Gure planeta eta haren erraiak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Jules Vernek, 1864an, Lurraren bihotzeraino eleberria argitaratu zuen. Gure planeta gruyère gazta moduko bat bezala irudikatzen zuen, eta, bertan, barnealde hutsera eramaten gintuzten pasadizoak zeuden. Hala ere, eta azterketa geologikoen tekniketan egindako aurrerapenei esker, gaur egun badakigu ideia zoragarri hori ez zela oso egokia.

Lurra esfera ia perfektu gisa irudikatu ohi dugun arren, berez, egiten duen errotazioaren ondorioz, poloetan partzialki zapalduta dagoen biraketa elipsoide baten antz handiagoa du; beraz, 12.756 km-ko diametroa du gehienez, eta 12.714 km-koa gutxienez, eta 6.370 km-ko batez besteko erradioa. Eta barne egiturari dagokionez –horixe da gaur hizpide dugun gaia–, gure planeta tipula bat bezala defini genezake, bata bestearen gainean gainjarrita dauden hainbat geruza zentrokidek osatzen baitute. Baina geruza horietako bakoitza izendatzeko eta deskribatzeko orduan, bi banaketa desberdin ditugu, materialen zein propietate fisikori erreferentzia egin nahi diogun.

planeta
Irudia: Lurraren barne banaketak, materialen konposizio kimikoaren eta propietate fisikoen arabera. (Egileak: Tarbuck, E.J., Lutgens, F.K. eta Tasa, D.G. (2009). Earth Science, 12. Edizioa. Argitaletxea: Pearson Prentice Hall, Estatu Batuak. Fair use.)

Gure planetaren lehen barne banaketak berau osatzen duten materialen konposizio kimikoari erantzuten dio, eta horrek zerikusi zuzena du elementu kimikoen dentsitatearekin. Gure planeta eratzen hasten ari zela, dentsitate handiko elementuak, hau da, pisutsuenak, Lurraren barnealdean geratu ziren, eta dentsitate txikiagokoak eta, beraz, arinagoak zirenak, kanpoaldera joan ziren. Horregatik, konposizio kimiko desberdinak ditugu sakonera handitu ahala. Hori horrela, hiru geruza handi defini ditzakegu gure planetan:

  • Lurrazala, Lurreko geruzarik kanpokoena edo azalekoena da, eta batez ere aluminio eta magnesio silikatoz osatuta dago. Bitan bana dezakegu; batetik, lurrazal ozeanikoa, ozeanoetako ur zutabearen azpitik dagoena eta 7 eta 12 km arteko lodiera duena, eta, bestetik, lurrazal kontinentala, 30 km inguruko batez besteko lodiera duena, nahiz eta mendikate handien azpitik (Himalaia, esaterako) 70 km-ko sakoneraraino iristen den. Lurrazalaren beheko mugari –7 eta 70 km bitarteko sakonera– Mohorovičić-en etendura deitzen zaio, edo, geologian modu maitekorrean ezagutzen dugun bezala, “Mohoa”.
  • Lurrazalaren azpi-azpitik, 2.900 km-ko sakonerara arte, mantua dago. Mantua burdina eta magnesio silikatoz osatuta dago gehienbat. Hemen ere bi zati bereiz ditzakegu: goiko mantua eta beheko mantua. Horren muga 660 km-ko sakoneran dago, eta Repettiren etendura bezala ezagutzen da.
  • Azkenik, burdinaz eta nikelez osatutako nukleoa dugu, eta Gutenbergen etendurak bereizten du mantutik. Nukleoa ere bi azpigeruzatan banatzen da: kanpoko nukleoa eta barneko nukleoa. Horren muga 5.150 km inguruko sakoneran agertzen da, Lehmannen etenduran.

Gure planetaren barne egituran egiten dugun beste banaketa bat dator berau osatzen duten materialen propietate mekanikoekin. Kasu honetan, presioa eta tenperatura dira kontuan hartzen diren parametro fisiko nagusiak. Lurraren barrualderantz zenbat eta sakonago joan, presioa eta tenperatura gero eta altuagoak dira, eta, beraz, bi parametro fisiko horien ekintza konbinatuak aldaketa eragiten du aurkitzen goazen materialen portaera mekanikoan. Hori horrela, gure planeta lau geruzatan bana daiteke:

  • Litosfera, kanpoko geruza solido eta zurruna, lurrazal osoa eta goiko mantuaren zati bat hartzen dituena. Litosfera ozeanikoan eta litosfera kontinentalean ere banatzen da; beraz, 70 eta 150 km arteko lodiera du.
  • Jarraian, astenosfera dugu, goiko mantuaren gainerakoa hartzen duen erdisolido plastiko eta likatsua.
  • Azpian mesosfera dago; astenosfera baino zertxobait solidoagoa da, baina bere materialek portaera plastikoa dute. Beheko mantuarekin bat dator.
  • Eta azkenik, endosfera dugu. Bertan, kanpoko nukleoa –likidoa– eta barneko nukleoa –solidoa– bereiz ditzakegu.

Horrela, nomenklatura bat edo beste bat erabiliko dugu Lurraren barne geruzetarako, materialen zer propietateri erreferentzia egin nahi diogun. Konposizio kimikoari erreparatuta, “lurrazala”, “mantua” eta “nukleoa” terminoak erabiliko ditugu gure planeta banatzeko. Hala ere, portaera mekanikoari erreparatu nahi badugu, “litosfera”, “astenosfera”, “mesosfera” eta “endosfera” kontzeptuak erabiliko ditugu. Are gehiago, bi banaketak nahasi eta termino konposatuak erabil ditzakegu –esaterako, “mantu astenosferiko”– materialen konposizioari eta propietate mekanikoei, biei, erreferentzia egin nahi badiegu. Baina gogoratu hitz horiek ez direla ez sinonimoak, ez trukagarriak, eta, beraz, ez dela gauza bera lurrazalaz hitz egitea eta litosferaz hitz egitea.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

1 iruzkina

  • […] Blanca Martinez geologoak gure planetako geologiari buruzko irakurketa egitera gonbidatzen gaitu Zientzia Kaieran. Jules Vernek gruyère gazta baten modura irudikatu bazuen ere, Lurraren barnealdea egitura askoz ere konplexuagoa da, material eta ehundura ugariz josia. Hasteko, Blancak azaltzen duenez, ez […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.