Animaliak txikiagotzen ari dira

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Saguak, baleak, hegaztiak eta arrabioak, denek beren gorputz-tamaina txikitu dute azken urteetan eta ikertzaileek ez dakite zergatik.

Doñanako Parke Nazionaleko basasaguek (Apodemus sylvaticus) duela 40 urte pisatzen zutenaren herena pisatzen dute gaur egun. Finlandiako izokinak ere (Salmo salar) txikiagoak dira, eta gertuen sentitzen dugun kasua agian euskal balearena da (Eubalaena glacialis), 80. hamarkadatik metro bat baino gehiago txikitu baitu bere gorputz adierazgarria. Zer ari da gertatzen animalia erreinuan? Zein edo zer da prozesu honen erantzule?

Galdera hauei erantzuna ematen saiatu zen Science aldizkarian argitaratutako artikulu bat. Bertan, Pleistozeno amaieratik (duela 125 000 urte) 200 urte etorkizunera arteko denbora tartean ugaztunetan ikusi den gorputz-tamainaren murrizpena ikertu zuten. Izan ere, zeinek ez ditu ezagutzen mamutak, errinozero iletsua edo Smilodon laban-hortz tigrea? Ugaztun hauek megafauna deritzon taldean sartzen dira, hau da, animalia “erraldoi” edo “oso handien” taldean. Alabaina, zerrendaturiko espezie erraldoi horiek eta beste hainbat, antzina Lurraren parte handi batean zabaltzen baziren ere, jada iraungi egin dira, Afrikar kontinenteko espezie urri batzuk kenduta.

Ikerketa honetan, ordea, aldiberekotasun interesgarri bat topatu zuten erregistro fosilean megafaunaren desagerpenarekin batera: hominidoen hedapen globala, hain zuzen. Hainbat hominido (Neanderthalak, Denisovarrak eta gizaki arkaiko nahiz modernoak) Lurreko ekosistemen parte izan dira Pleistozeno amaieratik. Paleolitoan zehar hominido hauek taldeetan antolatutako ehiztariak ziren, erremintak egiten zituzten eta baita sua ere. Talde hauen ehiza selektiboa zen eta gehienbat gorputz-tamaina handiko ugaztun belarjaleak zituzten ehizaren jomuga. Beraz, onartu daiteke hominidoen hedapen bizkorrak eraginik izango zuela inguruko ugaztunen biodibertsitatean. Gaur egun, bistakoa da eragin hori.

txikiagotzen
Irudia: Doñanako basasaguek duela 40 urte 30 gramo pisatzen zuten batez beste; gaur egun ez dira ia 20 gramora iristen. Azalpen posible bat klima-aldaketarekin du zerikusia. (Argazkia: Hans Hillewaert – Domeinu publikoan. Iturria: Wikimedia)

Hala ere, bada beste fenomeno bat animalia espezie batzuen populazioetan ikusi dena. Orain arte asko ikertu da espezieak iraungitzeko dagoen arriskua emendatzeaz, populazioen murrizpenaz eta espezie jakin batzuen geroz eta ale gutxiago egotearen arazoaz. Orain, haatik, espezie batzuetan prozesu berezi bat ikusi da: geroz eta gehiago dira baina gorputz-tamaina txikiagokoak.

Doñanako basasaguen kasua fenomeno hau erakusten duen kasu oso muturrekoa da. Ugaztun txiki honen populazioko aleak duela 40 urte 30 gramo pisatzen zuten batez beste; gaur egun ez dira ia 20 gramora iristen. Miguel Delibes de Castro, Doñanako Estazio Biologikoko ikertzaileak, zenbait azalpen posible ematen dizkio prozesu bitxi zein kezkagarri honi. Lehena klima- aldaketa da eta tenperaturarekin du zerikusia. Biologiako Bergmann legeak hitzartzen duenez, espezie bereko bi populazio izanik, bata eremu hotzagoetan bizi dena eta bestea epelagoetan, beren kidekoak baino txikiagoak izateko joera azalduko dute eremu epeletan bizi diren populazioek. Doñana, inguruko eremu guztia bezala, epeldu egin da azken hamarkadetan eta basasaguek beren bizimodurako tamaina optimoa murriztu dute, ingurunera moldatzeko estrategia gisa.

Aipatzeko moduko beste adibide bat da izokinen kasua. Craig Primmer-ek, Helsinkiko Unibertsitateko biologoak, urteak daramatza arrain espezie honen aldaketa genetikoen norakoak aztertzen. Zehazki, vgll3 genean erreparatu du, izokinak berriro errekara itzultzen diren adinarekin erlazionaturiko genea, baita heltze prozesuarekin ere. Izan ere, arrainetan heltzeak zehazten du, gehienbat, lor dezaketen tamaina maximoa. Bitxikeria gisa, gizakiongan pubertaroarekin erlazionatzen da gene hau. Gauzak honela, Primmer ikertzaileak izokinen bi populazio ezberdin ikertu ditu, arrautzak errun eta hil aurretik bi ibai banatara migratzen dutenak. Inarojoki ibaiko aleek ez dute aldaketa esanguratsurik erakutsi azken 40 urteetan, baina bigarren taldeak, Tenojoki ibaiko populazioak, bere pisu erdia galdu du arren kasuan eta pisuaren %10 emeen kasuan. Ezberdintasun hauek ikusirik, aipaturiko vgll3 genean jarri zuen arreta Primmerrek eta bigarren taldeko aleetan gene honen maiztasuna %18 murriztu zela ikusi ahal izan zuen. Biologoak bi azalpen posible eman ditu emaitza hauen aurrean. Bata, migratzeko orduan izokin handiek bizirauteko arazo gehiago izan ditzaketela ale txikiagoekin alderatuta. Bestea, nola ez, gizakiaren esku hartzearekin erlazionatua da, arrantzaleek selektiboki indibiduo handiagoak harrapatzen baitituzte. Bi kasuetan, izokinen moldaera baten aurrean egongo ginateke (ugalketa aurrera eraman eta bizirauteko probabilitatea handitzea da helburua) eta txikiagoa izatea abantailatsua suertatzen zaie.

Ikusi denez, kausa anitzek emaitza berera eraman dute: animalia espezie asko txikitzen ari dira. Kausak anitz dira, baina bakarra dago oinarrian: gizakia bera eta, zehazki, gizakiak eragindako klima-aldaketa. Jakina da gizakiak ekosistemetan eragina duela, baita espezie jakin batzuen ugaritasunean (animalia etxekotuak) eta beste batzuen urritasunean (iraungitzeko arriskuan dauden hainbat espezie). Hala ere, orain arte espero ez zen beste eragin bat ere sortu dugu: animalia batzuen gorputz-tamainaren aldaketa; ondorioz, etorkizunean ugaztun gehienek gaur egungoek baino gorputz-tamaina txikiagokoa izango dutela espero da.

Iturriak:

Erreferentzia bibliografikoak:

Smith, F.A., Elliott Smith, R.E., Lyons S.K., eta Payne, J.L. (2018). Body size downgrading over the late Quaternary. Science, 360(6386), 310-313. DOI: 10.1126/science.aao5987

D’Ambrosia, A.R., Clyde, H.C., Fricke, H.C., Gingerich, P.D. eta Abels, H.A. (2017). Repetitive mammalian dwarfing during ancient greenhouse warming events. Science Advances, 3(3), e1601430. DOI: 10.1126/sciadv.1601430

Baker, J., Meade, A., Pagel, M., eta Venditti, C. (2015). Adaptive evolution toward larger size in mammals. Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America. 112(16), 5093–5098. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.1419823112

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.