Listu-Guruinaren Enbriogenesia eta Seinalizazio-Bideak

Argitalpenak · Dibulgazioa

Badakizue aho barneko listua ekoizteko organo bat daukagula? Listu-guruina egitura epitelial bat da, oso adarkatuta garatzen dena eta listua ekoizteko eta jariatzeko diseinatuta dagoena.

Listua hitz egiteko, dastamenerako, murtxikapenerako, irensketarako eta digeritzeko ezinbestekoa da. Gizakietan, hiru listu-guruin nagusi daude eta milaka listu guruin txiki aho barrunbetik sakabanaturik, guztiak kanporantz konektaturik daude jariapen-hodien bitartez. Listu-guruin bakoitza azino- eta jariapen-hodiz osaturik dago. Azinoak serosoak edo mukosoak izan daitezke, jariakinaren arabera (urtsua edo likatsua den, hurrenez hurren). Muki-zelulek muzinak jariatzen dute, karbohidrato kateak dituzten glikoproteina luzeak. Azino serosoetako zelulek proteinak jariatzen dituzte (adibidez, amilasa). Jariapena erregulatzeko azinoen uzkurketa nerbio-sistema sinpatikoaren eta parasinpatikoaren estimuluen menpe dago.

listu-guruina
Irudia: Gizakietan, hiru listu-guruin nagusi daude eta milaka listu guruin txiki aho barrunbetik sakabanaturik: saguetan aldiz, barailapeko listu-guruinaren enbrioi-garapeneko garai ezberdinetan banatzen da.

Saguaren barailapeko listu-guruinaren enbrioi-garapeneko garai ezberdinetan banatzen da. Listu-guruinaren garapenaren hasiera, ektodermoko zelula epitelialen proliferazio eta adarkatze koordinatu batekin hasten da. Biribil-itxurako epitelioa, kimu deiturikoa, hazi egiten da inguratzen duen mesenkima bultzatuz doan heinean. Aldi berean, zelulak mugitzen, hiltzen eta elkarrekin erlazionatzen dira. Epitelioko zelulak mesenkimako zelulekin, neuronekin eta endotelioko zelulekin harremanetan jartzen dira. Ondoren desberdintzapena gertatzen da, eta zelula mota ezberdinak sortzen dira.

Garapena gidatzen duten seinale molekularrek duten potentziala aztertzea beharrezkoa da ere. Seinalizazio-bideen artean, fibroblastoen hazkuntza-faktoreak barneratzen dituen seinalizazioa bide ikertuenetakoa da, zelula barneko eragile molekularren aktibitatea pizten duena, adibidez oso ohikoak diren, Ras bidea, Src tirosina-kinasen familia, PI3K/AKT, PLC-γ/PKC eta STAT3 bidea. Sonic Hedgehog beste seinalizazio-bide garrantzitsu bat da. Seinalizazio-bidearen molekulak zelulen biziraupenean, proliferazioan, desberdintzapenean eta enbrioi-patroien sorreran parte hartzen du. Notch seinalizazio-bidearen funtzio nagusia zelulen zoria kontrolatzea dela iradoki da. Notch bitartez egindako zelulen arteko komunikazioa aldameneko zelulen hartzaile eta lotugaien arteko adierazpenen arabera gertatzen da, eta gure emaitzak diotenez ezinbestekoa da saguen barailako listu-guruinaren enbrioi garapenerako. Wnt bide kanonikoa listu-guruinaren garapenarekin eta birsorkuntzarekin erlazionatu da, izan ere, listu-guruinaren mesenkiman adieraziz adarkatze morfogenesian parte hartzen du. Azkenik ektodisplasina listu-guruinaren morfogenesirako ezinbestekoa dela ikusi da. Eta seinalizazio-bidetaz gain, zelulaz kanpoko matrizeak eta neuronen inerbazioa funtzio garrantzitsua dute listu-guruinaren garapenean.

Maiz zenbait gaitzen, gaixotasunen edo buruko eta lepoko minbizien kontrako erradioterapiek listu-guruinaren funtzioa kaltetzen dute. Asaldura horiek xerostomia («aho lehorraren sindromea») izeneko disfuntzioa eragiten dute, pazienteentzat deserosoa dena eta haien bizi-kalitatean eragin negatiboa duena. Beraz, listu-guruinen garapena ezagutzea behar-beharrezkoa da birsorkuntzarako estrategiak diseinatzeko, eta horrek interes handia pizten du. Horretarako, beharrezkoa da listu-guruinaren zelula amen biologia ezagutzea, inerbazioa eta listu-guruinaren morfogenesia zuzentzen dituzten seinalizazio-bideak sakonki ikertzea.

Iturria

Garcia-Gallastegi, Patricia; Crende Arruabarrena, Olatz (2020). «Listu-guruinaren enbriogenesia eta seinalizazio-bideak»; Ekaia, 36, 2020, 163-174. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20733)

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 36
  • Artikuluaren izena: Listu-guruinaren enbriogenesia eta seinalizazio-bideak.
  • Laburpena: Ugaztunen listu-guruina egitura epitelial bat da, oso adarkatuta garatzen dena eta listua ekoizteko eta jariatzeko diseinatuta dagoena. Gizakietan hiru listu-guruin nagusi daude. Hala ere, barailapeko listu-guruina da aztertuena. Berrikuspen honetan, saguaren barailapeko listu-guruinaren enbrioi-garapeneko garaiak azaltzen dira. Aldi berean, garapeneko prozesu honek gidatzen dituen oinarrizko seinalizazio-bideak eta mekanismoak laburbiltzen dira: FGF, Shh, Notch, Wnt, Eda, ECMak eta nerbio-sistema. Garapenean zehar agertzen diren mekanismoak hobeto ulertzea funtsezkoa da kaltetutako guruinaren birsorkuntza-terapia eraginkorrak diseinatzeko.
  • Egileak: Patricia Garcia-Gallastegi, Olatz Crende Arruabarrena
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 163-174
  • DOI: 10.1387/ekaia.20733

Egileez

Patricia Garcia-Gallastegi UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Zelulen Biologia eta Histologia Sailekoa da.

Olatz Crende Arruabarrena UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Zelulen Biologia eta Histologia Sailekoa da.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Ekaia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.