Asteon zientzia begi-bistan #349

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

Duela aste batzuk iragarri zuen Erresuma Batuko Gobernuak astean bi test azkar egiteko baliabideak eskainiko zizkiela herritarrei doan. Test azkarrena, britainiarrek pandemia kontrolatzeko hartu duten neurrietako bat da, ekonomia pixkanaka irekitzen den bitartean. COVID-19ari aurre egiteko testak funtsezko erremintak izan dira eta horiei erreparatzen die Arantxa Iraola kazetariak Ugo Mayor ikertzailea, Miren Basaras mikrobiologoa eta Ana Galarraga zientzia-komunikatzailearen ekarpenekin. Adituen ustez, testek egoeraren argazki finkoak ematen dituzten arren, oso informazio baliagarria eskaintzen dute. Berrian: “Testak: gehiago egin daitezke“.

Iera Hernández ikertzaileak Ocoxin nutrizio osagarriaren eragina aztertu du, minbizia tratatzeko eta kimioterapia indartzeko helburuarekin. Ocoxin elementu natural desberdinez osaturiko nutrizio osagarria da eta propietate antiinflamatorio, antioxidatzaile eta immunoerregulatzaileak ditu. Hori dela eta, minbizia tratatzeko baliagarria ote ze zen aztertu izan du. Unibertsitatea.net atarian ikerketaren xehetasunak: Iera Hernández Unzueta: “Ocoxin konposatu naturala kimioterapia indartzeko erabilgarria izan daitekeela erakutsi dute lortutako emaitzek”.

Biologia

Animaliak bitxiak izateaz gain, liluragarriak dira. Asteon Ziortza Guezuragak sator biluziaren komunikazio gaitasunaren bitxikeria bati so egin dio: sator biluziek dialekto ezberdinak dituzte, bizi diren kolonien araberako, eta berezkoak barik, ikasi egiten dituzte. Komunikazio gaitasun hau zertan datzan jakiteko eta sator biluzien kalaka entzun nahi izanez gero, jo artikulura: Ugaztunik arraroena… are konplexuago.

Psikologia

Konformismoa edozein egoera publiko edo pribatutara erraz egokitzen denaren praktika bezala ezagutzen da. Praktika hau sarri askotan gure taldearen portaerak baldintzatzen du. Izan ere, taldekide gisa onartuak izatea da partaideen asmoa eta hori lortzeko sarritan sumisio jarrera bat hartzen dugu. Hori dela eta gehiengoaren kontra ez joateagatik, gehiengoaren iritzia okerra dela jakin arren, bat egiten dugu taldearekin desadostasunak eta tirabirak saihesteko. Marta Bueno pedagogoak azaltzen digu “Konformistak edo asertiboak?” artikuluan.

Arkeologia

Arabako Errioxako ondare historiko-arkeologiko aberatsaren berri ematen du “La Prehistoria en Rioja Alavesa. Guía para su conocimiento y visita” liburuak. Bertan, labur-labur azaltzen da eremu horretan azken laurogei urteotan egin diren indusketa arkeologikoen emaitzak. 1935ean Sorginaren Txabola trikuharria aurkitu zenetik gaur egun arte. Alean eman dute argitalpenaren berri: “Arabako Errioxako aurkikuntza arkeologikoak gidaliburu batera eraman dituzte“.

Duela 3.500 urte, txakurren elikadura gizakion mende zegoen ere, gaur egun bezala. Hori agertu du ikerketa batek, Sabadelleko Can Roqueta aztarnategiko 82 kanidoren arrastoak aztertu ondoren. Juanma Gallego kazetarik azaldu digu lan horri esker, Brontze Aroko eta lehen Burdin Aroko txakurren elikadura berreraikitzeko gai izan direla. Eta egiaztatu ahal izan dute berez haragijaleak diren animalia hauen arrastuetan zerealak eta lekadunen zantzuak daudela ere.

Fisika

Atmosferan hainbat motatako gertakariak izaten dira, aireari, argiari, elektrizitateari eta urari lotuak. Batzuk oso arruntak dira guretzako, esaterako, haizea, ortzadarra, tximista edo euria baina badira ez direnak hain ezagunak, esaterako parhelioa eta halo efektuak. Parhelio efektua ikusi izan da asteon gure zeruan. Onintze Salazar meteorologoak azaldu zuen Twitterren efektua “Hodei altuekin, bereziki zirruekin ikus daiteke. Eguzki-izpiek hodeien izotz-kristalekin talka egitean sortzen den efektu optikoa da”. Hain gauza ederra izanik, Edu Lartzangurenek Berrian eta Luistxo Fernandezek Sustatun erreparatu diote ere.

Kimika

Material aktibo gisa jarduten duten polipeptidoetan oinarrituta, metalik gabeko bateriak diseinatu dituzte. Aitziber Ruiz de Arkautek azaldu Elhuyar aldizkarian material aktibo horiek egonkor mantentzea lortu dutela bateriaren funtzionamenduan, eta, ondoren degradatu egiten direnez baldintza azidoetan, birziklagarriak izan daitezkeela. Bateria hauek, bateria berde eta jasangarriak lortzeko lehen pausoa izan daitezke. Xehetasunak “Bateria organikoak diseinatu dituzte, metalik gabekoak” artikuluan.

Geologia

Maiatzean izaten da Geolodia, zapaltzen ditugun lekuak “begi geologikoekin” behatzea helburu duen egitasmoa. Araban, esaterako, Alearen bidez jakin dugu aurten Gasteizko akuiferoak izan dituztela begi-bistan eta bertako urtegi ikusezina erakutsi dutela. Geologoen azalpenei esker, parte-hartzaileek ezagutu dute Gasteizko akuiferoa belaki baten antzekoa dela eta ura euritik eta inguruan dituen ibaietatik jasotzen duen arren gehienbat hareez eta legarrez osatuta dagoela.

Astrofisika

Perseverance ibilgailua Marteko txoko ezkutuak arakatzen dihardu eta UPV/EHUko ikertzaileek haren nondik norakoak jarraitzeko operazio zentro bat dute Martina Casiano zentro teknologikoan. Bertan, Marteko misioaren jarraipena egiteaz gain misioaren hurrengo pausuak zehazten dituzte ere. Perseverancek bidaltzen dituen argazkiak argazkiak aztertu ondoren, ikertzaileek erabakitzen dute hurrengo egunean zein puntutan egin behar diren neurketak. Beraz, Lurretik Martera aginduak bidaltzen dira. Datu guztiak Jakes Goikoetxearen eskutik, Berrian: Marte iritsi da Euskal Herrira.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude