideen eta ugaltzen ez diren kideen artean, kastetan.
Hortaz, erleen eta inurrien kasuan bezala, sator biluziak ere ugalketarako erregina bat eta bat, bi edota hiru ar dituzte kolonian. Gainerako kideak langileak ala soldaduak dira.
Lur azpian bizi da, zulatutako tuneletan, Etiopia, Kenya eta Somalian. Funtzionalki itsua da eta ezagutzen den odol hotzeko ugaztun bakarra. Teknikoki homeotermoa da, baina animalia ektotermoa da, Animalien Aferen artikulu honetan azaltzen duten moduan. Kanpoko faktoreen bidez doitzen du gorputz-tenperatura.
Minbiziari erresistentzia dio sator biluziak. Hori dela eta asko erabiltzen da eredu gisa minbizi ikerketan. Bi sator biluzitan minbizi kasuen berri eman zuten zientzialariek 2016an, hala ere, biak zoologikoetan jaiotakoak[1].
Zahartzea ikertzeko ere baliatzen da, izan ere, oso bizitza luzea du: 30 urtera arte bizi daiteke. Gainerako karraskariekin alderatuta, oso bizitza luzea da. Izan ere, arratoi beltza, bataz beste, bizpahiru urte bizi da eta txintxilla, karraskari adintsuenetarikoa, 10 urte (20 urte bizitzera hel badaiteke ere). Horren bizitza luzearen arrazoia zera da: hilkortasun ratioa ez da adinarekin handitzen[2].
Aurreko guztia gutxi balitz, oxigeno barik ere hainbat minutuz euts diezaioke bizitzari. Zehazki, 18 minutuz. Eta zelan egiten dute? Metabolismoa glukosatik fruktosara aldatuz[3].
Ugaztunik arraroena, benetan. Eta hori guztia duen itxura kontuan izan gabe.
Iturria:
Barker, A., et. al. (2021). Cultural transmission of vocal dialect in the naked mole-rat. Science 371(6528), 503-507. DOI: 10.1126/science.abc6588
Bibliografia:
[1] Delaney, M. A., et. al. (2016). Initial case reports of cancer in naked mole-rats (Heterocephalus glaber). Veterinary Pathology, 53 (3), 691–696. DOI: https://doi.org/10.1177/0300985816630796
[2] Ruby, J., Smith, M., & Buffenstein, R. (2018). Naked mole-rat mortality rates defy Gompertzian laws by not increasing with age. eLife, 7, e31157. DOI: 10.7554/eLife.31157. 2021eko apirilaren 28an kontsultatua, 2021.
[3] Park, T., Reznick, et. al. (2017). Fructose-driven glycolysis supports anoxia resistance in the naked mole-rat. Science. 356 (6335), 307-311. DOI: 10.1126/science.aab3896
Egileaz:
Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
2 iruzkinak
[…] Animaliak bitxiak izateaz gain, liluragarriak dira. Asteon Ziortza Guezuragak sator biluziaren komunikazio gaitasunaren bitxikeria bati so egin dio: sator biluziek dialekto ezberdinak dituzte, bizi diren kolonien araberako, eta berezkoak barik, ikasi egiten dituzte. Komunikazio gaitasun hau zertan datzan jakiteko […]
[…] sator biluziaren beste bi bitxikeria aipatuko ditugu. Batetik, oso bizitza luzea dute, beste karraskari guztiena baino askoz luzeagoa: batez beste, 30 […]