Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Osasuna
Ainize Odriozola ugalketaren biologian espezializatua dago eta egun gizonezkoen antzutasun arazoak ikertzen ditu helburu jakin batekin: baliabide terapeutikoak izan daitezkeen erremintak sortzea. Hori da bere doktorego-tesiaren oinarria eta Unibertsitatea.net atarian elkarrizketatu dute eskuartean duen ikerlerroa ezagutzeko: “Espermatozoideetan akats kromosomikoak dituzten gizonezkoentzako lehen baliabide terapeutikoa sortu nahi dugu“.
Mikrobiologia
Gizakiari transmititu dakizkiokeen beste animalien (eta batez ere ornodunen) gaitzei deitzen zaie zoonosia. Zientzialariek ohartarazi gintuzten egun bizi dugun pandemia bat bezalakoa etor zitekeela. Kontua da, bizi izan dugun guztiak prestatu gaitu beste pandemia bati hobeto aurre egiteko? Juanma Gallego kazetariak Guillermo Quindós mikrobiologoarekin eta Neikerreko Marta Barral ikertzaileekin aztertu du gaia. Besteak beste, adituek uste dute baliabide gehiago eskuratu ditugula etor litekeen izurriteari aurre egiteko, adibidez, sekuentziazio masiborako tresna berriek abantaila nabarmena ematen dutelako patogenoei buruzko ezagutzan. Hala ere, ezinbestekoa da bidean egon daitezkeenei adi egotea.
Biologia
Inurri esklabistak gizarte-parasitoak dira, eta lotura estua duten inurri-espezieen lan-indarra ustiatzen dute esklabo bilakatuz, esaterako, kumeen hazkuntzarako eta elikagaiak zaintzeko. Normalean inurriek larba edo pupa forma dutenean harrapatzen dituzte esklabistak haien koloniara eramateko. Behin inurri langileak bilakatzen direnean, haien jabeentzat lanean hasten dira. Juan Ignacio Pérez biologoak kontatu digu istorio harrigarri hau: inurriak esklabo bilatzen dituzten inurriak.
Paleontologia
UPV/EHUko Ornodunen Paleontologiako ikertaldeak orain dela 37 milioi urte bizi ziren ugaztun paleoteridoen espezie berri bi deskribatu ditu, hau da, bi sasizaldi-espezie berri: Leptolophus cuestai eta Leptolophus franzeni. Biak Arabako paisaia subtropikalean kokatzen dira eta Eozeno berantiarrean bizi zirela zehaztu dut ikertzaileek. Aitziber Agirrek Elhuyar aldizkarian jaso ditu datu guztiak: duela 37 milioi urteko bi sasizaldi-espezie berri aurkitu dituzte Araban.
Ekologia
Kontrol biologikoa esaten diogu uztetan kalteak eragiten dituzten izurriteak kontrolatzeko etsai naturalak askatzeari. Nekazaritzan erabiltzen den estrategia hau, esaterako, lorezaintzan ere usu ikusten da. Berrian Enekoitz Telleriak azaltzen du Hernaniko Udalak mantangorrien larbak jarri dituela hainbat zuhaitzetan zorriei aurre egiteko. Kazetariak adituekin hitz egin du eta gako bat nabarmentzen dute hauek, biodibertsitatea mantentzea oinarrizkoa da. Izan ere, geroz eta biodibertsitate handiagoa, izurriak hobeto kontrolatzen dira. Datu guztiak intsektuak intsektuen kontra artikuluan.
Antonio Turiel Fisika Teorikoan doktorea da eta Bartzelonan dagoen CSICeko Itsas Zientzien ikertzailea. “Petrocalipsis” liburua argitaratu berri du, non petrolioaren ekoizpenaren gailurra gainditu ondoren, produkzioaren gainbeherak eragindako krisi sistemikoa aztertzen du. Iñaki Petxarromanek elkarrizketatu du Berrian eta Turielen esanetan energia krisiari aurre egiteko “Energia tokian tokian aprobetxatzeko sistemak antolatzea da alternatiba, modu eraginkorrago batez, material eta inpaktu gutxiagorekin. Elikadura industria eta banaketa sistema aldatzea, tokiko ekoizpena eta kontsumoa indartuz.”
Matematika
Erabaki indibidualak, esaterako, zer produktu erosi edo arrisku-portaera bat hartu ala ez, sarritan beste pertsona batzuen erabaki, jokabide edo egoeren araberakoak izaten dira. Baina jendeak oso gutxitan izaten du besteen egoerei buruzko ezagutza osoa, baizik eta haien gizarte-harremaneni buruzko pertzepzioak ditu abiapuntu gisa. Horregatik, sare batean oro har arraroa den egoera bat gainbaloratua egon daiteke. Efektu horri “gehiengoaren ilusioa” deitzen diogu, eta egoera horren prebalentzia sistematikoki gehiegi estimatzera eramaten ditu norbanakoak. Josu Doncel matematikariak azaltzen du Zientzia Kaieran: Gehiengoaren ameskeria.
Astrofisika
Lehenengo aldiz, bi zulo beltzen eta bi neutroi-izarren arteko fusioa detektatu dute zientzialariek. Gertaera 900 milioi argi-urte inguruko distantzian dauden bi galaxiatan gertatu zen, bi zulo beltzek bi neutroi-izar irentsi zituzten, eta prozesuan grabitazio-uhinak sortu zituzten. Talkak hain bortitzak eta masiboak izan ziren, ezen, distantzia horretan ere, ikertzaileek detektatu ahal izan zituztela sortutako grabitazio-uhinak. Aitziber Agirrek azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Zulo beltz batek bere orbita-sistemako neutroi-izarra irentsi duela detektatu dute.
Egileaz:
Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.